Maider Iantzi Goienetxe
ELISA LONCON ANTILEO

Txileko Konstituzioa idatziko duen hizkuntzalari maputxea

Sinbolismoz betetako erabakia izan da emakume maputxe indigena bat Txileko Konstituzioa idatziko duen Biltzarraren presidente aukeratzea. Antolakunde hori osatzen duten 155 kideek joan den igandean hautatu zuten, gehiengo osoz, Elisa Loncon Antileo, 58 urteko irakasle, hizkuntzalari eta aktibista, carta magna berria osatzeko prozesua gidatzeko. Behar zituen 78 atxikimenduak erraz gaindituz, bigarren itzulian 96 aldeko boto lortu zituen, indigenenak, ezker politikoarenak eta independente aurrerakoienak.

Biltzarraren misioa ez da makala: Augusto Pinocheten diktaduratik (1973-1990) datorren gaur egungo Konstituzioa ordezkatuko duen oinarrizko lege berria idaztea. Orain indarrean den honek, bertzeak bertze, ura, hezkuntza eta pentsioak pribatizatu ditu eta sektore ugarik gaitzesten dute.

«Maputxe nazioak –Txileko etnia indigenarik handiena– egindako dei honetan konfiantza eta ametsak jarri dituzten koalizio ugariei babesa eskertu nahi diet, emakume maputxe baten alde bozkatzeagatik, herri honen historia aldatzeko», adierazi zuen Lonconek Biltzarraren inaugurazioan, lehenbizi mapudungun hizkuntzan eta gero gaztelaniaz, ukabila altxatuta. Ekitaldia Santiagoko Kongresu Nazional zaharrean egin zen eta herritar anitz atera ziren kalera, besta giroan eta kolektibo ugarik deituta: indigenak, sektore profesionalak, ikasleak eta politikariak bildu ziren euren eskaerak prozesu konstituziogilean aintzat har ditzaten eskatzeko.

Herrialdea eraldatzeko asmoa

«Gurekin mintza daiteke, ez diezagutela beldurrik izan, izuaren politika ezarri baita. Hautagai indigena maputxe bat ezartzen denean aurreiritzi anitz sortzen dira. Hortaz, mito horietaz askatzeko eta baldintza beretan erlazionatzeko dei bat ere bada hau», agertu zuen berriki Lonconek “La Tercera” egunkari txiletarrarekin egindako elkarrizketa batean. «Biltzar Konstituziogile honek herrialdea eraldatuko du, eta nazio eta kultur anitzekoa bilakatu. Herrialde honek ez ditu emakumeen eskubideak zapalduko eta ama lurra eta haurrak zainduko ditu», aldarrikatu zuen ekitaldian.

«Maputxe herria, ikusezin bihurtua eta zapaldua, kartzela ugaritan banatutako hainbat presorekin, harro egon daiteke», erantsi zuen, eta haien askatasuna eskatu zuen, baita 2019ko protesta sozialetan atxilotutako lagunena ere. «Preso politiko» izendatu zituen. Eta erran zuen gai horiek landuko zituztela biltzarraren bigarren saioan.

Ahuldutako eskuin batekin –155 eserlekuetatik 38 soilik eskuratu ditu– eta hautagai independenteen gorakadarekin –gehienak aurrerakoiak– Biltzarrak krisi sozial eta instituzionalak gogor kolpatutako herri bat bideratzea izanen du xede.

Aurreneko biltzar parekidea

Elisa Lonconek Biltzarrean jatorrizko herrientzat gordetako 17 eserlekuetako bat betetzen du. Zazpi aulki maputxeentzat dira, bi aimarentzat, eta gainontzeko herriek –kawesqar, rapanui, jagan, kitxua, atacameño, diagita, colla eta chango– ordezkari bana dute. Euren eskaeren artean daude nazio ugariko estatu bat sortzea, euren autonomia eta eskubideak onartuko dituena, lurrari dagozkion kontuetan bermeak izatea, eta euren kultura eta hizkuntza errespetatzea.

«Gai handia da hau, lantzea kostako dena eta erreparazio historiko handia beharko duena. Konplexua da, jakina, jabetza eskubideak ukitzen dituelako. Baina funtsezkoa da. Zeelanda Berriaren eta Kanadaren ereduak dira interesgarrienak», proposatu zuen duela aste batzuk Juan Pablo Luna Zientzia Politikoetako doktoreak BBCrekin elkarrizketan. Txile eta Uruguai dira Latinoamerikan herri indigenak espresuki onartzen ez dituen konstituzioa duten herrialde gutxietako batzuk. Bertze muturrean daude Bolivia eta Ekuador. Horiek, jatorrizko herriak aitortzeaz gain, estatuaren nazio anitzeko izaera sendotzearen alde egin dute euren konstituzioetan.

