Xabier Mikel Errekondo

Normalizatu… artalde bihurtu arte

Errepikatzearen poderioz dizkigute iltzatzen garunean beren nahieran beren nahiak, edozer direlarik, ez lotsarik ez eskrupulurik barik, panpina gorrotagarria bihurtzeraino medio publiko nagusia, EiTB.

Lehendakariaren, Barne sailburuaren edo Osasun sailburuaren ahotik: «Hau horrela da eta badakizu, nik horrela diodalako, zer egin behar duzun eta, beraz, zurea da ardura». Errepikatzearen poderioz normalizatu digute mezua: etxean geratu, distantzia mantendu, musukoa jarri, berdea-horia-laranja-gorria zara, ibili argi!

Argi dago birusak kalte ugari eta anitzak eragiten dituela, baina herritarrak irainduz eta mehatxatuz (zeresanik ez gaztaro mingotsa bizi dutenak), egurra emanaz giroa berotu eta erreaz, nago Jaurlaritzak propio duela kea sortzen kudeaketa negargarria ezkutatzeko. Politikaren jokaldia da bere mezua aukera bakartzat azaltzea eta eztabaidarako tarterik ez ematea. Horrela, Jaurlaritzatik justifikatzen ditu egindakoak eta egin gabekoak. Horretarako du mezua etengabe errepikatzen normalizatu arte gu konturatu ere egin gabe, eta bide batez mesfidantzak alboratu.

Jaurlaritzak ez daki herritarrak aintzat hartzen. Hauteskunde programan jasoa dagoenari erreferendum kategoria ematen dio, eta kitto. Bada, guztiok bagara izurrite arazoaren parte eta soluzioan guztion ahalegina bada beharrezko, behingoz aintzat har beza jendartea heziketatik, laga azotea eta heldu arbelari. Ze, azken asteetan hedabideetan mezu autoritarioa aurpegi atseginez maskaratzen saiatu arren, oker doa artalde bihurtzeko enpeinu egoskorrarekin.

Hortik harat ausartzen dena kriminalizatua, herritar salatarien jopuntuan eta poliziak kolpatua izango da. •