Pello Otxandiano

Hizkuntza gutxituen aurkako ofentsiba, bide erakusle

Aste honetan euskararekin lotutako gertakari pisutsuak kateatu dira bata bestearen segidan. PSNk «eremu mistoko» eta «ez-euskalduneko» lan deialdietan euskara meritu gisa hartzearen aurka egingo duen dekretua iragarri du, harrabots handia sortuz Nafarroan; brebeta azterketa zuzentzeari uko egiteko prest agertu dira Seaskako zenbait irakasle; Ipar Euskal Herriko parlamentario guztiek gutun bat sinatu dute, Macroni Konstituzioa aldatzeko eskatzeko; baxoa euskaraz egitea erabaki dute hainbat ikaslek, desobedientzia ekimen eredugarria eskainiz Euskal Herriari. Bejondeizuela, gazteok! Halako asteetan pentsatzen dut, sarri, ez ditugula herri honen gaitasun politikoak bere neurrian baloratzen.

Halere, euskarari lotutako gatazka segida hau ez da aste honetako kontua. Aurtengo udaberrian euskararen kontrako erasoaldiak jauzi kualitatibo bat eman du. PSNren dekretuaz gain, honako bi gertakariek merezi dute azpimarra:

Frantziako Konstituzio Kontseiluak «Molac Legearen» bi artikulu, tartean murgiltze eredua, Frantziako Konstituzioaren aurkakoak direla ebatzi du. Haren esanetan, Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren kontrakoa da murgiltze eredua, ikastetxeko komunikazio hizkuntza nagusiak tokiko hizkuntza izan behar baitu. Aste honetan ebazpenaren komentarioa publikatu du Konstituzio Kontseiluak eta, atzera urrats bat emanez-edo, zehaztu du irakaskuntza publikoaren kasuan bakarrik dela Konstituzioaren kontrakoa murgiltzea.

Irungo Udaltzaingoaren lan eskaintza batean euskara eskatzea diskriminatzailea zela ebatzi zuen maiatzean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak. Langile publiko batek euskaraz ez jakiteak ez ditu euskaldunon eskubideak urratzen euskaldunok gazteleraz ere mintzo garelako, halaxe argudiatzen da. Horrek euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzen du eta euskaldunok bigarren mailako herritar. Epai horrek 82ko Euskararen Legea onartu aurreko garaira bueltatzen gaitu, Autonomia Erkidegoko autogobernuaren muina kolpatzeaz batera, autogobernuaren oinarrietako bat baita hizkuntza araubidea.

Hiru gertakari kualitatibo, eremu juridiko-administratibo bakoitzeko bat, bi estatu tartean; gatazka armatuaren fasean gertatu ez zen mailako ofentsiba politiko-judiziala euskararen aurka. Ezin du kasualitatea izan; badago sakoneko korronte bat, testuinguru global bat eta aldagai funtsezko bat testuinguru horretan: estatu-nazioen egiturazko krisia. Euskararen aurkako jazarpen hau hizkuntza gutxituen aurkako erasoaldiaren baitan kokatzen da. Eta ondorioz, XXI. mendeko hirugarren hamarraldi honetan, euskararen aldeko borroka unibertsala da eta garaikidea, eta hau barneratzea funtsezkoa dela deritzot. Izan ere, nago, hizkuntza gutxituen aurkako ofentsiba orokor hau eta sortu duen erreakzio soziala bide erakusle zaizkiola euskararen aldeko mugimenduari.

Hizkuntza gutxituen aurkako joerak aniztasunaren aurkakoak dira, eskubide ukatzaileak eta elkarbizitzaren kontrakoak. Hain zuzen ere, elkarbizitzaren aldeko diskurtsoa erdigunean jarrita asko dute irabazteko hizkuntza gutxituen aldeko mugimenduek: «Nik ez dizut zuri euskara inposatu nahi, baina zuk ere ezin didazu niri hizkuntza hegemonikoa inposatu», eta horrek hiztun eleaniztunak eskatzen ditu, hizkuntza gutxituak ditugun komunitateetako herritar guztiok hizkuntza guztiak ezagutzea. Eta horrek hizkuntza gutxituen aldeko diskriminazio positiboa galdegiten du hizkuntza politikan. Azken garaietan, euskararen diskurtso nagusiek lehentasun erabatekotzat hizkuntzaren erabilera hartu dutelarik, ezagutzaren aldagaia gutxietsi delakoan nago.

Hizkuntza gutxituen aurkako ofentsiba politiko-judizial hau, elkarbizitzaren aurkakoa den heinean, demokraziaren kontrako erasoa da. Ondorioz, euskararen aldeko mugimendua demokraziaren aldekoa da eta haren kontra egiten duenak demokraziaren aurka egiten du. Ipar Euskal Herriak, beste behin ere, aurrea hartu die Hegoaldeko herrialdeei. Han gorpuztu den mugimendu politiko transbertsal hori da hegoaldean ere artikulatu beharrekoa, Nafarroan zein mendebaldeko hiru probintzietan. •