Itziar Elizondo
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Emozioen politika

Emozioek ba al dute ideologiarik? Printzipioz badirudi ezetz, emozioak gure baitako edo inguruko aldaketen/estimuluen aurrean gure gorputzak ematen dituen erantzun edo erreakzio organikoak direlako, izan fisiologikoak, psikologikoak edo konduktualak. Aldiz, beste upeleko sagardoa da egun politikari profesionalek azkenaldian, bereziki, atzetik duten «spin doctor» delakoek edo estrategek nola baliatzen dituzten hautesleen emozioak hauteskundeak irabazteko, mezu, diskurtso eta lelo jakin batzuen bidez.

Madrilgo emaitzen aitzakian asko hitz egin da azkenaldian lotura emozionalaren garrantziaz politikan, eta batik bat ezkerreko alderdiek horretan asmatu ez izanaz. Badirudi haiek huts egin dutela gizartearen egoerak lerroartean esaten zuena antzematen. Jendartea etsita dago, neke pandemiko delakoa gailendu da bozkatzerakoan, eta nonbait mezu/lelo eskapista eta folklorikoak –‘vivir a la madrileña’, kasu– datuen errealitate gordina estaltzeko gai izan dira. Ez du inolako eraginik izan, besteak beste, Ayusok pandemian zehar bideratutako kudeaketa kaotikoak. Esaterako, egoitzetan bizi ziren 11.389 adineko hil ziren, eta horietatik 8.338 (%73) ez zituzten ospitalera eraman, Madrilgo Erkidegoko datuen arabera.

Beraz, gizartearen gogo aldarteak benetako iritzi egoerak bilakatu dira eztabaida publikoan, eta emozioak, positiboak zein negatiboak, zentzu batean piztu daitezke manipulazioaren bidez, kontzeptuak berak okertzeraino. Adibidez, eskuinak betidanik hartu izan du bere burua askatasunaren gotorlekutzat. Oraingoan, ordea, «askatasun» hitza fetitxizatu du, kasik ondasun erotikoa bilakatuz, zeinaren bitartez ongizate zoriontsu eta axolagabeari helduko dioten Madrilgo herritarrek, birrak eta irribarreak bor-bor. Lurralde aske horretan ez dago gaixorik, arazo mentalak dituen pertsonarik, etxegaberik, langaberik. Askatasun eremu horretan, norbanakoaren mozkina gidari, dena da zilegi, bideo joko bortitzenen antzera. Bertan aske dira politikari horiek eta beren jarraitzaileak sareetan datuak eta gertakizunak asmatzeko, unibertsitateko tituluak erosteko, beraien erlijioak dioenaren kontra jarduteko, moral bikoitzean aritzeko. Laburbilduz: askatasun hitza bahitu dute beren pribilegioak defendatzeko.

«Estados Nerviosos, cómo las emociones se han adueñado de la sociedad» (Sexto piso, 2019) saiakeran William Davies pentsalaria saiatzen da sentimenduen politika ulertzen egungo testuinguru teknokratikoan, zeinean marketin politikoaren mezuek gerraren pentsamoldea eta manipulazio teknikak baliatzen dituzten. Pertsonon pentsaera oinarrizko sentimenduekin hornitzea, horixe baino ez da helburua. «Sare sozialen bidezko marketinaren helburu nagusia atxikimendua sortzen duten edukiak ekoiztea da, eduki horrek pentsamendu arrazionala baino ‘gorputz emozionala’ eragiten baitu. Pentsatzen duguna pentsatzen dugula ere, modu oldarkorrean erreakzionatzen dugu: hau nazkagarria da, hau ikaragarria edo hau zoragarria da», dio Daviesek.

Beraz, gauzak horrela, unean uneko mezu emozionalen monoteismoan giltzatuta, zer egin beharko luke ezkerrak emozioen politikan? Indibidualismoren birusak gizartearen geruza guzti-guztiak kutsatu ditu, baita emozioak ere, baita bere burua ezkertiartzat duten pertsona askorenak ere. Elkartasuna, guztion ongizatea, berdintasuna eta ezkerrak defendatzen dituen gainontzeko balioak zabaltzeko, jakina, emozioak piztera bultzatzen dituzten komunikazio estrategiak ere balia daitezke. Baina mezu emozionalen lehia horretan sartzea erabateko erronka da, marko orokorra ultraliberalismo teknokratak inposatzen duelako. •