Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Aurpegia eman

Deigarria iruditzen zait kanpoko espazioetan musukoaren derrigortasunik ezaren eta biluztasunaren arteko konparaketa. Jende askori entzun diot musukoa ez eramateak biluzik sentiarazten duela, bistan.

Alde batetik, biluztasunarekin dugun harremana etorri zait burura, gorputza erakusteak duen indarra eta zailtasuna, bereziki sakratuak diren zatiak agerian uzteak; hau da, hankartean kokatzen direnak. Biluztasuna mehatxua izan da gure jendartean, arriskutsua, zikina eta lotsagarria. Beraz, musukorik gabe ibiltzeak lotsa sortzen digu? Arriskuan gaudela sentiarazi? Dirudienez, horrela bizi dute askok. Arriskutsua, gaixotasunarekiko beldurragatik batzuentzat; lotsagarri, aurpegia erakusten dutelako... Dena dela, musukoaren erabilerak izan ditu ondorioak gure harremanetan eta komunikatzeko moduan.

Biluztasunaren eta arriskuaren arteko harremana ez da berria eta oraingoan ere lotuta daudela esango nuke. Alde batetik, birusaren arriskua eta bestetik, aurpegia emateak dakarrena. Azken honi erreparatuko diot. Maskararen beste aldean dagoena zein den jakiteko gure imajinaziora jo dugu gehienok; nolako ahoa izango du, hortzak, irribarrea, ximurrak, ezpainak, sudurra... eta galdera hauen erantzunek irudi bat eraikitzera eraman gaituzte. Orokorrean irudi hori gure nahietatik abiatu da, gure sinismen eta proportzioetatik eta une batean bestea edaten ikusi eta «hara! Ez zara nik uste nuen bezalakoa». Esango nuke gehienetan geure buruan egin dugun irudia atseginagoa izan dela, bestea ederragoa irudikatu dugula eta bestea ederragoa dela pentsatu badut, besteak ni ederrago irudikatu nau seguru. Horrek beste beldur batzuk esnatu ditu gugan; nahikoa ederra izango al naiz bestearentzat? Musukoak babesten zuen zatia erakusteak itsusi egingo nau ala ederragoa bihurtu? Musukoarekin elkar ezagutu duten pertsona askoren ahotan dagoen komentarioa izan da hau ere. Nahikoa ederra izango ote naiz...

Bestetik, aurpegia ematean sentitzen dugun biluztasuna etorri zait gogora. Garen bezala agertzeak beldur asko sortzen du, zaurgarri sentitzen gara, babesik gabe. Musukoarekin misterio puntu bat lortu dugu, espresio asko ezkutatzeko aukera eman digu, baita ez ikusiarenak egitera eraman ere. Ezkutatzeak dakarren babesa sentitu dugula esango nuke, bestearengandik urrutirago egoteak dakarrena. Baina babesa ez da bakarrik etortzen, baditu bere arrisku eta zailtasunak. Babesa ematen digun hori zerbaitetan jartzen badugu, musukoan adibidez, hau gabe geratzean arriskuan gaudela sentituko dugu, beldurtu egingo gara. Besteenganako konfiantzarik eza handitzen doan garaiotan, erronka bihurtu da hurbiltasuna.

Biluztasunak sortzen duen beldurra handia dela badakigu, baita aurpegia emateko zailtasuna bizi dugula ere, baina beste aldean, harremanen gertutasuna daukagu, aurpegietako irribarreak, garen bezala maitatuak sentitzea... Guztiaren oreka bilatzea izan daiteke gakoa, indarrak banatzea eta sentitzen dugunarekin dantzatzea. •