Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Ez da fikzioa

Wembley estadioan 60.000 pertsona «God save the queen» abesten entzutean, amaiera iritsi dela edonork sinets lezake. Euforia eta itxaropen besarkadak, arrotza egiten zaidan gertutasunean. Aldi berean, Euskal Herrira joateko larunbatean daukadan hegaldia bertan behera uztea oraindik posible dela gogorarazten dit lagun batek. 30.000 covid kasu egon ziren atzo, urtarrileko mailetan gaude berriro; denok etxean geunden orduan, dena itxita zegoen. Atzo Boris Johnsonek normaltasunera itzultzeko deia egin zuen, arau zorrotz guztiak bertan behera utziz. Etxean isolatzeko mezua telefonoan jasotzeak, birusa edukitzeak, gehiago arduratzen gaitu orain. Inkoherentzia izugarriak. Horiekin eta birusarekin harreman sinbiotiko batean sartuta gaude, bete-betean. Kontrola aspaldi galdu genuen, horrek ematen duen ziurgabetasunarekin.

Beharrezkoak diren proba eta paper guztiak badauzkat. Hamasei hilabeteren zama pisutsua da. Baina kontrolik gabe sentitzen naiz. Ez nago guztiz ziur zein izango den aireportuko protokolo berria. Hizki txikiko klausula guztiak irakurri ditut, baina anbiguotasuna iradokitzen duten hainbat esaldi aurkitu ditut. Amesgaizto eszenario asko daude hemen: aireportuan tokatuko zaidan dohakaberen bat, gupidarik gabeko horietako bat, hizki txikidun esaldi horietako baten beste interpretazio bat egingo duena. Eta, hemen esaten duten moduan, «computer says no», ordenagailuak ezetz esaten badu?

M-ren ama Parisko St Pancras geltokian zegoen, Londresa zetorren alaba bisitatzera. Erditzeko unean haurra galdu zuen duela bi hilabete M-k, eta trauma izugarri horren erdian ezin izan zuen amak bere ondoan egon. Ingalaterra itxita zegoen, ezin zen sartu. Paristik M-ri deitu zion; agidanez paper bat falta zitzaion, bi covid proba eginak zituen eskatzen zuten moduan, baina proba bat egin zuen lekua ez omen zen leku “ofiziala”. Inork ez zion horren berri eman.

Telefonoaren bestaldean ezer egin ezinda frustrazioz zegoen M, eta amak tristuraz telefonoa eskegi zion. Ondorengo ordubetean amarekin hitz egin nahian deika ibili zen baina ez zuen erantzunik jasotzen. Bi orduren buruan, azkenean, erantzun zion. «Trenean nago, baina ez dakit nora noan», izan ziren bere hitzak. M-k ez zuen ezer ulertzen. Zentzurik gabeko hainbat adierazpen egin zizkion. Zerbait gertatu zitzaion. Amaren alboan zihoan bidaiariarekin hitz egin eta zorionez trenean aurkitu zuten mediku bat eta haren babespean iritsi zen Londresa. M zain zegoen geltokian. Ama irribarretsu azaldu zen, egoera normal batean bezala; ez zekien zergatik zegoen han, ez zekien bere alabak haurra galdu berri zuela. Eguraldiaz eta garrantzi gutxiko beste hainbat gauzaz ari zen. Zuzenean ospitalera joan ziren eta amnesia kapitulu bat diagnostikatu zioten. 24 orduren buruan memoria berreskuratu zuen.

Fikzio istorio bat izan zitekeen hori. Baina, M nire laguna da eta hori bizi izan zuen duela gutxi. Ez dugu inoiz jakingo M-ren amak nola lortu zuen trenean sartzea. Anbiguotasun eta inkoherentzien irakurketa positiboa egiten duten batzuk badaudela jakitea itxaropentsua da. •