Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Elkarrizketa
Adolfo lacunza
ARGAZKILARIA

«Niretzako, guztiak berdinak dira, argazkia ateratzeko orduan. Parlamentuan gertatzen dena kontatzea izan da gure lana»

Hogeita hamar urte eman ditu Adolfo Lacunzak Nafarroako Parlamentuko argazkilari gisa lanean. Erretiroa hartu du, lankide eta hautetsien txaloen artean. Egindako ibilbidea jasotzen saiatu gara.

Iñigo Ruiz | FOKU
Iñigo Ruiz | FOKU

Hogeita hamar urte eman ditu Adolfo Lacunzak Nafarroako Parlamentuan argazkilari lanean. Jardunean egon zen azken batzarrean, lankide eta hautetsien txalo zaparrada jaso zuen erretiroa hartuko duelako. Ezustekoa izan zen. Elkarrizketa honetan lanean hasi zen garaitik hona Parlamentua eta argazkilaritza nola aldatu diren kontatu digu Lacunzak.

Hogeita hamar urte Nafarroako Parlamentuan argazkilari gisa lanean eta orain erretiroa hartzea tokatzen zaizu. Hiru hamarkada eman dituzu jardun honetan, hasieran kolaboratzaile moduan.

Bai, hasiera 1991. urtean jartzen dut, urte horretan “Navarra Hoy” egunkarian lan egiteari utzi niolako. Gauzatxoren bat egiten hasi nintzen Parlamentuan Natirekin. Bera Carlos Gilekin [Parlamentuko Prentsa eta Protokolo arduraduna urte luzetan] lanean zebilen. Baina publizitate arloko lan bat zen, konpromiso sendoa baino gehiago.

Orain freelance deitzen dugun horietako bat zinen.

Bai, freelance bat. Gauza pilo baten aurrean erantzuten zenuelako deitzen zizuten. Ez soilik lekukotasunaren argazki formala egiteko. Margo baten edo beste zerbaiten argazkia egin behar bazen ere, hor ginen hori egiteko. Argiztapen lanak egiten nituenez, ez nuen horretarako inolako arazorik. Beste batzuetan, obra bat nola zihoan azaltzeko erreportaje bat egin behar zen. Denetarik egiten nuen.

Tokatzen zena.

Bai, ezin zen ezetz erantzun! Ez baduzu espezializaziorantz jotzen, zureak egin du.

Oraingo egoera txarra da, baina lehengoa ere txarra zen.

Antzekoak.

Azken hogeita hamar urteotan gauzak asko aldatu dira, bai Parlamentuari dagokionez bai argazkilaritzaren beraren inguruan. Orain eraikin zabal eta argitsu batean gara, baina garai horietan Arrieta kalean bulego batzuk zeuden eta osoko bilkurak Karlos III.aren etorbidean egiten ziren, Nafarroako Jauregiaren alboko eraikinean.

Eraikin hori arras txikia zen. Bisitak eta gisako lan protokolarioak egiteko deitzen zidaten niri batez ere garai horietan. Zuk ere ezagutu zenuen inguru hura, ezta?

Bai, noski...

Lana askoz ere protokolarioagoa zen garai horietan. Erregea etortzen zela, batzorderen bat, norbaiti domina bat ematen ziotela edo beste norbaiti errekonozimenduren bat egiten ziotela.... «Aizu, Adolfo, etortzerik baduzu?», esaten zizuten. Eta han joaten zinen. Horrela ziren gauzak orduan. Gauza solteak ziren, ez zegoen jarraitutasunik.

Suposatzen dut garai horietan Parlamentuko lanaz aparte beste lanetan aritu beharko zenuela.

