Nekane Zinkunegi Barandiaran

Irten bidera, zoriaren aurka

Zorte txarreko zenbakia omen da hamahirua. Dirudienez, sineskeriak Bibliako Ebanjelioan du oinarria, Jesu Kristoren azken afariko pasartean. Hamahiru gonbidatu bildu ziren afari hartan, eta batek heriotza tragikoa izan zuen. Horregatik egozten zaio zoritxarra hamahiru laguneko otordu eta bilkurak egiteari, eta hortik eratorri da hamahiru zenbakiarekiko uste txarra ere. Zorigaiztokoa hamahirua, erruaren estigmaz inguratu dugu, geure egiteko moduen ondorioak hari egotzita.

Hori aintzat hartuta, irudikatu zeinen zorigaiztokoa izango den 13/13 izendatu duten makrosumarioa. Zenbakia bezalaxe, erruaren estigmak inguratzen ditu epaiketa horretako auzipetuak. Arantzazu Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregi dira. Astelehenean hasiko da haien aurkako auzibidea, ETArekin harremana eduki izana leporatuta epaituko dituzte, eta denera, 77 urteko espetxe-zigor eskaera egin du fiskaltzak haien aurka.

Abokatu gisa euskal presoen defentsan lan egiteagatik leporatzen diete ETArekin harremana izatea. 2010ean atxilotu zituzten, urte hartan bertan utzi zuen ETAk jarduera armatua. Desegin zenetik, berriz, bost urte igaro dira dagoeneko. Beraz, anakronikoa bada, gutxienez, auzia. Gainera, auzipetuen defentsaz arduratuko diren hainbat abokatuk salatu dute irregulartasun nabarmenak daudela, 2008. urtetik legez kanpoko entzuketak jasan zituztelako, atxilotu zituztenean poliziek bulegoen miaketan sekretu profesionala urratu zutelako, edo jada espetxe zigorra bete duten delitu beragatik berriz epaitu nahi dituztelako zortzi auzipetuetatik lau. Are gehiago, atxilotuetako batzuek torturak salatu zituzten, eta tortura horiek egiaztatu egin ditu, besteak beste, Paco Etxeberria antropologoak Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txostenean.

Ondorioz, nahikoa arrazoi ditugu mobilizatzeko. Auzi horren emaitza zoriaren esku utzi ordez, gure esku dagoena egiteko, konponbidearen alde bidera irteteko. Arrazoi politikoengatik preso dauden euskal herritarrak gure artean nahi ditugula eskatzeaz gain, beste kiderik preso sar ez dezatela aldarrikatzeko. •