Amagoia Mujika Telleria

«Beti agurtzen duen jende jatorra»

Gaizki lo egin dut. Ohera joan aurretik albisteak begiratzea okurritu zait eta Tenerifen desagertuta zeuden haurretako bat itsasoaren hondoan hilda topatu dutela irakurri dut. Aitak akabatu du amari bizitza osorako mina emateko, bizitza osorako arnasa mozteko. Segidan irakurri dut Sevillan desagertuta zegoen 17 urteko neskatoa ere akabatu egin duela bere bikotekide ohiak. Eta Eivissan hotel bateko balkoitik behera erori eta hil zen 22 urte emakumea ez zela erori, bere bikotekideak bota egin zuela. Gaizki lo egin dut, oso gaizki.

Alaba nerabeari esan izan diot gauez etxera etortzen denean atariko atea ondo bultza eta ixteko eskaileretan gora abiatu aurretik. «Zergatik?». Badaezpada, ea norbait sartuko zaion atzetik. Eta oraintxe pentsatzen jarri naiz zeinen erridikuluak garen alaba nerabeen amak. Arriskurik handienak kalean eta ezezagunen besoetan baleude bezala.

Aitak itota hildako sei urteko neskato horrek zer pentsatu behar zuen babestu behar zuenak, besoetan hainbestetan kulunkatu zuenak, hondartzan bustitako bainujantzia eranzten lagundu zionak, goizetan esnea eta gailetak prestatzen zizkionak, itota akabatu behar zuenik. Aita ez da izan eskaileretan ilunpetan agertu zaion ezezagun zital bat. Parez pare eta argia piztuta agertu zaion piztia izan da. Ez da eroa. Aitak bazekien zer egin zuen eta zertarako.

Hotelean oporretan zegoen emakume gazteak zer pentsatu behar zuen hoteleko terraza ederra bizirik zapalduko zuen azken azulejua izango zela. Zer pentsatuko zuen maitaleak, oheko izarak korapilatzen laguntzen zionak, balkoitik behera bultza egingo zionik.

Kontua oso larria da. Ustezko parekidetasunean hazitako eta hezitako belaunaldietan erasotzaileak, zapaltzaileak, matxistak sortzen jarraitzen dugu.

Tartaren moldea aldatu dugu, baina tartaren osagaiak lehengo berak dira: maitasuna jabetzaren ertzetik ulertzen duten gizonezkoak, frustrazioa kudeatzen ez dakitenak, maskulinitatearen atzean segurtasun ezak ezkutatzen dituztenak, modu sanoan maitatzen ez dakitenak, matxistak eta arriskutsuak. Bizilagunen begietara, «beti agurtzen duen jende jatorra». •