Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa

Gazteen irtenbideak aisialdi eta kulturari

Hilabeteak dira konturatu ginela urte eta uda honek aurrekoaren antz handia izango zuela. Baina horrek ez du eragotzi gazteek jai herrikoien eta sorkuntzaren inguruko lanketak martxan jartzea. Immobilismoaren eta indibidualismoaren aurrean, tokian tokitik aisialdiari buruzko gogoeta kolektiboak plazaratu eta sareen bidez kulturari irtenbideak eskaini dizkioten gazteak dira elkarrizketa hauen protagonistak, herri eta hirietan alternatibak sortu eta lokaletik Euskal Herriaren etorkizuna ehuntzeko bidea hasi dutenak.

Goizetik gauera eta aldez aurretik abisatu gabe, covid-19ak gazteen egunerokotasuna eta harreman sozialak eraldatu ditu. Konfinamendua, bakardadea, ziurgabetasuna... eta ondoren krisia, prekaritatea eta erruduntasuna. Pandemiaren kudeaketaren arduradunek eurei egotzi diete hondamendiaren errua, eta inork ezin du ukatu kaleko edanak eta jaiek osasun mentalak edo prekaritateak baino albistegi gehiago ireki dituztela. Aisialdi alorreko murrizketek kaleak ukatu dizkiete, baina egun, pandemiak su-etena eman duelarik, pixkanaka, erreportaje honen oinarri diren aisialdi eta sorkuntzarako espazioak berreskuratzen ari dira Euskal Herriko gazteak.

Alazne Apellanizek, Irune Intxaustik, Peru Aiartzak eta Julen Oillarburuk ez dute elkar ezagutzen, eta ezin da begi hutsez esan elkarrizketa hauetan landu diren gaiak lotura dutenik. Baina, tokian tokitik, osoko zuzenketa aurkeztu dute 18 eta 25 urte bitarteko lau gazte hauek. Euren esperientziek agerian uzten dute gazteak mugitzen ari direla, pandemian ere espazioak eraldatzeari, aisialdiari buruz hausnartzeari eta sormena lantzeari ez diotela utzi, beretik eta berentzat eragiten.

Festarik gabeko uda honetan, jaietan herri mugimenduak duen garrantzia goraipatu dute Gasteizko Gazte Karpan, eragile izatera pasatu nahi dutelarik. Donostiako Parte Zaharrean sortzaileak saretze lanetan ari dira. Arratian, udalekuen bidez, haurrei transmititutako balioei eta hezkuntza ez-formalari eman diete garrantzia, eta EHZ musikatik harago doan festibalaren antolaketan ere badabiltza gazteak, gurpilak ez diezaion biratzeari utzi.

 

Irune Intxausti

 «BALIOAK TRANSMITITZEN DITUGU EKINTZA GUZTIETAN»

Haurrek jolasteko duten tartea baino askoz gehiago da aisialdia. Udalekuetan hezkuntza ez-formalaren garrantzia jartzen da mahai gainean, eta bertatik igarotzen direnek balio zehatzak partekatzen dituzte, erreleboa hurrengo belaunaldiari pasaz.

Zer lan egiten duzue zehazki Arratiako Zaztaparretan?

Zaztaparrak da Arratiako aisialdi taldea, non hainbat proiektu ditugun martxan. Horien artean, Arratiako herrietako ludotekak ematea, udaleku irekiak, eskolaz kanpoko ekintzak, herriko jaietan antolatzen ditugun jolasak, tailerrak… Baina daukagun proiektu nagusia udaleku itxiak dira. Abuztuko lehenengo 12 egunetan egiten dira, Euskal Herriko herriren batean, Arratiako eta Zeberioko umeekin. Bertan, hainbat balio transmititzen ditugu: euskara, talde lana, inklusioa, berdintasuna...

Nola aldatu du pandemiak dinamika?

Pasa den urtean ezin izan genuen antolatu udaleku itxietako proiektua, nahiko zaila ikusten genuelako neurriak betetzea. Aurten umeak ezin izango dira batera egon; hiru taldetan banatu beharko ditugu: txikiak ertainak eta nagusiak.

