Juantxo EGAÑA

Euskal Herriko Itzulia 1930ean

José Galle. Nafarroako artxibo erreala
José Galle. Nafarroako artxibo erreala

1930eko irailaren 18tik 21era Euskal Herriko VII. Txirrindulari Itzulia jokatu zen. Bertan, garaiko txirrindulari garrantzitsu gehienek parte hartu zuten. Hilaren 19an Gasteiz-Iruñea etapa korritu zen. Prentsak goizeko 8etan Gasteizen egindako irteeraren berri ematen zuen, baita ibilbide osoan biltzen ziren milaka ikusleen berri ere, bereziki Herrerako mendatean. Prentsak “Barkamenaren aldapa” deitzen zuen portuak ihes egiteko balio izan zion Styl taldeko Ricardo Montero txirrindulariari. Monterok berak, aurreko urtera arte Irungo Real Club Unionekin korritu zuenak, irabazi zuen etapa. Urte hartan, Erriberriko Mariano Cañardo Styl taldeko txirrindulariak irabazi zuen Itzulia. Bere kirol bizitzan 100 garaipen baino gehiago lortu zituen Cañardok. Beste lasterketa batzuen artean, Frantziako Tourrean parte hartu zuen: seigarren postua lortu zuen 1936an eta etapa bat irabazi 1937an.

Argazkian, Jose Gallerentzat posatu zuten zenbait ikusle eta teknikari ageri dira, irailaren 19ko etaparen amaieran, Mariano Cañardo (ezkerretik bigarrena) eta Ricardo Montero txirrindulariekin batera.