Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

GEORGE FLOYD ETA HIL ZUEN ARRAZAKERIA GOGOAN

«Mundua aldatzea lortu genuen, baina ez da nahikoa», adierazi du Brandon Williamsek, George Floyden ilobak, bere osaba Poliziak hil zuenetik urtebete bete denean. Asteartean, beste senide batzuekin batera Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuan eta Etxe Zurian egon zen. «Gauzak norabide onean aldatzen ari dira, baina ezin gara horrekin gelditu soilik, harantzago joan behar dugu. Borrokatzen jarraitu behar dugu», nabarmendu du. Joe Biden presidentea eta Kamala Harris presidenteordea Floyden senideekin elkartu ziren. «Hilketa horrek 60ko hamarkadatik ikusten ez genituen protestak eragin zituen, mobilizazio horiek arraza eta belaunaldi guztietako pertsonak batu zituzten zentzurik gabeko hilketa hauen kontra», esan zuen Bidenek, Ameriketako Estatu Batuetan oraindik ere arrazakeriak sustrai sendoak dituela aitortuz. Irudietan, Minneapolisen, Minnesotan, Floyden omenez egindako kontzertu bat eta Brooklynen, New Yorken, urteurrena dela-eta egindako manifestazioa.

Ainara Lertxundi