Neurrien etengabeko gorabeherak zaildu egin al du antolaketa lana?

Lan hori garatzen hasten gara irail hasieran, eta urte osoan egiten dugu lan, abuztuaren erdialdera arte. Irailean hasi ginenetik neurriak aldatuz joan dira eta proiektua aldatu egin behar izan dugu askotan; gurasoei helarazi diegun informazioa aldatzen joan da… ez dakigu mantendu ahalko dugun daukagun proiektua.

Kuadrillako talde itxitik atera eta jende berria ezagutzeko espazio egokiak al dira aisialdi taldeak?

Azkenean, begirale garenak Zaztaparretan ume izan gara inoiz. Eta hortik badaukagu gure harreman estua, baina bai, nik uste dut aukera ona dela Arratiakoen artean harremanak sendotu eta balioak transmititzeko.

Aisialdia baino gehiago, hezkuntza ez-formala ere lantzen duzue.

Gure balioak transmititzen ditugu egiten ditugun ekintza guztietan, talde lana eta autonomia bultzatuz. Uste dugu balio horiek egokiak direla transmititzeko, baita umeek disfrutatzeko ere.

Garrantzi handia ematen diogu hezkuntza formalari, baina horrelako udalekuek garrantzia dute haur edo nerabe baten bizitzan.

Askotan pentsatzen dugu jolasen bidez ezin direla gauza serioak transmititu. Guk, ordea, uste dugu hori posible dela eta ahal den heinean hori egiten saiatzen gara.

Beraz, gizartea eraldatzeko ere balio dute?

Gizarte honetan, arlo askotan, erabakiak hartzeko aukera kentzen dute, goitik hartzen direlako erabakiak. Guk udalekuetan bultzatzen duguna da umeen autonomia, erabakiak hartzea, inposatuta dagoena ez egitea, denok hartzen dugu parte udalekuaren garapenean.

 

Julen Oillarburu

 

«EUSKAL KULTURAREN INGURUAN EGITEN DEN TOPAGUNEA IZAN NAHI DU EHZ-K»

Kultur ekimenak geldirik dauden pandemia honen testuinguruan, EHZ festibala antolatzen duen elkarteak iragarri zuen 25. edizioa uztailaren 2, 3 eta 4an ospatzeko lanean ari direla. Tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta bestelako lanketa kolektiboak egongo dira, esperientzia kolektibo anitzen espazioa izatea helburu. Baina, noski, musikarik ez da faltako, eta Ruper Ordorika, Kuartz eta Chill Mafia, besteak beste, izango dira Irisarriko oholtzan. Julen Oillarburu festibal honen antolatzaileetako bat da.

Izurritea, salbuespen egoera, kultur ekimenen etena... Ez da erraza izan EHZren 25. edizioa posible egitea.

Ez da batere erraza izan. Hasieratik, urtarriletik, guk erabaki genuen EHZ bai ala bai egin behar genuela. Kontzertuak egin nahi genituen hasieratik, osasun neurriak errespetatuz. Gure antolakuntza edo aurtengo formatua aldatu egin dugu. Pixka bat konplikatua izan da, neurriak aldatu direlarik egokitu behar izan dugulako.

Prefeturarekin adostu duzue eta kanpalekua izango da.

Kanpalekua izango da, eta 3.000 pertsona sartuko dira. Kontzertuak zutik ere ikusi ahal izango dira. Azkenean, festibala duela bi urtekoa bezala izango izango da, edo bederen antzekoa, nahiz eta osasun paseak eskatuko ditugun.

Aipatu bezala, ibilbide luzekoa da EHZ festibala. Zeintzuk izan dira bidean topatu dituzuen gorabeherak?

Balorazioa egitea zaila da. Baina esan daiteke EHZk, alde batetik, bere balioak ez dituela galdu: hainbat tokitako laborearekin lanean ari gara, brigada ubela dugu… Segitzen du bere balioak aplikatzen hiru egun horietan. Bestalde, 25 urte iraun du, belaunaldiz belaunaldi transmititu den tresna baita EHZ. Aurten ere, laguntzaileak motibaturik daude, laguntzeko prest. Azkenean, arazo ekonomikoak jasan ditu, pandemia… baina beti hor da.

