Amaia Nausia Pimoulier

Ero arraioak!

Maria Lekunberrikoak 1619an, borroka luze baten ostean, Nafarroako Gorte Nagusiak bere seme-alaben tutoretza baieztatzea lortu zuen. Legalki, eta bere senarraren testamentuak esaten zuen bezala, bera zen bi txikien arduradun nagusia, baina senarraren aitak ez zuen uste amak bi adin txikikoak zaintzeko gaitasuna zuenik. Haren argudio nagusia zen ama mentalki ahula zela; ezegonkorra, eroa, azken finean. Hori justifikatzeko arrazoiak, askotarikoak: gehiegi hitz egiten zuela, ez zela igandero mezara joaten eta, okerrena, seme-alabak gehiegi maite zituela. Haren maitasuna fisikoa baino ez omen zen, animalien kasuaren antzekoa. Lehoi eme batek bezala zaintzen zituen haurrak, arrazionalki pentsatu gabe zer zen beraien etorkizunerako hobea. Eta semearen kasuan okerragoa omen zen; Juanek, sei urteko txikiak, jauntxo bat bezala hezia izan behar zuen, eta hori egin beharrean, amak maitasuna baino ez zion ematen, bere heziketa formala ahaztuta.

Txanponaren bi aurpegiekin topo egin ohi dute amek historian: gure ustezko gaitasun naturalengatik haurrak eta mendekoak zaintzeko izan dugun abilidadea eta, bestetik, gure izaera ez-arrazionalak eman digun ezegonkortasuna. «La donna è mobile, cual piuma al vento», XIX. mendeko Verdiren opera ospetsuak dioen bezala, emakumea mugigarria da, luma haizetan bezala. Horregatik, teoria patriarkalaren arabera, komeni zaigu/zaio gizarteari emakumeak gizon baten mende egotea. XVI. mendeko Juan Luis Vivesen hitzetan:

«Oi zoroak, ontzia ez baita libre gobernatu gabe, ez, babesgabe gehiago, ez da aske maisurik gabeko mutila, desastre hutsa baino».

Eroak izateaz gain, edo eroak izateagatik, amatasun kontuetan emozionalegiak izatea ere leporatu zaigu. Amak beharrezkoak ginen lehen zaintzarekin lotura zuten kontu guztietarako: bularra eman, elikatu, garbitu, jantzi, eta abar luze horiek guztiak. Baina moraltasunari zegokionez, gizartearentzat herritar egokiak hezteari zegokionez, horretarako «ama baino gehiago zen beharrezkoa» (Espinosa, XVI. mendea). Horren eredu argia, alargun ziren amak. Horiek gaizki zaintzen zituzten euren txikiak eta, batez ere mutilen kasuan, gaizki hezitako gizontxoak sortzen zituzten, criado de viuda esaten zitzaien gaztelaniaz mutiko mimoso horiei.

Aitaren ardura izan behar zuen gizarteratzearekin lotura zeukan heziketa etiko eta moral guztiak, aita baitzen gaitasuna zuen bakarra bere seme-alabei ongi jokatzen erakutsi ahal izateko. Aitaren maitasuna espirituala eta arrazionala zen; amarena, berriz, fisikoa eta basatia.

Juana Rivas, Irene Costumero, Rocio Carrasco… milaka emakume, historian gutxietsiak izan direnak, jarraitzen dutenak izaten, ustezko ezegonkortasun psikologikoa dela medio. Ero bezala tratatu gaituzte historian zehar, garai bateko Joana Erotik gaur egungo Juana Rivaseraino bost mende badaude ere, argi dago kualitatiboki jauzia uste baino txikiagoa dela. •