Xabier Izaga Gonzalez
Elkarrizketa
CESAR SAN JUAN
EHU-KO IRAKASLE ETA IKERTZAILEA

«Askatasunak, segurtasunaren arloan, helburu kolektiboa izan behar du, ez indibiduala»

Laura Vozmedianorekin batera egin duen Delitua Prebenitzeko Gidan, segurtasuna eta askatasuna ditu hizpide, besteak beste, San Juanek

Cesar San Juan eta Laura Vozmediano ikertzaileak.
Cesar San Juan eta Laura Vozmediano ikertzaileak.

Delitua Prebenitzeko Gidaren egileak, Cesar San Juan eta Laura Vozmediano, Psikologian doktoreak dira, Euskal Herriko Unibertsitatean kriminologia zientziei lotutako hainbat irakasgai ematen dituzte, hala nola Krimen Arloko Psikologia, Psikologia Juridikoa, Ingurumen Kriminologia eta Portaera Antisozial eta Deliktiboen Prebentzioa. Bion artean kaleratutako argitalpen horren eta jendartea gero eta gehiago kezkatzen duten beste gai batzuen gainean hitz egin du San Juanek adeitasun handiz.

Auzoak diseinatzean espazioak antolatu eta egokitzeak delinkuentzia murrizten lagun dezakeela diozue zeuen gidan. Modu nabarmenean?

Gure ustez, oso garrantzitsua da, batez ere beste jendarte politika batzuekin uztartuta.

Mapa batean kokatzen baditugu, adibide batzuk jartzearren, azken urtean egindako bortxaketak, pisuetan egindako lapurretak edo bide publikoetan egindako ebasketak, egiazta dezakegu horien banaketa ez dela halabeharraren ondorio, baizik eta delitu bakoitzerako gune jakin batzuetan biltzen direla. Hau da, hiriko gune batzuetan delitu baten biktima izateko aukera handiagoa da beste batzuetan baino. Horrek esan nahi du lekuon ezaugarri fisiko edo sozialekin zerikusia duen zerbaitek delitu tasan eragina duela. Jakina, delinkuentzia guztia ez da desagerraraziko espazioak birdiseinatuz soilik, baina oso kontuan hartu beharreko estrategia da; batez ere, esan bezala, beste jendarte politika batzuekin uztartzen bada.

Badirudi segurtasuna ulertzeko modurik zabalduena automatikoki eta bakarrik poliziarekin edo zaintza zerbitzu pribatuekin lotzen dela; beraz, metodo hertsatzaileekin. Zuek proposatzen dituzuen estrategiek pertsonen bizi kalitatea hobetzea dute ardatz, mehatxuaren edo zigorraren beldurraren ordez.

Egia esan, ikuspegi kriminologikotik, segurtasun objektiboa eta segurtasunaren pertzepzioa bi fenomeno ezberdin dira, batzuetan elkarri lotuta ere ez daudenak. Hau da, delitu gutxien egiten diren lekuetan ez da beti jendea seguruago sentitzen. Hiri arriskutsuetan bizi garela etengabe aldarrikatzen duten diskurtso politikoak, komunikabideen agenda, jendarte kohesioaren desintegrazioa... segurtasunik ezaren sentsazio desorekatua sor dezaketen elementuak dira. Testuinguru horretan, poliziaren presentzia handiagoa eskatzea da ohikoena. Nolanahi ere, ez nago ados poliziaren presentzia ezinbestean hertsapenarekin lotzearekin. Erlazio hori polizia eredu tradizionalekin lotuta dago, baina XXI. mendeko poliziaren ezaugarri nagusia jendarte sarearekin egiten dituen aliantzak dira, komunitateko segurtasuna elkarlanean kudeatzeko.

Bizikidetza, «gaur egungo erronka garrantzitsuenetako bat», lortzeko, segurtasun eta askatasun giro «zentzuzkoa» izatea ezinbestekoa dela diozue, baita bizikidetza hondatzen laguntzen duen fenomeno bat murriztea ere: beldurra. Delinkuentziak eragiten duena? Askotan poliziak berak eragiten duena...?

Beldurra ez du delinkuentziak eragiten. Edo, nahi baduzu, ez du, funtsean, delinkuentziak eragiten, gure testuinguruan behintzat. Gizarte konplexu batean bizi gara eta logikoa da bizikidetzari erasotzen dioten gatazkak eta arau hausteak egotea. Baina Euskal Herrian, eskualde bereziki seguru batean, beldurra ez da delinkuentziatik elikatzen. Esan dizudan bezala, diskurtso sozial eta politikoetatik elikatzen da edo, jakina, segurtasunaren industria loratu batetik ere bai. Poliziaren presentziak, hurbiltasun eredu batetik, baldintza normaletan, murriztu egiten du segurtasunik ezaren pertzepzioa.

Zure ustez, auzoko bizitzan integratuta dagoen polizia batek kontrol beharra eta behar horretan babestutako gehiegikeriak gutxituko lituzke, eta are delitua bera ere bai, azken buruan?