Bai, bai, noski. Egunkaria utzi nuenean, publizitate arloan gauzatxoak egiten hasi nintzen. Estudioaren esparruan interes handia nuen. Ardoak, enpresen katalogoak eta antzekoak... horiei ateratzen genien argazkiak. Horretan jarduten nintzen batez ere. Dena den, inguruko aldizkari batzuentzako lanak egiten jarraitzen nuen. “Negocios en Navarra” kasu. Edo “Ze Berri?” euskarazko aldizkaria. Horiekin ere urte mordoa daramat kolaborazioak egiten. Erreportajeak egiten jarraitzen nuen, baina dagoeneko publizitate arloko lanak egiten nituen. Sei urte neraman orduan “Navarra Hoy” egunkarian eta beti berdina egiten nuen: Osasuna, Parlamentua eta prentsaurrekoak, prentsaurrekoak eta prentsaurrekoak. Zeure buruari «argazkilaria naiz eta gauza berriak egin nahi ditut» esaten diozu une jakin batean. Lagun batek publizitate agentzia bat zuen eta berarekin lanean hasi nintzen, gauza desberdinak egiteko asmoarekin.

Parlamentuko lana osagarria zen, beraz...

Bai, noski. Denari baietz esan behar zitzaion. Ideia erreportaria izatea zen, baina bide berri bat nuen aurrean. Eta interesa nuen ardo botilak nola argiztatu behar diren ikasteko. Edo erretratuak egiten ikasteko, book-ak egiten, modarako argazkiak edo Leclerc supermerkatuendako publizitatea. Guztiari ekitea zen gakoa. Gai nintzen ala ez ikusteko, gauza berriak egiten hastea zen garai horietan nuen grina. Parlamentura Elena Torres [2007 eta 2011 artean Ganberako presidentea] eta konpainia eta Alberto Catalan [Parlamentuko presidentea 2011 eta 2015 artean] web-arekin etorri ziren arte ez zioten garrantzi handia ematen irudiari.

Arrieta kaleko batzorde horiek edo Karlos III.enean egiten ziren osoko bilkurak oraingoen aldean oso desberdinak dira. Toki gutxi zegoen eta pilatuak ginen.

Eta aldi berean izugarrizko banaketa zegoen. Hemen prentsa, eta hemen parlamentari jaun-andreak. Hori zen indarrean zegoen sistema. Orain ez dakit zer-nolako tratua izango duzuen hautetsiekin, baina nik ikusten dudanez askatasun handiagoa dago. Lehen dena zen «hemendik aurrera ezin zara pasatu»; erabat arautua zegoen dena. Parlamentua ez da inoiz izan toki gardena.

Zurruna da. Hobera egin du, baina zurruna izaten jarraitzen du.

Ados naiz, gardentasunari dagokionez aurrera egin dugu. Zalantzarik gabe. Jauzi handia eman behar izan dute, behartuta bada ere. Batzuei gustatuko zitzaien eta beste batzuei ez. Baina hona sartzen zara eta dena antolatuta dago. Parlamentuak jendearengandik askoz ere gertuago egon beharko luke. Une hauetan, jendeak ez ditu Nafarroako Gobernua eta Parlamentua desberdintzen. Jendeari kostatu egiten zaio hemen antolatzen diren erakusketak ikustera etortzea. Kristalezko sabaia dago hemen ere. Sartzerik baduzu, baina filtro bat dago. Interesa duen zerbait dagoelako jendea erakartzen duen toki bat izatea ona litzateke. Azkenean, Parlamentua guztion etxea da. Nafarroako Gobernuaren kasuan, ordea, agintzen duenaren etxea da. Hemen ez, hemen guztiak daude.

Parlamentuan batzuetan tentsio handiko uneak ditugu, gai polemikoen gaineko eztabaida sutsuak. Baina badira erdipurdikoak edo aspergarriak diren osoko bilkurak...

Argazkilari batentzat aspergarriak.

Kazetari batentzat ere bai...

