Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Bizitza helburu duten konpetentziak eta balioak

zure ustez nola bizi behar duzun, hala bizitzea da mundu honetan egoteko modu zentzudun bakarra. Bizitza ez daukat zirrararik eragiten ez didaten gauzetan lan egiteko. Bizitza ez daukat maite ez ditudan gauzak egiteko. Bizitza hau benetan bizi behar duzu, bestela ez zara bizi. Punto».

Bizitzaren gainean egindako gogoeta gordina David Beriain Artaxoako (Nafarroa) kazetari eta dokumentalgilearena da. Joan den hilean Burkina Fasoko oihanean erail zuten zirrara eragiten zion eta maite zuen horretan ari zela, lanean.

Natural atera ziren hitzak nafarraren ahotik, bizitzaren ertzak ongi ezagutu dituenak soilik esan ditzakeen naturaltasunez. Zuzen-zuzenean iritsi zait mezua bihotzera, eta nire baitan galdera bat hasi da oihartzun egiten: nola begiratzen ote diogu bizitzari heziguneetatik?

Kazetariaren arrastoari jarraituz aurkitu nuen Artaxoako Urraka Erregina eskola publikoko Lehen Hezkuntzako ikasleek egin zioten elkarrizketa, eskaini zuen azkena. Herrikide zituen 6 urteko neska-mutilek lau galdera luzatu zizkioten; baita berak zintzotasunez eta maisuki erantzun ere. Haurrek ulertuko zuten hizkuntzan aritu zitzaien beldurraz, gerraz, goseaz, kazetaritzaz, eta erantzun haien bidez benetako bizitzaz, munduan egoteko era batez, hitz egin zien apaingarririk gabe. Helduoi sarri hain zailak eta deserosoak egiten zaizkigun eta gehienetan saihestu edo topiko batez erantzuten ditugun galderak.

Beriainen erantzunetan, bat-batean, hitzetik hortzera darabiltzagun oinarrizko konpetentziak hauteman nituen: “Norbera izaten ikasi”, “Ikasten eta pentsatzen ikasi”, “Elkarrekin bizitzen ikasi”, “Komunikatzen ikasi”, “Egiten eta ekiten ikasi”. Eta ohartu nintzen haren hitz eta pentsamenduetan zeudela denak, bizitzari, benetako bizitzari, hertsiki lotuak.

Heziguneak, ustez, konpetentziez, curriculumez, unitate didaktikoz, adimen emozionalez, elkarbizitzaz, enpatiez, barkamenez, eta abarrez bete zaizkigun garaiotan, barnekotasunaren eta humanitatearen hutsuneak oihu egiten duenean, kazetaritzatik iritsi zaigu xuxurla zintzoa.

Liluratzen duen gizatasuna ulertu nahi duela kontatu zien artaxoar txikiei. Eseri nahi duela, entzun eta ulertu nahi zaituela. Jakinik ere, seguruenik, ez duela bat egingo zurekin. Hori zen Beriainen helburua, gurea ere beharko luke. «Batek irakurtzen eta idazten ikasten duenean baditu tresnak zer gertatzen den kontatzeko». Helburu ederra irakurtzen eta idazten ikasteko, ezta?

Ia batera, hezigunera hurbildu zaigu A eskari batekin. Bizi esperientzia gogor batetik atera berri da, herrietako sarrerak eraso matxistarik ez dugula onartzen dioten kartelez bete diren sasoian. DBHko ikasleei esan nahi die salaketa telefonora deitzearekin soilik ez daudela salbu, orduan hasi behar duela haien borrokak. Gazteei gauzak benetan nola diren kontatzeko eskatu digu.

Bizitzari leku batetik edo bestetik aurrez aurre begiratu dioten lagunen testigantzek sentiarazi didate zein urrun dugun hezkuntza bizitzatik. Eskola bizitzen ikasteko lekua izatea nahi badugu, egunero galdetu beharko genioke geure buruari zer den bizitza guretzat, benetan bizi ote dugun bizitza. Irakaspen ederra eman digute Beriainek eta Ak, konpetentziez eta balioez. •