Zer garrantzi du Ipar Euskal Herriko gazteriarentzat?

EHZ beti garrantzitsua izan da gazteriarentzat. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko lehen festibala baita, 1996an sortu zelarik. Eta gero hastapenetik topagune bat izan da barnealdeko eta kostaldeko gazteen artean. Euskal kulturaren inguruan egiten den topagune bat izan nahi du. Gazteei eskaintzen die leku bat hiru egunez elkar ezagutzeko eta jokatzeko euskal kulturaren inguruan.

«Besta bai, gogoeta ere bai» lelopean egin duzue edizioren bat. Nola bateratzen da eduki politikoa eta festa?

EHZ festibal normal bat baino haratago doa. Lehen aipatu dut euskal kultura, baina hemen ditugun arazoekiko eramaten ditugun gogoetak ere hor dira. Aurten ere izanen da eztabaidarako txoko bat; hainbat mahai-inguru antolatu ditugu. EHZ festibal bat baino gehiago da, pertsona batek aktore gisa festibalean parte hartzeko balio du, bere ideiak partekatzeko.

Zeintzuk dira EHZren oinarriak?

Kulturgintza plaza bat da, hausnarketa plaza bat. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den tresna bat da, baina batez ere gazteak formatu ditu antolaketan. Laguntzaile bezala hasten gara, pixkanaka ardurak hartzen ditugu, eta, azkenean denak formatu dira edo militante bilakatu dira EHZri esker.

Nola moldatzen zarete EHZ moduko festibal bat aurrera eramateko?

Aurten, biziki berezia izan da eta denbora laburrean antolatu dugu. Komisioetan antolatzen gara: administrazioa, komunikazioa, eduki politikoa, teknika, brigada berdea, brigada ubela, janaria... Gero badugu koordinazio gune bat, non komisio bakoitzeko arduradunak joaten diren. Modu aski horizontalean antolatzen gara, parte-hartzailea da.

Eta hori, gazteak ezertarako mugitzen ez direla dioten iritzien aurka.

Denak gara gazteak EHZn. 25 urte ditut nik, baina komisio batzuetan 17-18 urteko gazte batzuk daude, eta, horrela, pixkanaka ikasten dute. Horrela ikasi dugu besteok. Jakin behar da azken hiru hilabeteetan 60 bat gazte ari direla antolakuntza lanetan.

Publikoari begira, helburua ez da musika kontsumitzeko festibal bat martxan jartzea.

Hori da, ez da festibal komertzial bat, non helburua den soil-soilik musika kontsumitzea. Musikaren partetik ere bada lanketa bat, euskal musikaren baitan dagoen aniztasuna plazaratu nahi dugu festibal honetan, hainbat artistari aukera eman beren sorkuntzak erakusteko. Hori aurten oso garrantzitsua izango da.

 

Alazne Apellaniz

 

«ESPAZIO IZATETIK ERAGILE IZATEKO PAUSO BAT EMATEN GABILTZA GAZTE KARPAN»

Gasteizko txosnagunean dago Gazte Karpa. Hiriko gazte mugimenduaren ekimenez sortu zen guneak 10. urteurrena ospatu du aurten. Pandemiak eragin zuen etenaldiak balio izan die jai eredu alternatibo bat eskaintzen duen espazio izatetik eragile izatera pasatzeko. Edo horretan ari dira, aisialdiaren inguruan hausnartzen eta proiektu berriak martxan jartzen.

Txosnaguneak etenaldi bat izatea erabaki zenuten pandemia hasi zenetik. Baina kalean jarraitu eta lana egin duzue denbora honetan?

Kalean eta barrura begira ere lanean jarraitu dugu. Azken batean, jai ereduaren eta aisialdiaren inguruan hausnarketa bat egin dugu eta proiektu berriekin hasi gara. Hori dela eta, gure kasuan espazio izatetik eragile izaterako pauso bat ematen gabiltza, eta egia da pandemiak, arlo horretan, onura ekarri digula. Hausnarketa hau auzoetara ere zabaldu dugu.

