Gorka Zozaia
Kimikaria

Argazkien kimika II: antotipiak

Solarigrafiak egiteko proposamenarekin abiatu nuen pasa den hilean serie hau, fuerte samar; prozedura teknikoz eta azalpen teorikoz josia joan zen artikulua. Gaurkoan suabeago, argazkigintzaren esentziara hurbilpen bat egitera nator, edo «fotografiak» etimologikoki esan nahi duen bezala, argiarekin idaztera animatzera.

Solarigrafia fotografiaren azken asmakizunetako bat bada, antotipia fotografiaren hastapenetako teknika bat dugu. Lehenak, zilarra du agente fotosentikorra –ohiko argazki papera alegia–, eta antotipiak berriz, landare estraktua. Jatorri begetaleko gai kimikoek hamaika erabilera izan dituzte antzinatik, baina XIX. mendearen hasieran egin omen ziren hauen izaera fotosentikorraren gaineko lehen ikerketak. Izena eraman zuen John Herschelek eta emakume izateagatik itzalean geldituriko Mary Somervillek hainbat begetaletatik emultsio fotosentikorrak erauzi zituzten eta horixe egiteko gonbita egitera natorkizue gaur.

Irudira ekarri ditudanak, saretik harturiko adibide batzuk besterik ez dira. Lehenak gerezien estraktua du oinarri, honen eskuinekoak masustarena, hirugarrenak lonbarda azarena eta azkenak marrubiarena. Ziazerbak ere oso erabiliak dira berdeak lortzeko. Nik neuk erremolatxarekin egindako antotipia erabili nahi nuen artikulua ilustratzeko, baina Euskal Herriko zerua astronomia zaleentzat bezain frustragarria da eguzkia oinarri duen argazkilaritza zaleentzat. Udak eguzki egunak eskainiz gero, prozedura oso sinplea da: mortero edo likuadora bidez begetala txikitu urez edo alkoholez lagunduta. Nahasketa tela zahar baten batez iragazi eta lorturiko likido koloretsua (emultsioa) ahalik eta modu uniformeenean ezarri kartulina zuri batean. Lehortzen denean, argazki papera prest izango dugu. Paper honen gainean, proiektatzea nahi dugun hori jarriko dugu, izan hostoak edo baita gustukoa dugun argazki bat ere, aurrez transparentzia batean inprimatua. Ondo bermatua gelditu dadin, kristal bat jarriko diogu gainean (ohiko argazki marko bat oso erabilgarria da) eta eguzkipean jarriko dugu hainbat orduz. Eguzkiak, poliki-poliki, zuritu egingo du emultsioa, eta erregistratu dugun irudia hasierako koloreaz finkaturik geldituko da paperean, irudiaren positiboa lortuz.

Jakina, denboraren poderioz argiak argazki hau desagerraraziko du. Hori ekiditeko, eta solarizazio denbora laburtzeko, asmatu zuen aipatu Herschelek zianotipia deritzan teknika, burdina oinarri duten erreaktibo kimikoen bidez lortzen den emultsioak minutu gutxi batzuk soilik behar baititu argiarekin erreakzionatu eta denbora luzaz finkatzeko. Hori bai, teknika honen bidez lortzen diren irudiak negatiboak dira, eguzkiak emultsioa belztu (urdindu) egiten baitu, antotipian ez bezala. Zianotipiaz egin ziren landareen lehen erregistroak eta oso erabiliak izan dira luzaroan planoak kopiatzeko. Egile berari zor omen zaizkio «positibo» eta «negatibo» terminoak, baita antza «fotografia» terminoa bera ere. Are, zilarra oinarri duten argazkiak finkatzeko prozedura ere berari zor zaio, baina hori hurrengo kapituluan ikusiko dugu. •