Gorka Etxebarria Dueñas
Historialaria

Demokrazia kontsolidatua

Ilustrazioa: Jonbi EGURTZEGI
Ilustrazioa: Jonbi EGURTZEGI

Ezaguna da eszena. Haietako batek aurrera jotzen du eta besteek atzetik, modu desordenatuan. Kolpe eta kolpe. Ondotik pasatzen denari, punba! Zerbait oihukatzen dionari, danba! Norbait begiz jo eta han doa haren atzetik arrapaladan, jo duen arte. Gero, horietako hiruzpa-zazpi zauritu direla esaten digute. Kazetari banintz jakin nahiko nuke ea zer lesio izan duten gajoek eta, gainera, salatu egingo nuke Robocopen uniformeak egiten dizkien lantegia, ezinezkoa egiten baitzait ulertzea nola hainbeste kasko eta belaunekorekin norbaitek min har dezakeen. Uniformeak oso kalitate eskasekoak dira, gobernuek ez dituzte poliziak zaintzen. Hori izango da arazoa.

Madrilen jendea jipoitzen ibili da espainiar polizia aste honetan. Izan ere, nola da posible jendea haserretzea eta kaleko ordena apurtu nahi izatea? Marikoi bat hil dutelako bakarrik? Baina zer uste dute! Gauza bat protestatzea da eta beste bat, oso ezberdina, protestetan haserrea modu gordinean agertzea… Baina espainiar Gobernuak poliziak ulertzen ditu; dirudienez, protestariak ez hainbeste. Edo beldurra dio polizia haserretzeari…

Ohituak gintuzten horrelakoetara baina lehen biolentziaren eta biolentoen aitzakia (komodina) erabiltzen zuten. Orain, besterik gabe, horixe egiten dute eta listo. Jipoitu. Ernaiko gazteak edo Tubacexeko langileak. Erkorekak ez ikusiarena egiten du, literalki!! Arazo larria daukate jeltzaleek ere euren poliziaren barruan. Eskuin muturreko jendilajez betea dago. Eta balioko diete protesta egiten dugunak betikoak garen bitartean: langileak, emakumeak, gazteak, migranteak, disidente sexualak… Baina etorriko da egun bat, zeinetan publikoki eskuin muturraren alde egingo duten poliziek. Jada egin ez badute. Ahal izanez gero, berriro faxisten etorrera aldeztuko dute. Eta jeltzaleek esango dute ea nola den posible hori dena. Gainera, errua botako digute: zuek, betikoek, mozkorra-borroka, pintada-terrorismoa… Zuek probokatu zenituzten.

Badakit ez dela hitz fina, eleganteena ere ez, baina argi esan beharra dago: purga, purga eta purga. Gure ordezkari politiko independentistek faxisten purga galdatu behar dute, bai Madrilen bai Arkautin. Eskuin muturrari erantzuteko modu bakarra dago eta ez da horiekin hitz egitea. Ezker abertzaleak urte luzeetan behin eta berriro azpimarratu zuen Espainian ez zela estatu aparatua purgatu eta, gero, gerokoak. Poliziak erabilgarri zaizkie, kontrolaezin bihurtzen diren arte.

Espainiar epaile gorenek ere ahalik eta legearen interpretazio murritzena eta kontserbadoreena egiten dute eta, aspaldian, gero eta gehiago politikaz dihardute. Euren burua inoiz baino lasaiago agertzen dute, formak ere zaindu beharrik gabe. Modu espektakularrean eskuin muturraren posizioak babestuz. Imajina ezazu, irakurle, zuk edo nik unibertsitateko titulu bat inon matrikulatu gabe jasoko bagenu edo arkitektoak bagina bezala sinatuko bagenu…

Miguel Castellsek esaten zuen Herri Batasuneko senatari izan zen garaian: «Espainia ez da demokrazia; izan ere, ezinezkoa da Euskal Herrian demokraziarik ez egotea eta bai Espainian». Espainiako Gobernuak ere demokrazia kontsolidatuaren txorrada hori asmatu behar izan du, zerbait arriskuan ikusten baitute bertako progresistek ere… Niri euskal nazio foralaren ergelkeria hura gogorarazten dit demokrazia kontsolidatuarenak. Ez bata ez bestea, izatekotan, ez dira gauzagarri faxistek lanpostu publikoak mantentzen dituzten artean. •