Gu, gidan ikus daitekeenez, «herritarrengan zentratutako polizia» esaten diogunaren defendatzaile sutsuak gara: hurbileko polizia, komunitate polizia, auzo polizia, etab.

Dena den, polizia sail askok ulertu dute hurbileko polizia, besterik gabe, hirian zehar paseatzen dabilen oinezko polizia bikote gehiago jartzea dela. Eta hori, agian, ezinbesteko baldintza da, baina inola ere ez nahikoa. Gakoa ez da poliziak kalean egotea, herritarrekin ezartzen den harreman mota baizik. Horretarako, poliziak auzo elkarteekin aliantzak sortu behar ditu, ikastetxeetara joan behar du, aldizka merkatarien elkarteekin bildu behar du eta kolektibo ahulen ahotsa entzun behar du.

Pertsonak ardatz dituen polizia baten ereduak, ikus dezakegun bezala, polizia kulturaren kontzepzioa errotik aldatzea eskatzen du, eta ez gizartean duen rolari dagokionez bakarrik. Gizarteak ere poliziari buruz duen pertzepzioa aldatu behar du.

Ez da erraza izango. Zer proposatzen duzue horretarako?

Hori lortzeko, ez da nahikoa eredu aldaketaren beharraz gutxi gorabehera sentsibilizatuta dauden polizia sail batzuen asmo ona. Polizia akademietara joan beharra dago, poliziaren prestakuntzan benetako aldaketa behar baita. Komunikazio trebetasunak, gatazkak kudeatzeko teknikak, arazo sozialak aztertzeko eta horietan esku hartzeko ereduak eta abar, gaitasun esanguratsuagoak izango dira ihesetan gidatzea, defentsa pertsonala edo su armaz tiro egitea baino. Agente askok ez dute arma zorrotik aterako beren ibilbide profesional osoan. Badakit gogoeta hauek oso kritikatuak izango direla, baina etorkizuneko poliziaz ari gara, ez iraganekoaz.

Hainbat polizia estrategia eta eredu aztertzen dituzue, bi «muturren» arabera: kontrola oinarri duena eta pertsonen hurbiltasunera bideratutakoa. Bigarrena litzateke ideala? Segurtasuna askatasunaren muga sahiestezintzat jo ohi da. Bien arteko oreka lortzea litzateke kontua? Horrek esan nahiko luke nolabaiteko bateraezintasuna dagoela.

Hain zuzen ere, badirudi filosofia bat ezartzen ari dela, nahitaez askatasuna eta segurtasuna kontrajartzen dituena, eta filosofia horren arabera, azkenean sinetsiko dugu batean lortutako maila bakoitza bestearen defizitaren kontura eskuratu dela. Logika naturala, beraz, oreka bilatzen saiatzea da. Ikuspegi horretatik, azkenean ontzat ematen dira zaintza kamerak, aurpegia ezagutzeko gailuak, pribatutasunaren galera, aireportuetako miaketak, etab. Mundu kezkagarri samarra geratzen ari zaigu eta, seguru asko, gure seme-alabei utzi nahiko geniekeenetik urrun samar dagoen zerbait.

Zergatik iruditzen zaizue «ezinbestekoa» jendartearen parte-hartzea?

Arestian esandakoarekin lotuko nuke; izan ere, segurtasunaren eta askatasunaren arteko «oreka» bilatzera bultzatzen gaituen filosofia horrek, diozun bezala helburu bateraezin gisa ulertzen dituenak, biztanleria erakunde pasibo bat dela uste baduzu baino ez du zentzurik; alegia, uste baduzu herritarrek ez dutela protagonismo handirik beren segurtasunaren kudeaketan. Kudeaketa baketsua esan nahi dugu. Azpimarratu egiten dut, herrialde batzuetan askatasun hori kalean armaturik joateko askatasuntzat hartzen delako. Hori Far West delakoa da; ez naiz ari horretaz hitz egiten. Askatasunak, segurtasunaren arloan, helburu kolektiboa izan behar du, ez indibiduala.

Azken batez, komunitatea subjektu aktibotzat hartzen badugu, ondorio oso garrantzitsu batera iritsiko gara: segurtasuna askatasunaren nolakotasuna da eta, beraz, zatiezinak dira.

Zortzigarren kapituluan, herritarrei begirako polizia ereduari dagokionez, jardunbide egokien adibide gisa, «gazteak eta etorkinak barne» zehazten duzue. Zergatik bi kasu horien espezifikazioa?

Izenburuak nolabaiteko asmo ironikoa zuen; izan ere, herritartasunaz hitz egiten denean, batzuetan baztertu egiten dira kolektibo jakin batzuk, herritartasun estatusa mereziko ez balute bezala. Zer esango dugu haurtzaroaz edo adinekoez, zuzenean ez-herritarren kategoria ematen baitzaie, erabaki politikoetan duten garrantzirik ezagatik. Kasurik onenean, badirudi herritartasun maila desberdinak daudela, hau da, «beste batzuk baino herritarragoak» diren pertsonak. Tira, begi bistakoa da, baina komeni da gogoraraztea denok garela herritarrak, edozein adinetakoak, edozein erlijiotakoak, edozein joera politikotakoak, edozein herrialdetakoak.