Isidro Esnaola

Europak gero eta lotsa handiagoa ematen du

Harrigarria egiten zait Europari buruzko ahots kritiko gutxi entzutea. Ez dakit komunikabideen kontrol ahalguztidunagatik den edo, besterik gabe, espiritu kritikoa desagertu egin delako. Edonola ere, Europak gero eta itxura tamalgarriagoa du esparru guztietan.

«Jendaila» kanpora atera. Mediterraneoaren beste ertzean zeuden herrialdeei Europako mugen kontrola eman zien EBk. Orain, diruaz gain, aitorpen politikoa ere eskatzen dute, adibidez, Marokok Sahararen kontura eta azken asteko Europar Kontseiluan Erdoganek bere borrokekin. Emigrazioarekiko obsesioa hainbesteraino iritsi da, ezen danimarkarrak haratago joan baitira, eta zuzenean planteatzen ari baitira atzerrian zentroak ezartzea, beren egoera konpondu bitartean asilo politikoa eskatzen duten pertsonak bizi daitezen. Giza eskubideekiko errespetu gutxi dago honetan guztian.

Arrazakeria. Kanpotik datozenek molestatzen dute, baina hori ez da oztopoa Europak besteen arazoetan eskua sartzeko, hori bai, ezkutuan. Ruandako genozidioan duen erantzukizuna aitortu berri duen Frantziako Estatuak esan zuen ez zuela ezer egin, egiten uztea nahikoa ez balitz bezala. Alemaniak ere barkamena eskatu zuen Namibian egin zuen genozidioagatik. Orain argitara atera dute Kanadan bizi diren europar emigranteek nola tratatu zituzten indigenak, seme-alabak kenduz eta ikastetxe katolikoetan sartuz. Bertan asko hil ziren. Antzeko adibidea aurki daiteke Europako herrialdeek kolonizatu zituzten munduko lurralde guztietan.

AEBen aurrean belauniko. Joe Biden Europatik igaro zen eta anfitrioi europarrek jauntxoa bezala hartu zuten. NATOren batzarrean Txina Ipar Atlantikoarentzat mehatxu gisa definitu zuen. Europarrek protesta txiki bat egin zuten, baina adierazpena sinatu zuten. Gero, Biden Putinekin adiskidetzera joan zen, Pekini aliatu bat kendu asmotan; Europar Kontseiluaren azken bileran, ordea, ez da gai izan bere auzokide errusiarrarekin goi-bilera bat egitea adosteko.

Multinazionalentzako paradisua. Europako hainbat herrialdetako zerga sistema oso ona da multinazionalentzat. G7ren partaideek adostu zuten hemendik aurrera mozkinen zergan gutxienez %15 ordaindu beharko dutela. Lorpen handitzat saldu dute G7koek baina ez da hainbesterako. Esate baterako, Europan herritarrok erosketa bakoitzarekin ordaintzen dugun BEZa %17koa da Luxenburgon, eta hortik gora, %27ra iritsi arte, Hungarian. Europa multinazionalen irabaziekin eskuzabala da, eta gainera, haien eskariei harrera egiten die. Horrela, Europa txertoen patenteen askapenaren aurkako arietea bihurtu da Munduko Merkataritza Erakundean. Kapitalaren Europa bere distira osoan.

Ez dituzte patenteak askatzen eta beren herritar guztiak txertatzen jarraitzen dute. Bien bitartean, munduko herrialde askotan oraindik ez da ezta osasun langilerik ere txertatu. Turismoa lehenbailehen berreskuratzeko norberekoikeria izateaz gain, arazo global bati aurre egiteko erabateko perspektiba falta da. Pandemiak konponbide globala behar du. Europak ez du, ez elkartasunik, ez ikuspegi orokorrik, ez enpatiarik, ez ezer.

Esaten dute barrutik hondamendiaren usaina ez dela nabaritzen. Ez dakit iritsiko ote den, baina argi dago Europak gero eta lotsa handiagoa ematen duela. •