Maddi Txintxurreta Agirregabiria

AUZO BERO BAT SABELARI

2020ko azarotik, gauero-gauero Donostiako boluntario talde batek afaria banatzen die kale egoeran dauden pertsonei. Instituzioen laguntzarik gabe, haiek antolatzen dute dena, beraiek kozinatzen eta beren poltsikoetatik ordaintzen. Hiru boluntario hasi ziren, bost gazte laguntzen. Ramadan garaiko astearte honetan 27 lagun agertu dira afari beroaren bila.

Asteartea da, baina berdin du zer egun den. Donostian antolatu den herritar taldeak egunero-egunero atera baitu lapiko epela Konstituzio plazako arkupeetara azarotik hona, kale egin gabe, eta egun honetan ez da bestela izan.

Azaroan hasi zen Donostiako hiruko talde bat kalean lo egiten zuten zenbait laguni afari beroa ematen. Txikitik hasi zenak, baina, egituraketa eta boluntario sare sendoago baten beharra eskatu zuen laster, uste baino behar larriago bati erantzuten ari diren seinale, horrek dakarren lan eta buruhauste guztiekin.

Apirilaren hondarreko astearte honetan ez du neguan adinako hotzik egiten, baina sabelari epelak ondo egiten dio orain ere. Areago, ramadan garaia izanik, egun osoa jan gabe iraun ostean, otordu bakarraren zain.

20.30erako Angelinesen Alde Zaharreko dendatik hartutako mahaiaren gainean prest dira lapiko bete harira zopa, ramadan garaiko ohiko platera, beste lapiko batean kuskusa barazkiekin, arrautza egosiak, edariak, datilak eta ogia. Zazpi boluntario elkartu dira gaurkoan, eta hasi da, apika-apika, banaka batzuk eta taldean beste batzuk, jendea afari bila hurbiltzen; kaixo, hola, salam aleikum.

Lehenengo iritsi diren bi pertsonak, dena den, ez dira erlijio musulmanaren fededunak. Plazara agertu den emakume bakarra ez dago kale egoeran, baina gauero hartzen du jana berarentzat eta gizonarentzat. Lasarte-Oriatik etorri da beste gizon bat, emaztearentzat eta bientzat afari bila. Beraiek izan dira plazako arkupeetan afaldu ez duten bakarrak.

Zazpi boluntarioak Angelinesen mahaian dena prestatzen ari direla, baina, heldu dira udaltzainak, Konstituzio plazan «hau egiteko» baimena duten galdetzera. «Sei hilabete ari gara honekin, gauero gaude hemen», erantzun die Rodriguezek. Eta ezetz, baimenik ez dutela, baina alkatea ere jakitun dela egiten duten lanaz. Taldeko ordezkaria edo bozeramailea nor den galdetu dute, identifikazioa eskatzeko, baina talde honetan ez dago halakorik. Herritarrak dira, boluntarioak. «Bale, bale», esan eta martxa egin dute.

Ez da udaltzainak etortzen diren lehen aldia. Paradoxikoa da, zeren, Donostiako Udalak eta gainerako instituzioek badute ekimenaren berri. Aste Santuen aurretik Udalak bilera batera deitu zituen Donostiako Harrera Sareko eta boluntarioen taldeko ordezkariak, tartean Agus Rodriguez, taldearen sortzaileetako bat. «Zur eta lur» utzi zituzten bileran entzundakoek. Udaleko ordezkariek «oso hitz politak» erabiliz zoriondu zituzten egiten ari ziren lanarengatik. «Zuek egiten dituzuen zenbait gauza guk ezin ditugu egin», esan zieten. Udalaren ekarpena, hortaz, «zertan lagundu zezakeen» galdetzea izan zen, Rodriguezek segurtatu duenez; eskain ditzakeen azpiegiturez edo dirulaguntzez hitzik ez.

«Badakigu udal aurrekontuetan lortu dela 150.000 euroko partida bat elikagaietan erabiltzeko, baina ez dute gauzatu. Orduan, guk esan genuen: ‘galdetzen diguzue epe motzera zertan lagundu dezakezuen’? Bada, zuei dagokizuen ardura hartzen. Dirua inbertitzea, lokal bat edo gehiago egokitzea Donostian, eta egokiena izango zen zerbitzu horiek migrazio egoeran dauden pertsonek kudeatzea», aldarrikatu du boluntarioak.

«Gu boluntario talde bat gara, hasi berri gaudena, baina Harrera Sarea eta SOS Arrazakeria aspalditik ari dira instituzioak interpelatzen. Lotsagarria da, adibidez, aterpetxeetan hotzaren alarmarena erabiltzea. Zeren hotzaren alarma pizten da soilik zero gradu azpitik. Badakite 200 pertsonatik gora dagoela kale egoeran eta soilik 26 plaza egokitu zituzten aterpetxean», salatu du.

27 menu

Udaltzainek alde egin dute eta boluntarioak hasi dira zopa eta kuskusa plastikozko ontzietan zerbitzatzen. Jada hamarreko talde bat bildu da arkupean eta apika-apika batu zaizkie mutil gehiago. 27 etorri dira azkenerako. 27 menu banatzeko.

Eta marra zuzenera doitzen den kaosa bezala, ilaran eta pazientziarekin itxaron diote guztiek afariari. Eskuzapiak, mahai tresnak, ogia, arrautza egosia, edalontzi bana ur, esne edo zuku nahi duenarentzat, sei datil bakoitzari, postrerako opil gozoa, harira zopa eta kuskusa barazkiekin; trukean, banan-banan, eskerrik asko jatekoa banatzen ari den boluntario bakoitzari, banatu duten jaki bakoitzeko. Batzuk berriak dira, baina beste askok ezagutzen dute erritua.

