Xabier Mikel Errekondo

Eutanasia eta suizidioa

Denok nahi dugu bizi, esan ohi da, baina ez da hain egia borobila. Norberak kito esan arte (zioak zio) nahi dugu bizi behintzat, duintasunez betiere.

Ekainaren 25etik indarrean den Eutanasia Arautzeko Legeak jende asko du zain, aspaldidanik zuen, bereziki duintasunik gabe eta sufritzen bizitzen jarraitu nahi ez dutenak; lasaitu ederra hartu dute.

Gehiengo zabal batek aspalditik begiratzen dio aurrez aurre bizitzari bere borondatez amaiera emateko aukerari. Legeak, baina, azpimarra batzuk merezi ditu: batetik, bidezidor nahasia, non medikuen eta Bermeen Jarraipen Batzordearen txostenen artean atzera-aurrera txirikorda luze batean gal zaitezkeen. Bestetik, denbora luze egin dakizuke, protokoloak ezarri epeak bete bitartean. Eta, azkenik, erabiltzaileak pairatu beharreko egoera zorrotzegia: gaixotasun sendaezina eta, desgaitasun handia edo bizi pronostiko mugatua eta sufrimendu onartezina.

Espero dut benetan eutanasia betirako iltzatzea gizartean, protokoloa arintzen joatea eta baldintzak epe laburrean xehatzea. Eta, amesten dut egunen batean edonork, edonoiz, edozein delarik bere egoera, bere borondate soilaz bururaino eraman ahal izatea suizidioa modu arautuan. Bizitzari eusteko eskubidea adinakoa baita agur esatekoa.

Nago, erlijioen paliotik eta aurreiritzi sozialetatik askatuta, suizidioa ikusarazteak mamuak uxatuko lituzkeela eta lege honek ausardiaz suizidio askea jasoko balu naturaltasunez onartuko lukeela gizarteak. Gizarte aurreratuagoa, libreagoa eta helduagoa litzateke.

Hori bai, erabaki ahalmenik gabeko balizko desgaitasun egoera baterako idatzi Aurretiazko Borondateen Dokumentua (ABD) eta jaso eutanasiaren aukera. •