> Belarrondokoak eta tartakadak

Damien Tareli, hauteskunde ekitaldi batean Emmanuel Macroni zaplaztekoa eman zion gizonari, 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote, nahiz eta Macronek ez zuen salaketarik jarri; eta horietatik lau igaroko ditu kartzelan.

Frantses Estatuan bada idatzi gabeko arau bat, eta bertako agintariek, hari jarraituz, ez dituzte horrelako ekintzak salatzen, nolabait, beren karguari dagozkiola ulertuta.

Behin, Nicolas Sarkozyk ez zuen ohitura hori bete. 2011n, Braxen, ukabilkada bat eman nahi zion gizon batek astindu egin zuen eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten. Nahiko kritikatua izan zen horregatik. Manuel Valls Barne ministro ohiari ere esku-zarta bat eman zion eskuin muturreko gazte batek, eta hiru hilabeteko zigorra ezarri zioten.

Gertaera horiek gogora ekarri dizkiote Aritz Intxustari Nafarroan AHTren aurkako ekintzaile batzuek Yolanda Barcina presidenteari jaurtitako hiru tartak. Barcinak salaketa jartzeaz gain, Foru Gobernuaren zerbitzu juridikoak erabili zituen “tartalarientzat” 6 eta 9 urte bitarteko zigorrak eskatzeko.

Haien aurkako auzia Auzitegi Nazionalean amaitu zen. Epaiketan, Barcinak esan zuen tartakadek min eman ziotela, tartetan erabilitako merengea, frantsesa zenez, gogorragoa baitzen. Hiru tartak Iruñean erosi zituzten, ordea.

Azkenean, Auzitegiak bi urteko kartzela zigorra ezarri zien hiru “tartalariei”.

> Arroz soro txinatarrak, obra ikusgarrietarako mihise

Beste urte batez, artelan erraldoiak “marraztu” dituzte Shenyangeko nekazariek Txinako Liaoning probintziaren ipar-ekialdeko arroz soroetan.

Txinako Alderdi Komunistaren mendeurrenaren oroitzapenezko irudi batetik, jainko baten irudikapenera, gazte talde batetik pasatuz. Horiek dira Txinako nekazariek Shenyangeko arroz soroetan “marraztu” dituzten artelanak.

Arroz soroak mihise gisa erabiltzea turismoa sustatzeko modu bihurtu da urteen poderioz eta, horrela, inguruko nekazarien diru sarrerak handitu egin dira.

Marrazki horiek egiteko askotariko arroz motak erabiltzen dituzte.

> On Zientzia bideo lehiaketa: etorkizuna, ibuprofenoa...

Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako On Zientzia lehiaketak zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak saritzen ditu. Tabakaleran banatu zituen asteartean azken edizioko sariak. “Deepfake, etorkizuna atarian” eta “¿Por qué no podemos tomar un ibuprofeno cada 4 horas pero sí alternarlo con paracetamol?” lanek partekatu dute sari nagusia. Gazte Saria, berriz, Toki-Alai ikastetxeko ikasleen “Aurrera goaz” bideoarentzat izan da.

Hamaikagarren edizio honetan 86 lan jaso dituzte, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, Euskal Herrikoak gehienak, baina baita Alemaniatik, Erresuma Batutik, Mexikotik edo Perutik heldutakoak ere. Guztiak www.onzientzia.tv lehiaketaren webgunean daude ikusgai.

> Adimen desgaitasuna dutenentzako udako programa

Gorabide adimen desgaitasuna duten pertsonen aldeko elkarteak urteroko udako programa plazaratu du, 239 plaza eskainiko dituena. Errutinatik atera eta elkarren arteko harremanetan sakondu nahi duen ekimenak astebeteko oporraldiak eta eguneko txangoak prestatu ditu, osasun neurrietara egokituta.

Astebeteko oporraldiei dagokienez, Bizkaiko hainbat establezimendutan 119 leku eskainiko dituzte 15 txandatan banatuta. Egun osoko txanden kasuan, 120 leku aurreikusi dituzte eta eguneko hogei txandatan egingo dituzte.

Udako programa urte osoan zehar konpromiso eta inplikazio handia erakusten duten 72 boluntarioren laguntzarekin egingo da. Bizkaiko hainbat herri dira oporraldietarako aukeratutako helmugak, aterpetxe eta hoteletan, eta prestatu dituzten jardueren artean daude zentroetara bisitaldiak, hondartzak, igerilekuak, zinema, ibilaldiak, itsas zeharkaldiak...

> «Eskolak naturan eta natura eskolan»

Gipuzkoako 23 ikastetxek hartu dute parte «Eskolak naturan, natura eskola» proiektuan, Txoribox eta Eskola Urmaelen Sarea ekimenekin lotutako jarduerak aurrera eramanez. Aranzadik bultzatzen duen egitasmo sozialak hezkuntza, auzolana eta bioaniztasunaren kontserbazioa uztartzen ditu, eta laster material didaktiko gehiago sortuko du.

Proiektuaren helburu nagusia bioaniztasunaren kontserbazioan aurrerapausoak ematea da, ekimenak eskola ingurunera erakarriz, «ikasleek beren eguneroko bizitzan integratu dezaten eta irakasleek tresna didaktiko moduan erabil dezaten».