Iaz, pandemia zela-eta, YouTube bidezko musika emanaldia antolatu zuen Gazte Karpak.

Honen helburu nagusia batez ere Gasteizko eta Arabako sortzaile nagusiak ezagutaraztea zen, eta Gazte Karpak izugarrizko bultzada ematen die haiek ere indar hori hartzeko. Horrez gain, egia da Gazte Karpa gazte ezberdinentzako espresio tokia bilakatu dela eta Txosnagunearen barnean horiek bultzatzeko eta saretzeko apustua egin ahal izan dute.

Maiatzean Gazte Karparen 10. urteurrena ospatu zenuten. Zer balorazio egiten duzue hamar urte hauetaz?

Hamar urte hauek aldakorrak izan dira eta jende asko pasatu da Gazte Karpatik, gazteak eta agian ez hain gazteak diren batzuk, belaunaldi gazteei ekarpen bat eginez. Gazte Karpa familia bat bezalakoa da eta Gasteiz guztia horren barnean dago. Azken batean, Gasteizko gazteriak orokorrean Gazte Karpa motibazio bat bezala ikusten du. Errekonozimendu hori egiteko, pentsatuta daukagu bideo baten bidez Gazte Karpak egindako lanari eskerrak eman eta gazte belaunaldi berri horrekin esperientziak konpartitzea.

Pandemiaren ondorioz, gainera, 40. urteurrena ospatzeari uko egin behar izan diote Gasteizko Txosnek. Zer egin nahi zenuten?

Egia da Gasteizko txosnek ere uko egin ziotela. Gazte Karpa, pandemia honetan, saiatu da apur bat jai eredu horietatik ateratzen, eta hortik at, saiatu da aisialdiaz ere disfrutatzeko aukera ematen. Uda honetan zehar aldarri eta proiektu ezberdinak burutzen saiatuko da, Gasteizko Txosnekin bat eginez.

Urteurrena ez da udara begira antolatu duzuen ekimen bakarra. Zer gehiago prestatu duzue hurrengo hilabeteetarako?

Egia da ez dakigula nola egongo den egoera, oraindik proiektu bat amaitu berri dugu hamargarren urteurrena dela eta. Lanean gabiltza oraindik konfirmazio batzuen bila, baina gure asmoa da Gazte Egun bat antolatzea, eta Gazte Karpako izaera eta elkarlan hori berriro bermatzea.

Gazte Karpak lotura handia du festarekin, baina hortik haratago doa.

Pandemia honek apur bat ezustekoan harrapatu gaitu, baina aurretik hausnarketa bat egiten ari ginen. Irudikatzen genuen Gazte Karpa ez zela soilik jaietara bideratu behar zen espazioa. Espazio hori izatetik haratago, helburu eta erronka batzuk zehaztu genituen eta proiektu batzuetan oinarritu gara. Esan dudan moduan, jaien eredu horietatik at, gustatuko litzaiguke aisialdiari garrantzia ematea.

Gasteizko txosnak lanaldi luze baten emaitza dira. Zer harreman ezartzen da kideen artean denbora horretan? Eta Gazte Karpan bertan?

Txosnak herritik eta herriarentzat antolatzen ditugu, konpromisoarekin baina gogo pilo batekin, mimo handiz. Zalantzarik gabe, honek Gasteizko herri mugimenduan saretze eta elkarlan bat sortzen du eta ekartzen du denon artean elkarlan hori bultzatzea. Gasteiztik ere horrela jasotzen ditugu jaiak, edo jendeak ere horrela jasotzen ditu. Azkenean, jende asko identifikatuta sentitzen da gure jai ereduarekin eta atzean dagoen lana kontuan hartzen dute.

Herri mugimenduaren adierazle da orduan Gazte Karpa?

Bai, zalantzarik gabe. Badakigu jaien barruan kokatzen den aldarri bat dela, baina jaiak aldarriz betetzen ditugu, borroka espazio bezala ulertzen ditugulako. Feminismotik, euskaratik, sozialismotik bultzatzen ditugun jai ereduak dira, eta urtero borroka ezberdinen erakusleiho izaten garela esango nuke.

