Ander Gortazar
Arkitektoa

Gure igerilekuak

Aitortzen dut nik ere egiten dudala edozein hauteskunderen ostean. Pantailaren ezkerrean, bozken biharamunean ohikoak bihurtu diren kalez kaleko emaitzen mapak; eskuinean, Google Maps. Minutu luzeegiz, hauteskunde emaitzen eta hiriaren formaren arteko korrelazioak bilatzen ditut: kaleen zabalera, igerileku kopurua, auzoaren dentsitatea, hiri erdialdearekiko gertutasuna, estilo arkitektonikoak, eraikinen adina. Kataluniako hauteskundeetan bereziki interesgarria da.

Plazer txiki hori azalduz hasten du Jorge Dioni Lopez kazetariak “La España de las piscinas” saiakera (Arpa editores, 2021). Liburuan zehar, Espainiako hirigintza garaikideko fenomeno nagusi batean jartzen du azpimarra, hots, hiri handien aldirietan eraiki diren zabalgune berrietan. Bere tesia da hirigintza mota honek indibidualismoa eta deskonexio soziala sustatzen dituela eta behar zehatz batzuk sortzen dizkiela bertako bizilagunei. Behar horien arabera bozkatzerakoan, eskuina jaun eta jabe dela konstatatzen du Lopezek. Google Maps, Madrid; Sanchinarro, Las Tablas, Valdebebas.

Antzekotasunak izanagatik, aldiri hauek ez dute zerikusirik hirietako zabalgune historikoekin, ez eta XX. mendean zehar eraikitakoekin ere. Etxe irla itxiz osatutakoak dira, baina apenas dute merkataritza txikiarentzat tokirik. Auzoaren –eskuzabalegia ez ote den hala izendatzea– bihotza –esateko modu bat da– El Corte Ingles da.

Kaleak, hiribideak, plazak eta parkeak zabalak dira, zabalegiak, kotxearen logikaren arabera (gain)dimentsionatuak eta oinezkoaren logikatik ezatseginak. Haien helburu ia bakarra pixkanaka autobideen sarrera-irteera bihurtzea da eta, praktikan, garapen urbanistiko hauek autobide sareak sortzen dituen irlak betetzean dautza. Autobideek –diru publikoz eraikiak eta berriki pribatizatuak– kanpo harresi moduan funtzionatzen dute; zuhaixka, hesi, petril, horma, bideokamera eta alarma plakek, berriz, barne harresi moduan. Barruan, autobideek hesitutako auzoko etxe irla itxiaren erdigunean seguru, igerilekua. La España de las piscinas.

Izan ere, pentsatzekoa da eskala ezberdinetako harresi sekuentzia horrek ondorioren bat izan behar duela bertan bizi direnen asmoetan, lehentasunetan, motibazioetan. Alegia, norberaren ideologiari forma ematen dioten baldintza horietan guztietan.

Jorge Dioni Lopezek Gasteiz eta Iruñea aipatzen ditu –Salburua, Zabalgana, Sarriguren, Soto-Lezkairu–, eredua apur bat ezberdina den arren, nire ustez. Hala ere, ariketa arrunt interesgarria da eta komeni da guk ere egitea: zein dira Euskal Herriko hirigintza ereduek herritarrongan sustatzen dituzten asmoak, lehentasunak, motibazioak eta, azken buruan, ideologiak? Zeintzuk dira, bada, gure igerilekuak? •