Maider Iantzi Goienetxe

Zuhaitzen eraztunetan nola

Zuhaitz-enborraren ebakiduran agertzen diren eraztunetan nola, hala ezagutzen da adina eta historia gure azalean. Eraztun horiek dituzten arbolek beren bizitza idatzita daramatela erran daiteke eta dendrokronologia izena du marka horiek historiako liburuen antzera irakurtzen dituen zientziak. Baina beti bezala, natura harago doa, ezin dugu harrapatu, eta badira, eraztunik ez dutelako, zientzia honen ikerketa-eremutik kanpo gelditzen diren zuhaitzak. Pertsonokin igualtsu pasatzen da. Halere, orokorrean, adinarekin guritasuna galdu eta esperientzia irabazten da.

Orduak zenbatuz hasten gara, egunak gero, “hilabetebetetzeak” ospatzen ditugu lehenengo urtebetetzera ailegatzeko gogoz. Ziztu bizian hasten da gure garapena: zentzumen guztiekin jaten dugu bizitza. Hasiera horretan, ez dugu perspektibarik eta dena da “orain”. Ez dakigu zer den esperoan egotea, eta iragana, oroitzeko, konparatzeko, ikasteko balio diguna egunez egun eraikitzen goaz. Bitxia da urteekin nola aldatzen zaigun denboraren nozioa. Horregatik ere interesgarria iruditzen zait adin ezberdinen nahasketa, elkarrengandik zer ikasi aunitz dugulako.

Nire eraztunek zer erakutsi didaten? Oraindik pila bat dut irakurtzeko, baina oraintxe bertan, bi ikasgai azpimarratuko nituzke: ez utzi denbora pasatzen, ez gaizki egon gero ongi egoteko itxaropenez, maitatu eta errespetatu zure burua beti; eta, horrekin lotuta, nahi duzuna egiten saiatu, muga eta betebehar batzuen barrenean baina aske garelako beti. •