 

Peru Aiartza

 

«ELKARREN ARTEKO BABESAK LAGUNTZEN DU SORTUTAKO HORI ARGITARATZEN»

Sorkuntza Txokoa itxialdi garaian sortu zuten Donostiako Parte Zaharreko hainbat gaztek, hiriko sortzaileak saretzeko asmoarekin. Pandemia garaian kulturari irtenbide bat bilatu zioten, eta Sortzaileen Eguna ere ospatu zuten.

Nola eta zergatik sortu zen Sorkuntza Txokoa?

Auzoan gazteok harremana daukagu gure artean, gazteen mugimendua dago. Baina ikusten genuen bakoitza bere esparruan ibiltzen zela sortzen, eta askotan kostatzen zitzaigula sortzen dugun hori erakustea. Beraz, erabaki genuen biltzen hastea. Elkarren arteko babesak laguntzen du sortutako hori argitaratzen, mahai gainean jartzen edo besteei erakusten.

Zeintzuk dira martxan jarri dituzuen ekimen nagusiak?

Gelditzen hasi ginenean, lehendabizi hitz egin genuen gure nahien inguruan, zer lortu nahi genuen noizean behin bilduz… eta helburu bezala jarri genuen Sortzaileen Egun hori. Kontzertuak egon ziren, bertso saio bat, mural bat margotu genuen... Gainera, egun horretan aurkezteko, helburu bezala jarri genuen literatur liburuxka bat aurrera ateratzea. Gazte ezberdinak animatu ginen bertan parte hartzera.

Nolakoa izan da antolaketa lana?

Hasieran, pentsatu genuen astean behin biltzea, baina ikusten genuen agian hori karga handiegia izan zitekeela eta hasi ginen bi astetan behin biltzen. Librea zen bertaratzea, inongo ardurarik gabe. Tarte hori erabiltzen genuen sortzeko, batak besteari lagunduz, ideiak emanez, bakoitzak eskain zezakeen hori eskainiz.

Zein da gazte esparruan sorkuntzaren munduak bizi duen egoera?

Nik uste gazte eta orokorrean pertsona sortzaile asko dagoela, baina egia da sortzen dugun asko guretzako gordetzen dugula. Horrelako ekimenekin aukera hori dago, begirada zabaldu eta gertukoei bakarrik erakutsi beharrean, pixka bat haratago argitaratzeko. Ni bertsotan ibiltzen naiz; horrek ematen dit barruan dudan hori kanporatzeko aukera. Baina egia da nire kabuz dexente idatzia daukadala eta hor gelditzen dela askotan, koadernotan.

Badaude sortzaile izatetik bizitzeko aukera dutenak, baina gehienek beste lan bat behar izaten dute.

Bai, gure kasuan bigarren aukera horretan kokatzen gara. Ikusten genuen ekimen hau polita zela gure buruak xaxatzeko. Epe finkoak jarrita zeure burua behartzen duzu, askotan sortzearena jartze kontua da.

Gazteek sortzeko grina dute, baina agian ez daude tresnak gogo hauei aterabide bat emateko.

Tresnak baino, nik uste gehiago dela inguruaren babes hori edukitzea. Talde sentsazio hori edukita, indarrak hazi egiten dira eta horrek hauspotzen du sortzeko grina hori.

Zeintzuk dira sorkuntza txokoaren ardatzak?

Egia da guk euskaratik sortzen dugula, baina, adibidez, etorri zen mexikar lagun bat. Berak ez daki euskaraz, guk lagundu genion lanak euskaratzen, berak erakutsi zigun gaztelaniaz egiten duena eta hori ere onartua dago gure sorkuntza txokoan.

Ekimen hau koiunturala da ala etorkizunean jarraipena ematea aurreikusten duzue?

Helburu bezala jarri genuen Sortzaileen Egun hori eta oso ondo atera zen. Egun hori pasatu da, udan bakoitzak bere planak egiten ditu. Baina asmoa da berriro ere gelditzen hastea eta sortzen jarraitzea.