Txileko prozesu konstituziogilea 2019an jaio zen alderdi politikoen akordio batetik, azken hiru hamarkadetako krisi sozialik handiena baretzeko asmoz. Urte hartako urrian lehertu zen krisia, eredu sozioekonomiko bidezkoago baten aldeko martxa erraldoiekin. 30 lagun hil eta milaka pertsona zauritu ziren horietan.

Orain, Biltzarrak gehienez urtebetez eginen du lan carta magna berri bat prestatzen. Proposamena 2022an bozkatuko dute, derrigorrezko botoa ezarrita, eta txiletarrek onartu edo baztertu eginen dute. Munduan konstituzio bat idatziko duen lehendabiziko antolakunde parekidea izanen da Biltzarra eta herri indigenek parte hartuko duten Txileko lehena. Bertan, herritarren %12,8 dira indigenak, baina inoiz ez dira aitortuak izan oinarrizko legedian.

Oraindik ez daude definituak Biltzarraren presidenteak izanen dituen eginbeharrak, baina adituek diotenez, Lonconen izendapena historikoa eta sinbolikoa da, feminismoari eta herri indigenei keinu egiten die, eta eztabaidaren bozeramaile eta moderatzaile izatea espero dute.

Zorion mezu franko

Lonconek zorion mezu ugari jaso zituen, Sebastian Piñera Txileko presidentearena barne. «Jakinduria, zuhurtzia eta indarra desio dizkiot Biltzarra konstituzio on batera eramateko, bere agintea errespetatuz eta gure tradizio errepublikazaleak eta gure herriaren balioak jasoz», idatzi zuen Twitterren.

Bertzalde, Ekuadorreko Nazionalitate Indigenen Konfederazioak (Coanie) bere poza azaldu zuen. «Lonconek antolakunde honen zuzendaritza hartu du jatorrizko herrien ordezkari gisa, nazio ugarien ametsa gauzatzeko», agertu zuen. Haren ibilbide akademiko, politiko eta soziala aitortu ondotik, haren ekintzek «herrien aniztasuna eta euren oinarrizko eskubideak onartu eta bermatzeko borroka» irudikatzen dutela azpimarratu zuen. «Arrakastarik handiena opa diogu demokraziaren aldeko etapa historiko honetan. Maputxe nazioaren indarra, jakintza, memoria eta borrokak emanen dituen pausoetan isla daitezela».

Hizkuntza eskubideen defendatzailea

Txile hegoaldeko Araucania eskualdeko Traiguen-en jaioa, maputxeak nagusi diren lekuan, Lefweluan komunitatean bizi izan zuen Elisa Lonconek haurtzaroa. Eskolara joateko zortzi kilometro egin behar izaten zituen etxetik, sarri oinez. Emakumea, ama, irakaslea eta jatorrizko herrien hizkuntza eskubideen defendatzailea da. Mapudunguna da bere ama hizkuntza eta gaztelaniaz eta ingelesez ere badaki.

Diktadura garaian, Traiguenen ikasi zituen Lehen eta Bigarren Hezkuntza eta Temucoko La Frontera Unibertsitatean ingeleseko irakasle izateko graduatu zen. Campusaren egoitzan bizi izan zen eta oporretan bertako aholkulari gisa lan egin zuen, mantenua ordaintzen laguntzeko.

Ikasketetan ibilbide luzea osatua du. Mexikoko Unibertsitate Autonomo Metropolitanoan Hizkuntzalaritzako irakasletza egin zuen; Herbehereetako Leideneko Unibertsitatean, Giza Zientzietako doktoretza; eta Txileko Unibertsitate Katolikoan, Literaturako doktoretza. Gero, Hagako Ikasketa Sozialen Institutuan eta Kanadako Reginako Unibertsitatean jarraitu zuen prestatzen.

Gaur egun, Txileko Santiagoko Unibertsitateko Hezkuntza Saileko kidea da, Unibertsitate Katolikoan irakasle dabil, eta Txileko Herri Indigenen Hezkuntza eta Hizkuntza Eskubideen Sareko koordinatzailea da.

