Mirari Martiarena Iraola

Historia

Askotan entzun izan dudan esaera da hau: Gaur egun gertatzen ari dena ulertzeko atzera begiratu behar da, historiari begiratu behar zaio. Historiari erreparatuta gauzak ziklikoki nola errepikatzen diren ikusiko baitugu. Ikasle nintzela gustuko nituen Historiako klaseak, irakasleek ere bazuten zerikusirik noski, baina orokorrean interesez jarraitzen nituen bateko eta besteko kontuak. Nota txukun xamarrak ateratzen nituen eta horrekin gustura.

Historia liburuetan azalduko ez diren arren, denok dugu gurea: Historia eta istorioak. Xelebrekeriak, pasadizoak, gertakizun gozoak, gaziak, minak eta pozak. Batzuk betirako iltzatuta geratzen dira gure memorian eta kontatzen ditugun bakoitzean epikotasuna irabazten dute. Gerta liteke leku, momentu eta une berean zurekin zegoen horrek une hori sekula ez gogoratzea eta zuk jakitea pertsonak zer esan zuen bere puntu, koma eta hiru puntuekin.

Badira nire bizitzan oso gogoan ditudan hiru momentu, bi unibertsitate garaikoak. Lehenengoa Gaztesareko “Irauli uhinak” irratsaioan Jon Plazaola elkarrizketatu genuenekoa. Bigarrena, Aitziber Garmendiak “Matraka” “Berria” egunkariko gehigarrian suizidioari buruz idatziriko zutabea. Ordutik jarraitu izan ditut euren ibilbide profesional eta proiektuak. Etxeko eta gertuko sentitu izan ditut beti eta umoregintzan nire bi erreferente izan dira. Eta zenbatetan ez ote zitzaidan burutik pasatu: gustura egingo nuke eurekin lan. Hirugarren momentuan ere Plazaola da protagonista, nola kontatu nion oso modu hipotetikoan bakarrizketak egiten hasteko aukera, ideiak zein izan zitezkeen eta erantzun zidan irribarretsu: egina daukazu, jarri eguna eta egin. Ni aitzakia bila eta berak, berriz: jarri eguna eta egin.

Iazko abuztuko egun eguzkitsu batean, oporretatik bueltan nentorrela jaso nuen espero ez nuen telefono deia. “Barre librea” telebista saiorako gidoilari izateko eskaintzarekin. Ez dut inoiz opor osteko sindrome hain gozorik izan. Hainbeste miresten nituen eta ditudan bi umoregilerekin lan egiteko deitu ninduten. Aitziber, Jon, Kepa Errasti eta Getari Etxegarairekin lan egiteko proposamena, nire ametsik gozoenetan ere uste dut ez zela horrelakorik gertatu. Pozarekin batera azaldu ziren maila ez emateko nire beldurra eta bertigoa. Baina haiengandik jaso dudan konfiantza eta maitasunak desagerrarazi zuen pentsamendu hori. Lan egiteko modu berezia izan da gurea, baina definizio bat ematekotan intentsoa izan dela esango nuke. Ez ditut ahazteko produkzioko Izaskun eta Alaitz ere, zaintza lanetan parekorik ez duten bi emakume.

Irailetik hona zenbat ikasi dudan esateko hitzak ez zaizkit kabitzen. Nahiz eta etiketak ez zaizkidan gustatzen, nire burua “Sortzaile” eta “Umoregile” hitz larriz izendatzeko balio izan dit eta itzalean egiten den lana zein garrantzitsua den berrikasi dut. Etengabeko ikasketa eta sormen prozesua izan da, bai kamera atzekoa eta bai aurrekoa. Nire historia pertsonaleko kapitulu garrantzitsuenetako bat, zalantzarik gabe. Hain jende politez inguraturik lan egiteak ez du preziorik.

Atzera begiratu behar da tarteka nondik gatozen gogoratzeko eta momentuan bizi dugunari behar duen balioa emateko. Ikasturte honi eta “Barre librea”-ri ematen diodan balioa ez zait bihotzean kabitzen. Askotan zauriekin marrazten ditugu gure bizitzako mapak eta horren baitan kokatzen ditugu denboran. Gaur dena pozez kontatzeak ez du esan nahi, orain gutxi zuloan egon ez naizenik. Bestela gogoratu orain bi hilabeteko nire kolaborazioa, baina hori ere umorez gainditu genuen. Hauxe da nire historiaren zati bat. Zein da zurea? •