Juantxo EGAÑA

ZUBIAURRE ANAIEN «AITONAREN IPUINA»

BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAREN ARTXIBOA
BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOAREN ARTXIBOA

Argazki honen egileak Valentin eta Ramon Zubiaurre anaiak izan ziren, Garai jatorri zuen familia batekoak. Zubiaurre anaiak Madrilgo San Fernando Arte Ederretako Akademian hezi ziren. Margolari eta argazkilari handiak eta zinema amateurreko errealizadoreak izan ziren. Haien lehen irudiak XIX. mende amaierakoak dira eta 1910 arte jarraitu zuten egiten. 1.200 irudi inguru kontserbatzen dira. Zubiaurretarrak gor-mutuak ziren, eta erretratua garatu zuten beren ezaugarri fotografikoetako bat bezala. Haien argazkiak ez ziren ustekabekoak eta enkoadraketak aztertuak ziren. Beren irudietan, halaber, egindako bidaiak jaso zituzten; nabarmenenak, 1905 eta 1906 artean Europako hainbat hiritan zehar egin zituztenak. Euskal paisaia, Gipuzkoa eta Bizkaia, eta bereziki Garaiko landa ingurunea izan ziren Zubiaurre anaien argazkien beste erakargarritasunetako batzuk. Istorioak kontatzen dituzten argazki horiek harrigarriak dira, narrazio mota bihurtzen diren irudi sailkatuak, batzuetan umorezko ukitu bat dutenak. XX. mendearen hasieran “Aitonaren ipuina” izenburupean egin eta artikulua ilustratzen duen argazki honen gisako irudiak eraiki zituzten.