Maider Iantzi Goienetxe

Norbera eta bertzea

Bada espazio bat norberarena, inork inbaditu ezin duena. Bertzeak marra hori pasatzen duenean, gehiegi hurbilduz edo galdetuz, nahi ez dudanean ukituz, nire itxurari edo bizimoduari buruz iruzkinak eginez, edo gehiegizko zaratarekin lasaitasuna galaraziz, sua pizten zait barrenean eta ahotik ateratzen zait herensugeari bezala. Irenstea okerrago izaten da. Goiti edo beheiti, edo erdian trabatuta, a ze erredura zintzurrean!

Bertzeari zer egin errateko ohitura hedatuegi dugula iruditzen zait, gehiago dakigulakoan; modurik onena, edo posible den bakarra, gurea delakoan. Uste horrekin epaitzen dugu.

Epai horiek izugarri eragiten digute, bertzearen begirada garrantzitsua delako norberarentzat. Bertan islatzen gara. Eta jaiotzen garenetik hiltzen garen arte, garen bezala ikusiak eta adituak izateko beharra dugu. Baina egiatan aditzen eta begiratzen al diegu ondoan ditugunei? Zentzu guztiekin erran nahi dut, jarrera ireki batekin, norberarena alde batera utzita. Hor erronka handia dugu. Izan ere, bertzea solasean ari zaigunean erranen diogunari buruz pentsatzen aritzen gara maiz berari kasu egin gabe edo erdizka entzunez. Eta elkarrizketan aberastu beharrean, bakarrizketak jaurtitzen ditugu, bakoitza berean tematuta.

Bertzearen isla horretan, etengabe egiten ditugu konparazioak. «Ume hau bertzea baino politagoa da» sarri aditzen dut, tamalez. Edo «X azkarra da eta Y ez hainbertze». Bereziki haur horiek anai-arrebak badira. Heldu egitean ere jarraitzen dute itxurari zein izaerari buruzko alderaketek, eta sekulako kaltea egiten dute, uste oker franko uzten digutelako iltzatuta.

Denok gara parekoak eta bereziak eta errespetua merezi dugu. Aniztasunak askatu egiten nauela sentitzen dut. Kasu honetan, pizten zaidan suak goxatu egiten nau, poztu, motibatu, itxaropenez bete. Bertzeak zabaldu egiten du norbere espazioa ere. •