Koldo Sagasti

«Rishmawi afera» eta elkartasunaren kriminalizazioa

Bi hilabete luze pasatu dira Israelgo armadako soldaduek Juana Ruiz Sanchez langile humanitarioa bahitu zutenetik. Ruizek, Juani Rishmawi izenez ezagunagoa Palestinarekiko elkartasun zirkuluetan, 35 urte zeramatzan Health Work Committees erakunde sanitarioan lanean, harik eta iragan apirilaren 13ko goizaldean okupazio armadak bere Betleemgo etxean sartu eta, leporatzen zizkioten balizko karguak jakinarazi gabe, atxilo eraman zuen arte. Geroztik espetxe militar batetik bestera eraman dute, bakartuta beti, eta sei ordutik gorako itaunketak jasan behar izan ditu, bere erakundea PAHF (Palestina Askatzeko Herri Frontea) alderdi ezkertiarrarekin lotuko zuen aitorpen bat ateraraziko ziotelakoan. Iragarritako atxiloketa baten kronika izan da; izan ere, Rishmawiren elkarteak, beste hainbat gizarte eragile palestinarrek bezala, urteak daramatza okupazio erregimenaren jomugan. Espainiar nazionalitatea izanagatik, herritar palestinarrei ezarri ohi dieten salbuespenezko legedi militarra ezarri diote Rishmawiri. Giza eskubideen aldeko elkarteek salatzen dute Palestinako populazioaren %20 noizbait kartzelatik pasatu dela, eta Juanirena milaka palestinar horien arteko beste kasu bat gehiago izan liteke, baina bereak badauka oso intentzionalitate bihurri bat: Palestinarekiko elkartasun mugimenduan izua hedatzea. Rishmawiren atxiloketa beste azkoin buelta bat da giza eskubideen aldeko mugimenduaren kontrako beldur estrategian, mehatxu esplizitu bat Palestinan jarduera humanitarioan diharduten erakundeentzat.

Uztailaren 7an dago aurreikusita Rishmawiren kontrako epaiketa militarra. Orain arte ezer egin ez duten Espainiako erakundeen erantzukizuna da langilea libre utz dezaten egin beharreko eginbide diplomatikoak egitea. Gure ardura, berriz, sionismoak ezarri nahi duen beldurraren aurrean amore ez ematea. •