Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Gure jaiegun antifaxista behar dugu

Apirilaren 28an Italian Mussoliniren bukaera ospatzen dute. Portugalen, hiru egun lehenago, Krabelinen Iraultza. Eta guk? San Tomas, San Prudentzio, Santiago, San Fermin, San Ignacio, San Frantzisko Xabier… Ufa. Ez dut esango ondo pasatzen ez dudanik jai horietan baina ez dira ospatzeaz harro egoteko moduko zerbait. Aurreko zutabean aipatu bezala, azken urteotako Aberri Egunek zaharruno kutsua dute eta alaitasun eta aldarrikapen gutxi. Ordua da gure burua txertatzeko, berriro ere, antifaxismoaren eta elkartasun internazionalistaren historian. Euskaldunok antifaxismoaren egunik ez badugu ere oraindik, iritsiko da (tiocfaidh ár lá, irlandarrek dioten bezala).

Izan ere, badirudi betikoak badatozela berriro. Estatu sionistak, bere populazio judua ziztu bizian txertatu ostean, enegarren erasoa abiatu du palestinarren aurka. Hainbatek salatu duten bezala, ez da palestinarren eta israeldarren arteko gatazka bat, palestinarren aurkako sarraskia baizik. 1948an hasi zena eta, intentsitate ezberdinekin, etenik izan ez duena. Palestinar herriaren erresistentzia hauspotzeak berriro ekarri behar du euskal independentiston ideologiaren erdigunera gure identitate internazionalista. Kolonbiako herritarren aurkako hilketa polizialen harira ere, zirrara sortzen du Euskal Herrian bizi diren kolonbiarrak kalean ikusteak, gobernu neoliberalen erasoei erantzunez.

Espainian faxismoak bere egiazko aurpegia erakutsi du. Ez lehenago faxistarik ez zegoelako. Faxismoa alai eta harro agertu da, urte luzeetan alderdi nagusiek faxismoaren aurkako neurririk batere hartu ez zuen prozesu politiko baten gorazarre etengabea egin dutelako. Pentsa, Eusko Jaurlaritza oraindik garai hartan faxista erreformatuekin adostu zuen estatutua betetzeko zain dago. Bihotzarekin adostuko zuen, inora ez doan tren hori bezala.

Komunikabideetan ezker abertzalearen historiari eta ibilbideari ezarri zaion erabateko zentsurak ere faxismoa hauspotu du. Izan ere, Euskal Herrian faxista deitu diete militante iraultzaileei, sindikalistei, grebalariei, gazte erreboltariei… Are gehiago, biolentziaren kondenaren eragiketa inkisitorialak ezker abertzaleak bere buruaz kontakizun zintzo eta autokritikoa egitea ere oztopatu du. Legez kanpo berriro geratzearen beldurrak argitasun falta handia ekarri du eta militantziaren zati handi baten ezinegona. Shane McGowanen bizitza errepasatzen duen “Crock of Gold” dokumentala harrigarri egin zitzaigun elkarrekin ikusi genuen bi lagunoi. Harrotasunez adierazten du Shanek bere familiaren ideologia errepublikanoa, bere bizitzan marxismoa ikasteak izan zuen garrantzia eta borroka armatuaren aldeko iritzia. Bitartean, EiTB ez omen da politikari buruz hitz egiteko leku egokia…

Antifaxismoak berriro gure buruan konfiantza berreskuratzen lagundu behar digu. Are gehiago, bide horretan ez ditugu, printzipioz, gurekin izango ez polizia autonomikoa, ezta Eusko Jaurlaritza ere. Antifaxismora lerratzekotan, kalean eta lantokietan horretara behartu dituen iritzi publiko indartsua hedatzen bada gertatuko da. Horretara bideratu behar ditugu gure energiak hein handi batean eta aurrekoan albiste ederra iritsi zitzaigun Bilbotik: Ertzaintzako zenbait jipoitzaile profesional bere lagunak direla dioen faxista batek erabaki du auzotarren mobilizazioen aurrean Desokuparen euskal abentura bertan behera uztea, oraingoz... •