Isidro Esnaola

Europar Batasunak hondamendira garamatza

Gure gizartean zenbakiak miresten dira. Edozein argudio zenbaki sorta batekin hornituta badoa, onartua izaten da bestelako azterketarik egin gabe. Testuan zenbakiak badaude, egia izango da. Baina zenbakiek jasotzen duten kopuruei ez zaie kasu berezirik egiten. Ez da soilik ez direla inkongruentziak ikusten. Jendeak, orokorrean, ez du datu horiek islatzen duten tamaina irudikatzen. Eta tamaina irudikatzeko erkaketak egiterik besterik ez dago.

Europar Batasuneko Next Generation programa goraipatu da leku guztietan, politika ekonomikoa beste dimentsio batera pasatuko balitz bezala. Baina pixka bat arakatuz gero, programa horren funtsa aurreko politiken jarraipena da. Hori oso argi ikusten da AEBek onartu berri duten pizgarri programarekin alderatuz gero. 2019an, AEBetako barne produktu gordina 19,14 bilioi eurokoa izan zen; 2020an, pandemiaren ondorioz, BPGa 18,33 bilioi eurokoa izan zen. Aldea 815.000 milioi eurokoa da. Joe Bidenek bultzatu duen pizgarri programa eta Kongresuak martxoan onartu zuena 1,9 bilioikoa izan zen, hau da, pizgarri programa pasa den urtean sortutako zuloa baino 2,3 aldiz handiagoa da. Estatubatuarrak ez dira txantxekin ibili, Txina hurbil dabil eta hala edo nola ekonomia ahalik eta azkarren altxatu beharra dago.

Europar Batasuneko zenbakiak hauexek dira. 2019. urtean BPGa 13,92 bilioi eurokoa izan zen eta 2020. urtean 13,3 bilioikoa. Beraz, pasa den urtean BPGa 619.000 milioi euro txikiagoa izan zen pandemiaren ondorioz. Bueltaka dabilen Next Generation pizgarri programa famatuaren esleipena 750.000 milioikoa da, hau da, pasa den urtean galdu zen baino %20 gehiago. AEBetan iazko zuloa baino 2,3 aldiz handiagoa da pizgarri programa eta EBn 1,2 handiagoa. Europako zenbakiak nahiko zekenak dira. Gainera, baliabide horiek ez dira itzuli beharrik gabeak. 312.000 milioi ez dituzte bueltatuko estatuek, baina beste erdia, 360.000, maileguak dira. A zer pagotxa!

EBren barruan estatuek antzeko proportzioetan jasoko dituzte programaren baliabideak. Esate baterako, Estatu espainolera 140.000 milioi iritsiko dira eta pasa den urteko BPGaren galera 123.000 milioikoa da, hau da, galdutakoa gehi eskupeko bat jasoko du Madrilek. Eta kontuan hartu gabe, Brusela «erreformak» egitea eskatzen ari dela, besteak beste, erretreta erreforma, pentsioak oraindik eta gehiago gutxitzeko.

Orain arteko gastua ere horrelakoa izan da. 980.000 milioi gastatu dituzte AEBek, gehienbat familientzako zuzeneko laguntzetan eta Gobernuaren gastuetan eta inbertsioetan 780.000 (%80). EBn, aldiz 670.000 milioi gastatu dira. Horietatik zuzeneko laguntzetan eta Gobernuaren gastu eta inbertsio gehigarrietan 420.000 (%62). Zekenkeriekin zaila da egoerari bidezko erantzun bat ematea. Jada hori nabaria da aurtengo zifretan. Urteko lehenengo hiruhilekoan AEBetako ekonomia, asko ez bada ere, %1,6 hazi da eta EBkoak, aldiz, behera egin du (-%0,5). Horrela zaila da zulotik ateratzea.

Asko hitz egin da Next Generation programaren zentzuaren inguruan. Denbora pasatu ahala gero eta garbiagoa gelditzen ari da Bruselan ez dela deus ere aldatu. Pandemiaren egoerara egokitu dira, anbiziorik gabe eta ahalik eta azkarren betiko tokira itzultzeko asmoarekin. Europar Batasuna zama gero eta astunagoa bihurtzen ari da herritarren bizi baldintzak hobetzeko. •