Miren Azkarate Badiola

Agur goxoak

Batzuk badoaz eta beste batzuk badatoz. Osaba duela hilabete joan zitzaigun eta bigarren haurra hilabete barru izango dut. Bizitzaren legea omen da, batzuei agur eta besteei kaixo esatea. Halaxe tokatu zait niri ere oraingoan. Ezberdina izan da lehenaren kasua, beti bezala tristea izan da bai, baina era berean bere oroimenezko ekitaldiak umoretik, abestuz eta maite genuen guztion artean (asko gara!) antolatuak izan dira. Eta ezberdina izaten ari da ere bigarrena, oraingo honetan ez bainaiz ni haurdun dagoena, nire bikotea baizik.

Ez nuen sekula imajinatuko guraso izango nintzenik ni neu izan gabe nire haurra erditzen duena, Disney-k eta “Goenkale”-k ez zidaten zirrikiturik txikiena ere eskaini horretarako. Eta halako batean emakume batekin eraiki nuen nire bizi proiektua eta abaniko zabal bat ireki zen nire aurrean. Lehenengo haurra nik ernalduko nuela argi genuen bezala, denborarekin, bigarrena berak ekarriko duela ere adostu dugu. Prozesua oso ezberdina da eta esan behar dudan lehen gauza da luxu bat dela. Hau da, oso zortedun sentitzen naiz alde ezberdinetatik bizi ahal izateaz haziera. Badakit zer den erditze bat eta orain akonpainamenduaren aldea ezagutzen ari naiz, baina beti bestea bizitzen ari den hori oso ongi ulertuz: hasierako gorputzaldi txarrak, ttikiaren lehenengo mugimenduak sentitzea, tripa handituz doan heinean lo okerrago egitea…

Egoera bitxia egiten zait oraindik baina asko gozatzen ari naizenik ezin uka, esan bezala ohikotik kanpo dagoen egoera bat delako.

Pozik nago osabari modu honetan esan diogulako agur eta pozik nago amatasunari horrela esango diodalako kaixo. •