Itzea Urkizu Arsuaga

Ipuina

Salbuespen egoera batean, salbuespenezko neurritan bizi da azken urtebete luzean. Horixe bilakatu baitzaio orain bizitza: ezohiko neurri zaharren eta aldizkari-ofizialean-argitaratu-berrien artean gertatzen zaiona. Gaurkoa, beraz, ohiko ostiral bat da, ezohiko ostiral horien guztien artean.

Badu nahikoa kezka buruan, bulegotik irten aurretik izandako azken bi telefono deiek kolokan jarri baitizkiote urtea segurtatzera zetozkion proiektuak. Tira, autonomoa izaki, balantzen dantza horixe du ogibide, nahiz eta orain batzuk tematu ekintzaile dela esaten; neologismoek buruko minei iskin egingo baliete bezala.

Besterik ez da izan, amaitzera doan astea: kaka zaharra. Eta, hala ere, ostiral arratsaldetan kaleei darien euforia usaina sudur zuloetan duela jaso du semea eskolatik. Asteburu sargoria du begi bistan, armairu aldaketari aurrea hartzen dioten horietakoa. Eta edonork baiezta lezake dagokiona baino gehixeago berotzen duen eguzkiak endorfinak iraultzen dizkiola klima aldaketagatik kezkatuen bizi den ekologistari ere.

Urteak dira semea igeriketa ikastaroetara eramaten hasi zirela. Urari beldurra galtzeko lehendabizi, hilabete gutxi zituela, eta igerian trebatzeko gero. Jarduera fisikoa, psikomotrizitatea, ludikotasuna eta kontu horiek guztiak, bertsio ofizialean. B aldean, auskalo. Haurra gainerakoen antzeko samarra izateko gogoa, edo ordubetetxo bat libre hartzeko aukera, akaso. Ostiralero-ostiralero, zintzo demonio, kiroldegia tenplu bakar, aitak zein semeak.

Salbuespen egoera honek –dei geniezaioke nazioarteko pandemia ere– etenalditxo bat ekarri zien errutinazko hitzorduan, baina moldatu dira ikasturtearekin. Aforoak tarteko, orain aldagelan amaitzen da gurasoen eragin eremua. Bera ere saiatzen da, beraz, semeari lagundu, eta klasea amaitutakoan arropa-txankleta-txapela-bainujantzi-toalla sokari arintasun pixka bat ematen.

Gaur ere horretan ziharduen, beste guraso batzuekin hizketan airoso, emakume baten gorputz biluzia dutxa barruan ikusi duenean. Aldageletan egin ohi diren gauzak egiten, alegia. Emakumea, biluzik; bera, maskara jantzita.

Minutu gutxi barru irten da emakumea, toalla jantzita. Sartu aurretik, ziur zegoen hori zela bere aldagela. Espazioa begiradarekin arakatu du eta, bere buruari galdetu dio, zein konfusio mota izan ote duen. Covid neurriren bat irakurri gabe atea zeharkatu ote duen; akatsa berea izan ote den. Akatsa erruaren eufemismo izan ote daitekeen.

Akaso, beharbada, noizbait, iritsiko dira bestelako garaiak; aldageletan generoak bereizteko iruditxoak erabili beharko ez ditugunak. Emakumeari ez baitzaio sobera axola inork bera larrugorrian ikusi izana; haragi eta hezur gara, denok ere. Gehiago da egoeraz lehenengo minutuan jabetu den gizonezkoaren ustezko ezaxola hori. Beste norbaiten intimitatea puskatzen –une horretatik aurrera, bortxatzen?– ari dela konturatu, eta zirkinik ere ez egitea; areago, lehen baino ozenago hizketan hastea. Bera bere tokian dagoela azpimarratu nahiko balu bezala, lekuz kanpo dagoela konturatu berritan. Non bukatzen da salbuespena, non hasten ipuina? •