Isidro Esnaola

Administrazio publikoaren ezagutzaren pribatizazioa

Espainiar estatuaren Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) 6,3 milioi euroko isunak jarri zizkien duela egun batzuk 22 aholkularitza zerbitzuri eta enpresa horietako 13 zuzendariri. Deloitte da isunik handiena jaso zuen konpainia, 3,99 milioi eurorekin, PwC 670.000 eurorekin eta Idom Consulting 640.000 eurorekin. Administrazio publikoen lehiaketak banatzeko kartel bat antolatzea leporatzen diete guztiei.

Ebazpenarekin batera, MLBNk legezko aurreikuspena aktibatu zuen enpresa horietako batzuek administrazio publikoek antolatutako hurrengo lehiaketetan parte hartzeko aukerarik izan ez dezaten. Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko esan du debekurik ez dagoen bitartean ez diela beste kontratazio batzuetan parte hartzea eragotziko. Bitxia bada ere, isuna jaso zuten enpresek argudiatu zuten administrazio publikoak berak eskatzen ziela estaldura eskaintzak egitea nahieran esleitutako kontratuak disimulatzeko. Hau da, eskaintza erreal bat eta beste batzuk faltsuak, lehia itxura egiteko. Administrazio horien artean daude Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Portua eta EAJk gobernatzen dituen Bizkaiko hainbat udal.

Legez kanpoko egitura horretatik gogoeta batzuk egitea komeni da, horrelako azpijokoak frogatzea zaila izaten delako. Lehenik eta behin, harrigarria da zein erraz alboratzen den merkatu librearen eta lehiaren alde etengabe egiten den diskurtsoa. Aukera ikusi orduko, sermoiak ahaztu eta alde ilunera pasatzen dira: lehiaketak murriztu eta pastela banatzeko akordioak ixten dituzte. Merkatu librearen diskurtso osoa errealitatearekin zerikusi gutxi duen komodin ideologiko bat besterik ez dela berretsi dute jarrera horrekin.

Baliteke eskema hori beste lehiaketa publiko batzuetan ere errepikatzea, bereziki inplikatutako enpresak gutxi direnean eta kartel bat erraz antola dezaketenean, adibidez, bankuen kasuan. Gainera, horiek beti prest daude ahal den guztia esplotatzeko, dela bezeroak dela administrazio publikoa.

Epaian diotenez, aurretik elkarrekin lan egiteagatik elkar ezagutzen zuten zuzendariek antolatu zuten sarea. Ez dago harreman pertsonalak bezalakorik merkatuari bizkarra emanda negozioak ixteko. Horregatik da hain garrantzitsua enpresa askorentzat kargu politikoak fitxatzea. Gaur egungo sisteman, meritu pertsonalek pisu gutxi izaten jarraitzen dute, eta arlo jakin batzuetan harreman pertsonalak dira benetan kontuan hartzen direnak. Interesgarria litzateke jakitea Espainiako Gobernuak zenbat bilera formal eta informal egin dituen argindar enpresekin tarifa berriak zehazteko eta zenbat kontsumitzaileen elkarteekin.

Azkenik, aholkularitza enpresen arazoa ez da soilik kartelaren ondorioz gehiegi ordaindu izana diru publikotik. Arazo potoloena da administrazio publikoaren erraietan sartzen direla, ezagutzen dituztela haien errutinak, indarguneak eta ahulguneak. Eta askotan administrazioaren politikak diseinatzen dituzte. PwCk, adibidez, Europako funtsak esleitzeko proiektuen lehen zerrenda egin zuen. Lan horiekin guztiekin, sektore publikoari buruzko informazio asko lortzen dute, eta gero bezeroei eskain diezaiekete. Ezagutza boterea da, eta aholkularitza enpresa pribatuak administrazio publikotik nahi baino gehiago ari dira bereganatzen. Eta publikoa guztion ongizatearen euskarria da. •