Bederatziak pasatu arte ez du ilundu, eta ramadanari zor, eguzkia ezkutatu den arte ez dute mokadurik ahoratu. 20.00etan tabernak itxi dituztenetik Alde Zaharra isildu da. Langile batzuk joan-etorrian eta gutxi gehiago. 21.15ean, egunak iluntzera egin duenean, beste isilune batean afaldu dute plazan joan diren 27 gazteek, arkupeetako lurrean edo eskaileretan eserita. Amaitzean, dena jaso eta eskerrak emanez joan dira. Astearte honetan, batzuek ez dute lotarako aterperik izango. Baina berdin du zein egun den.

Afari bero bat

2020ko azaroaren hasieran umil hasitako ekintza batetik iritsi da Donostiako boluntario taldea gauero hamarnaka pertsonari jaten ematera. Ez dira soilik Konstituzio plazan aritzen, Egia auzoan ere antolatu da beste talde bat eta, hara, gainera, lagun gehiago joaten da afari bila, 45 inguru.

Ekimena hasi zuten hiru lagunek ez zuten espero hilabete batzuen buruan halako azpiegitura baten beharra izango zutenik. «Gu Alde Zaharrean bizi gara eta plazatik pasatzen ginenean ikusten genuen bazirela pertsona batzuk bertan egunak eta gauak ematen zituztenak. Garai haietan Saharaz beherako jendea zen, nigeriarrak, Malikoak, Boli Kostakoak... era naturalean, nire bikoteak, beste lagun batek eta hirurok, esan genuen: ‘beraiengana hurbilduko gara?’ Gero jakin genuen han zeuden bost pertsonak Infernutik –Donostian hustutako etxe okupatua– zetozela, batzuk bi edo hiru urte eman zituzten Infernuan, eta kanporatu egin zituzten», esplikatu du Agus Rodriguezek.

Hala, bost gazteengana hurbildu ziren, kafea edo infusio beroak eskainiz, baina hauek esan zieten nahiago zutela afalorduan plater bero bat neguko gauak arintzeko.

Horrela hasi ziren eta laster konturatu kale egoeran eta bero afaltzeko aukerarik gabe daudenak bost baino gehiago direla Donostian. Azkar konturatu ere, Udalak kudeatutako aterpetxeek ez dutela eskaintzen denentzako adina tokirik.

Egiako boluntario taldea oraindik osatu gabe zegoenean 40 afari ematera iritsi ziren Alde Zaharrean. Aise zabaldu zen ahoz aho ekimena eta, horrez gain, instituzioek diruz laguntzen dituzten Caritas eta Gurutze Gorria GKE-ek hara bideratzen zituzten artatzen zituzten pertsonak, ez baitute afari zerbitzurik eskaintzen. «Otsailaren bukaera aldean ikusi genuen eskuetatik joaten ari zitzaigula», dio Rodriguezek.

Egun, Konstituzio plazan 30 afari inguru banatzen dituzte egunero, eta Egian 40tik gora. «Egia tren eta autobus geltokitik gertu dago, eta badago jendea Lasartetik, Tolosatik edo inguruko herrietatik etortzen dena», esan du donostiarrak.

Eskaintzen duten afari kopuruak, halabeharrez, boluntario asko eskatzen ditu, haiek arduratzen baitira elikagaiak erosteaz, bakoitzak bere etxean kozinatzeaz eta banatzeaz. Dena, gainera, beren dirutik ordaintzen dute. Ramadan garaia hasi zenetik, gainera, konplikatuagoa zaie dena antolatzea. Menua egokitu behar izan dute, eta ordutegia ere bai. Herrerako meskitatik ematen diete ohiko harira zopa, datilak Alde Zaharreko barazki denda batetik jasotzen dituzte, auzoko beste okindegi batetik sobratutako ogia eta gozoak hartzen dituzte. Gainontzekoak, erosi eta kozinatu egin behar dira, bakoitzak bere etxean.

Bitartean

Rodriguezek esan du «inplikazio maila handia duten» 16 boluntario direla, nahiz eta tarteka laguntzen duten lagunekin 50 inguru diren. Sare «anitza» osatzen dute, boluntarioak esan duenez. Konstituzio plazan aritzen direnen artean gehienak Alde Zaharreko bizilagunak dira eta askok ez zuten elkar ezagutzen ekimen honetara batu zirenera arte.

Afari bila joaten diren gehienak «magrebtarrak, gizonak eta gazteak» dira, baliabide materialik gabekoak. Rodriguezek kontatu du hasieran etortzen ziren 6-7 lagunak «finkoak» zirela eta aukera izan zutela elkarren artean harreman estuago bat sortzeko. «Orain lau-bosten izenak dakizkit», dio. Hori du kalterako, bere ustez, sarea horrenbeste handitzeak. «Alde batetik, jende gehiagori ematen diogu afaltzen, baina, bestetik, gertutasuna galdu dugu. Guk beti pentsatu dugu janaria bezain inportantea dela harremana eta orain ez daukagu aukerarik. Ia-ia catering zerbitzu bat gara, eta pena puntu bat ematen du», agertu du.

Dena den, astearte honetan ere 27 pertsonak afaltzeko aukera izan dute. Antolatzaileak plazako arkupeetan geratu dira, baxera eta gainontzekoak jasotzen. Instituzioek kargu hartzea nahi dute, boluntario talde baten beharrik ez egotea. Baina, bitartean, elkartasun erakustaldiarekin segitzeko asmoa daukate: «Nori tokatzen zaio kozinatzea bihar?»