Juantxo EGAÑA

Bizkaia Zubia berreraikitzen gerraren ostean

1937ko ekainaren 16ko goizaldean, Bilboko itsasadarraren gaineko Zubi Esekia –Bizkaia Zubia– lehertu egin zuten tropa frankistek, beste zubi batzuekin batera. Frankisten helburua zubia ez erabiltzeko moduan uztea zen, Bilbo laster eroriko zelakoan. Ekainaren 19an gertatu zen, hain justu. 1939ko abuztuan, Bizkaia Zubia berreraikitzeko Juan Jose Aracil bide ingeniariaren proiektua onartu zuten. Lanek bi urte inguru iraun zuten eta zerbitzua 1941. urtearen erdialdean jarri zen berriz martxan. Irudian, Zubi Esekia berreraikitzeko lanen une bat jasotzen da. Argazkia German Elorzak, Bilbon bizi zen argazkilari gasteiztarrak, egin zuen.

German Elorza argazkilaritza munduan hasi zen Bilboko Kale Nagusiko Casa Lux argazkilaritza saltokiko Manuel Torcida argazkilariaren eskutik. Bere bakarkako ibilbidea tokiko hainbat komunikabidetan abiatu zen, eta 1932tik aurrera “La Tarde" egunkariaren plantillan sartu zen. Bilbo frankisten eskuetan erori ondoren, 1937an, Falangek argitaratutako arratsaldeko “Hierro” egunkarirako lan egin zuen 1974. urtera arte. Urte horretan lanbidea utzi behar izan zuen Atlheticen partida bat jarraitzen ari zela izan zuen istripuaren ondorioz.