Maider Iantzi Goienetxe

Elkarrekin bizitzen ikasteko garaia

Denbora luzea da egun batetik bertzera etxean sartu ginenetik. Ordutik, bakoitza bere historia bizitzen ari da baina beldurra eta harreman mutilatuak konpartitzen ditugu. Nire kasuan, gauza pila bat gertatu diren sentsazioa dut eta musukoarekin izandako erditzea izanen litzateke momentu gorena. Nire iraultza berezia, jendartearen transformazioaren barrenean. Maskarak estalitako garrasiak eta lau besok baino besarkatzen ez duten umea, garai hauen irudi.

Egun sargori haien ondoren hartzaren negua oroitzen dut, elur eta guzti. Zaborra ateratzea bera irteera atsegina zen. Herriko denda batean egindako lehen erosketak eta solasaldiak poz handia eman zidaten. Paseoan jende bila ibiltzen nintzen eta haurraren aitzakian harreman berriak sortu ziren.

Orain ere kalean bertzeekin egotean piztu egiten naizela sentitzen dut. Ez dakit dendariek zer pentsatuko duten erosketa ttiki baten truke terapia handia egiten dudanean. Etxean eta etxetik ari naiz lanean eta hagitz gustura. Familiak eta lantegiak kontziliazioan laguntzen didate, baita izurriteak ekarritako lan egiteko modu berri honek ere. Baina batzuetan mundua pantailaren bertzaldetik ikustera ohitzen ari naizela iruditzen zait.

Bitartean, semea handitzen ari da eta oraindik aunitz dira ezagutzen ez duten senide eta lagunak. Oraindik atzera egiten dut aulkitxoarekin norbait eskua luzatzera doala ikusten badut. Baina eskuak ez ditut garbituaren garbituaz gorri, hasieran bezala. Besteak beste, dena ukitzen duen haurrari esker. Badator uda, elkarrekin bizitzen ikasteko garaia. Haurrak Ere Bai familien sareak dioen bezala, tratu ona, errespetua eta bizi-premiak aintzat hartuta, jendarte osasuntsu baterantz joateko. Osasuna «osoa» baita: fisikoa, mentala, emozionala eta jendartearen ongizatea. Eta elkarrenganako beldurra horren aurka doa. •