Ramon Sola

Arduragabeak, arduratsuak eta arduradunak

Euskal Herrian urte luzetan ezarri nahi izan zuten dikotomia biolentoen eta demokraten artekoa zen; noizbait norbaitek zinez ontzat jo baldin bazuen, ziklo politiko berriak guztiz lurperatu du. Mundu mailan, ezkerraren eta eskuinaren arteko ezberdintasuna berdintasuna/askatasuna binomioan oinarritu izan da, baina hori ere gezurrezkoa, eskuinak aldarrikatzen duen askatasuna pribilegioei eusteko aitzakia bat baino ez delako, Madrilen Isabel Diaz Ayusok frogatu berri duenez. Pandemiaren lehenbiziko hilabeteetan beste dikotomia bat agertu zitzaigun, kapitalaren eta gizakiaren artekoa, eta hori ere erraz erori da, giza osasunik gabe ekonomia osasuntsurik ez dagoela egiaztatuta. Orain, covid-19aren izurritearen azken faseari ekiteko orduan, beste bereizketa bat gailentzen ari da, jarrera pertsonaletik hasi eta ekinbide politikoan bukatzen dena: ardura ala arduragabekeria.

Norberaren erantzukizuna ezbaian jarri du, urrutira joan gabe, alarma egoeraren bukaerak. Bakoitzak bere iritzia izango du, jakina, baina nire uste apalean euskal gizarteak orokorrean, euskal herritarrek alegia, maila ona eman dugu, bikainetik ez oso urruti. Pasa den larunbateko irudi batzuk bolo-bolo ibili diren arren, hurrengo egunotan argi gelditu da covid-ak eragindako kezka oso barneraturik dagoela, eta adibide modura tabernak ez direla gaueko 9etan beterik agertu, ez eta igandean errepideak kolapsatu ere.

Beste herriekin konparaketa gorrotagarririk egin beharrik gabe, arduratsu jokatu du Euskal Herriak hamabost hilabete hauetan, aurretiko krisi batzuekin erakutsi zuen erantzukizun berdinarekin: herri taupada ez da beste garai batzuetan bezain ozen entzun, baina mende honetan bertan arduraz egin zitzaion aurre 2008ko krisialdiari, bake prozesua oztopatzeko estatuen obsesioari, polizien erasoei (Cabacas, Altsasu), matxismoaren adierazpen gordinenei (sanferminetako bortxaketa) edo ingurumena zaintzeko beharrari. Agian arduragabekeriak ezaugarritutako munduko fase historiko honetan jarrera iraultzaile nabarmen eta beharrezkoena hauxe bera da, arduratsua izatea, ez besterik. Mixel Berhokoirigoin har daiteke eredu gisa, apaltasunetik ardura handi eta ezberdinen eramaile.

Arduradun politikoak daude gero, herritarrek hautatuak, herritar arduratsuek eta ez-arduratsuek berdin-berdin. Pandemiak kinka larrian jarri ditu gobernari guztiak eta bistan da denek ez dutela maila eman; asko jota, tarteka lortu dutela eta tarteka ez. Esaterako, neke pandemikoak herritarrei eragiten digula maiz esan digute baina neke hori agerikoa izan da azken erabaki politikoetan: alferkeriaz eta ganorarik ezaz hartuak.

Kontuz, arduradunen arduretako bat gizarte arduratsuak sustatzea badelako. Horretarako tresna ugari eta potenteak dituzte eskura: gobernantza eredua, zerbitzu publikoak hornitzeko aukera, hedabide publiko eta pribatuak, pedagogia aukerak, zigor ahalmena... Gizarte arduragabeetatik gobernu arduragabeak ateratzen diren bezala, gobernu jarrera arduragabeek ezinbestean gizarte arduragabekeriak elikatuko dituzte, gurpil-zoro pozoitua abiatuz. «Fribolitatea»ren arriskua aipatu du Arnaldo Otegik orriotan eta badu horretarako arrazoia eta zilegitasuna: Madrilek ezarritako alarma egoerarekin bat egitetik gertuko zenbait sektoreri mesede egiten ez zioten osasun beharrak lehenesteraino, ardura erakustaldia eman du EH Bilduk pandemia honetan zehar. Arduradun azaldu da. Iraultzaile. •