Osoko bilkura mugitua izan duzunean, argazkiak deskargatzera igotzen zara eta material ona duzulako sentsazioa duzu. Denbora luzea eman duzu lanean, baina materiala baduzu. Egia esan, izango duzun oihartzuna berbera izango da bilkura aspergarria izan bada edo tentsioa izan bada. Argazkiak webean paratzen ditugu eta lixto. Beste batzuetan, berriz, bulegora igotzen zara eta inor ez dela bere tokitik mugitu ikusten duzu. Ez da itunik izan eta dena erabat estatikoa izan da. Zer egiten duzu horrelakoetan? Ba, profilak egin, detaileak. Badakizu ez direla informatiboak. Baina osoko bilkura bat kontatzen duzunean bilkura hori nolakoa izan den kontatu behar duzu. Eta batzuetan linealak dira. Egia da, halaber, osoko bilkura aspergarrietan lauzpabost lagunek, negoziatzeko mugitzen badira, joko asko ematen dutela. Eta bilkura horrek izan duen intentsitate eskasarekin ez dator bat irudia. Beste batzuetan, berriz, osoko bilkura intentsoak izan dira baina ez duzu asmatu eta ez dituzu harrapatu. Edo ez zaude toki egokienean eta ezin duzu tentsionamendu hori islatu. Dena den, Parlamentuko argazkilariaren lana eta prentsako argazkilarien lana ez dela berdina uste dut. Parlamentario guztiak, atrioan modu naturalean daude. Osoko bilkuren aretora sartzen dira eta ideologiaren kaputxa jartzen dute buruan. Nik alderantziz egiten dut. Parlamentura nire ideologiarekin nator –guztiok dugu ideologia– baina atean uzten dut. Berdin zait zer istilu dituzten. Nik dagoena kontatzen dut. Hori izan da beti nire asmoa.

Parlamentuko argazkilari gisa ezinbestekoa da erabateko neutraltasunez aritzea.

Bai. Eta ziur naiz horri esker egon naizela lanean hainbeste urte. Niretzako, argazkia egiterakoan, denak berdinak dira. Parlamentuan gertatzen ari dena kontatzen ari naiz, konposizio batekin ala bestearekin. Gertatuko dena ez galtzen saiatzen naiz, baina aseptikoa izan nahi dut. Horrela izan da.

Arrieta kaleko garaietako Parlamentua aipatu dugu. Egoitza berria askoz ere hobea da lan egiteko.

Bai, bai. Teknikoki askoz ere hobea da, noski. Hemen ez du inork flashik erabiltzen. Han, ez bazenuen erabiltzen, argazkirik gabe gelditzen zinen. Bilkura aretoa pittin bat konfliktiboa da argiaren ikuspegitik argazkiak egiteko. Baina dagoena ikusten duzu, dagoenari argazkia ateratzen diozu eta teknikoki konpontzen saiatzen zara. Badugu konpontzeko teknika nahikorik. Zailagoa izan ohi da norbaiti argazki desberdin bat ateratzea beti toki berberean eserita dagoenean. Keinu baten zain zaude. Hori da erronka: nola egin argazki desberdinak jende guztia toki berberean eserita dagoenean beti.

Desberdinak ez diren argazki horiek artxiborako erabilgarri izaten dira askotan.

Bai, noski. Tresna bakarra dugu guk, argazki kamera. Dena zuzena izan behar da. Eta irakurtzeko erraza izan behar da. Irudia azaldu behar baduzu, kale egin duzu. Parlamentuko jardueraz ari gara. Ez da ikusi duzun eszena baten abstrakzioa, egun horretan joditua zaudela imajinatzen duzun zerbait. Ez, hor dagoen hori kontatzea da.

Zuen lanaz haratago doan zerbait izango da, agian, baina badira gauzak kontatzen dituzten argazkiak. Esaterako, EH Bildukoak eta PSNkoak hizketan: lehen ez zuten hitz egiten, orain bai. Nafarroako politikaren interpretazioa dago hor.

Noski. Baina jendeak argi izan behar du PSNkoak eta Navarra Sumakoak hizketan baldin badira zuk ez dakizula zertan ari diren. Bakoitzak nahi dituen ondorioak aterako ditu. Eta ideologia desberdineko bi egunkarik zerbait desberdina ikusiko dute. Beste maila bat da hori.