Joxean Agirre

Maniak

Niri maniak dituen jendea gustatzen zait. Bertsozaleen artean Sebastian Lizasoren ohitura bat komentatu ohi da: bazkaritan zopa ateratzen badiote, aitaren egiten du jaten hasi aurretik; entsalada ateratzen badiote, ez. Egañak galdetu zion behin zergatik egiten zuen hori eta «mania bat», erantzun zuen.

Gure maniek eta gaixotasun psikologiko arinek egiten gaituzte garen bezalakoak. Nik baditut mania batzuk neureak bakarrik izan daitezkeenak eta beste batzuk orokorragoak. Bigarren mota honetakoa da Bilduko alkateak dauden herrietan dena ederragoa ikusteko joera. Aurreiritzi bat baizik ez da edo gaztetako politizazio gehiegizkoaren ondorioa, baina ezin izaten dut saihestu. Joaten naiz Galdakaora edo Durangora edo Elorriora edo, berdin dio, Errezilera, eta iruditu ohi zait txukunago daudela bazterrak, jendea alaiago dabilela kaletik.

Manuel Rivas idazleak kontatzen zuen Kazetaritza ikasketak bukatu berritan “El Faro de Vigo” edo horrelako egunkari batean jarri zutela horoskopoak idazten eta iragarpen ezin hobeak egiten zizkiela irakurleei eta biharamunean aldamioan gora igota lanean ari zen langilea kantuan sumatzen bazuen, pentsatu ohi zuela bere iragarpena irakurri zuelako izango zela.

Nire mania ere guztiz infantila da, baina hauteskunde biharamunean alkatea irabazi dugun herrietan emakume baten algara entzuten badut edo aldamioan gora igotako langilea kantuan, koalizioko boto-emailea izango dela pentsatu ohi dut.

Orain urte asko, urte sasoi hau iristean bizikletak hartu eta Iparraldera joateko ohitura genuen eta ez genuen Larraine eta Pagola bisitatu gabeko onik izaten, bi herri horietan alkate abertzaleak zeudela esaten zigutelako. Pagolako Mixel Etxeberren baserrian bi, hiru edo lau Ricard edan ondoren geure herrian baino euskaldunago sentitzen ginen.

Berriki EH Baik departamentuko hauteskundeetako bigarren itzulian atera zituen emaitzei begira jarri eta 35 bat herritan atera zuela gehiengoa ikusi nuen. Seguru nago herri horietan bazterrak txukunago eta jendea beste aldarte batekin sumatuko nukeela bisitan joango banintz. Espejismo bat dela? Mania bat? Noski, baietz, baina zer ginateke gu geure maniarik gabe. Gogoa ematen dit bizikleta hartu eta garai urrun haietan bezala abiatzeko. Beharbada, hori bai, bizikleta elektriko bat erosi beharko nuke. •