Antton Izagirre

Mendeku txiki bat

Egun hauetan asko hitz egin da kataluniar presoen aldeko indultuaz eta espainiar erregeari, gogo txarrez, bere sinaduraz haiei eman beharreko babesak sortzen dion ezinegonaz. Jolas modura, maltzurkeria apur batek ematen didan argitasunak eraginda, une batez irudikatu dut bere errege jauregiko idatz mahai borobil edo karratuari biraka, zer pentsa, biraoka, “mekaguenka”, trantze estu horretatik eroso irten nahian bidezidorraren bila. Akordura ekarri ditut beste garai batean, ehunka zinegotzi, alkate, parlamentari... makurrarazi asmoz, gogo txarrez geu ere, konstituzio espainiarrari men egitera behartu nahi gintuzteneko denborak. Nola, irudimenak akuilaturik, “legeak hartara behartuta” lelo bera erabiltzen genuen batak bestearen atzetik, inposaketa hura salatzeko, duintasuna zapal ez ziezaguten.

Edo espainiar ejerzitoan soldadutza egitera eraman eta espainiar banderari muin egitera behartzerakoan, ataka horretatik agindua osotasunean bete gabe nola pasatu erabakitzeko asmatzen genituen trikimailuak.

Gauza bera, espainiar bandera udaletxeko balkoietan jartzera behartutako alkateek hura ikusezin egiteko buruturiko saiakerak.

Pentsamendu horietan katramilaturik espainiar erregeak zer bide hartuko duen jakin-minak arreta piztu dit eta agian harentzat ere irtenbiderik aproposena indultuen sinadura “legeak hartara behartuta” egitea litzatekeela pentsatu dut. Baina euskal abertzale disidenteok erabilitako eredu berbera erabiltzeak kontraesan gehiegi sortuko dizkiolakoan, baztertu dut aukera hori.

Orduan etorri zait gogora Madrilgo presidente andereak iradokitako aukera; hau da, indultuak sinatzeari uko egitearena eta irribarretxo maltzurra egin dut. Iruditu zait hori litzatekeela nik desio nukeen joera.

Edonola ere, patuak eraginda, mendeku txiki bat izango da. •