Jatorrizko hizkuntzak erreskatatzeari eskaini dio bizitza profesionala, baita mapudungun ama hizkuntzari, irakasteko moduei eta maputxe hizkuntzaren ikasgaiaren curriculuma diseinatzeari ere. Liburuak eta artikuluak plazaratu ditu jatorrizko herrien filosofia eta hizkuntzei buruz, bereziki mapudungun hizkuntzan zentratuz.

Konpromiso soziala

Elisa Loncon Antileok haurra zenetik parte hartu izan du antolakunde sozial ugaritan. Unibertsitate sasoian ikasle talde indigenetan militatu zuen, Admapu Antzerki Maputxean ere ibili zen, eta Lur Guztien Kontseiluko kide aktibo izan zen. Bertan, Wenufoye bandera maputxearen eta jatorrizko herrien lurren berreskurapenean lan egin zuen batez ere.

Maputxe herriak hamarkadak daramatza Txileko Estatuarekin eta basogintzako eta nekazaritzako enpresekin gatazkan, antzinako lurren defentsan. Biltzar Konstituziogilearen presidente berriak familia eta komunitatearengandik jaso zuen jendartearenganako konpromisoa.

Birraitatxi, Loncomil abizenekoa, Wallmapu-ren (maputxe nazioaren lurralde eremua) okupazio militarraren kontra borrokatu zen eta Jose Santos Quilapanen (1840-1878) aliatu izan zen. Araucaniaren okupazioari eutsi zion azken lonko edo buruzagitzat hartzen da berau. Bertzeak bertze, armada txiletarra garaitu zuen Quechereguas-en, 1868. urtean.

Bertzalde, Elisaren amak, Margarita Antileo Reimanek, Lumaco-Quetrahueko lurraren autokudeaketaren esperientzian parte hartu zuen 70eko hamarkadan. Sasoi berean, Juan Loncon aita militante sozialista eta USOPO alderdiaren diputatu hautagaia izan zen. Nekazaritzan eta altzarien eraikuntzan ibili ziren Margarita eta Juan bizitza osoan.

Estatu-kolpearen ondoren, familia jazarria izan zen eta amaren aldeko aitatxi, Ricardo Antileo, Lumaco-Quetrahue inguruko liderra, espetxeratu egin zuten 60ko hamarkadaren amaieran eta 70ekoaren hasieran lurren berreskuratzeen buru izateagatik.

Zazpi anai-arrebaren artean laugarrena da Elisa. Anaia bat abokatua eta PPDko militantea da. Ahizpa bat mapudungun hizkuntzaren itzultzailea da eta literatura maputxea jorratzen du. Senide guztiek laguntzen dute jatorrizko nazioen eskubideen aldarrikapenean eta hizkuntzaren erreskatean.

Unibertsitate garaian, Loncon diktaduraren aurka borrokatu zen ezkerreko hainbat ikasle antolakunde maputxetan. 1983. urtean, ikasleen mobilizazioetan parte hartzeagatik, Heinrich von Baer errektore ordezkariaren aginduz ikasle “baldintzatu” gisa gelditu zen.

Hizkuntzalari eta jatorrizko herrien eskubideen defendatzaile modura, Latinoamerikako bertze herrien borrokak bere egin izan ditu eta, bueltan, kontinenteko jatorrizko nazioen hizkuntza eskubideen alde egiten duen ekarpena aitortu izan zaio.

Hezitzailea

Hezitzaile maputxe bezala kultura anitzeko hezkuntza elebiduna bultzatu zuen Hezkuntza Lege Orokorrean eta herri indigenen hizkuntza eskubideen lege proiektu bat aurkeztu zuen. Gaur egun, emakume indigenen eskubideen aldarrikapenen liderra da, filosofia maputxea, feminismoa eta dekolonialitatea ardatz hartuta.

Ingelesa eta mapudunguna irakatsiz hasi zuen hezitzaile ibilbidea Araucanian, Hezkuntza Ministerioa, Unesco, eta Bio-Bio, La Frontera eta Catolica de Temuco unibertsitateak bidelagun zituela. Atzerrian, Mexikoko Hezkuntza Publikoko Idazkaritzaren kulturarteko hezkuntza elebidunaren koordinazio orokorraren aholkulari izan zen. Bigarren Hezkuntzaren curriculum nazionalean kulturarteko hezkuntzaren ikuspegia gehitu zuen.

Ikerketa ugari egin ditu mapudungunaren gainean, hainbat gai landuz: bere forma eta alderdiak, irakaskuntza metodoak, ahozko tradizioa irakaskuntza prozesuetan erabiltzeko aukerak, eta jatorrizko nazio gisa eskubideak osoki baliatzearen aldarrikapena.