Iker Barandiaran

«Zailtatasuna»

Astebete pasatu dut semeak ikusi gabe. Ez da lehenengo aldia eta oso ondo eramaten dut; egia esanda, halakoetan –orain arte behintzat– ez ditut bereziki faltan botatzen. Nirekin ez daudenean badakit ondo daudela; eta oso gustura hartzen ditut bueltan. Izan ere, beraiekin disfrutatzen nago une honetan, jakina.

Aitortu beharra dago ez dela erraza umeak haztea; ez daukate instrukziorik eta ez daukazu ondo egiten ari zaren edo ez jakiteko neurgailurik. Zure sen onenarekin, instintuarekin jokatu, eta aurrera!

Gaur bertan aita izan den ezagun bat zoriondu dut kalean, eta aspaldian –daukadan zaletasun handienetako batek inspiratuta– erabili ohi dudan esamoldea errepikatu diot: «Orain bai hasten dela rock-and-rolla!». Rock-and-rollak niretzat esanahi oso positiboa dauka, asko eman eta ematen dit eta betetzen nau, baina era berean geldiezina da, ez dauka etenik; musika –nahi baduzu behintzat– ez da inoiz isiltzen. Eta hala dira umeak ere: positibotasuna, dibertimendua eta naturaltasuna barra-barra daukate, baina geldiezinak dira… eta ez dira isiltzen!

Nik dezente luzatu nuen gaztaroa –askotan erabili ohi dudan beste esamolde bat– eta ez nuen aita izateko inongo presarik izan, baina hori heldu zenean –eta ez zen bide guztiz gozoa izan–, gogoan daukat gurekin dagoen seme nagusiena etxera ekarri eta gutxira lagun bati esan niola ordura arte ez nuela uste norbait hainbeste maitatu zitekeenik –eta banaiz maitekorra e!–. Ba, nire kasuan, behintzat, sentsazio hori handituz doa beraiek hazten, interaktuatzen eta etengabe harritzen nauten heinean.

Ez dut espresuki aitatasunaren apologia egin nahi. Lehen esan dudan bezala, ez da erraza, nekatu ere egiten dute eta betirako dira; ezin zara beraietaz libratu…ji-ji. Baina… «probatu ez duenak ez daki zer den hau!».

Era berean, guztiz zilegi da halako ardura pisutsuak hartzearen beldur izatea edo, besterik gabe, erabat aske egon nahi izatea, baina edozeinek galdetzen badit edo baiezko erabakia hartu duelako kezkati edo burumakur ikusten badut, beti esan ohi diot iraganeko –umerik gabeko– bizitzako gauza asko ez direla betirako desagertuko. Ondo antolatu eta aukeratuz gero –ia– guztia da posible. Eta beste premisa bat: umeek denbora ematea baino gehiago, kalitatea behar dute; hor zaudela, haien alboan, jakin eta sentitzea. Eta horri gehituko nioke, adin tarte batzuetan behintzat, gai direla leku, egoera eta testuinguru oso desberdinetan –ez bakarrik ‘umeenetan’– disfrutatzeko, entretenitzeko eta garatzeko. Horren adibide argia da, besteak beste, umeei ‘umeen musika’ soilik jartzen tematzen direnak. Umeen eta beraien kontra doa hori. Umeak gu baino txikiagoak dira, baina zentzu askotan gu baino argiagoak, eta egokitzeko baliabide asko dituzte. Oso ondo dakite zer nahi duten eta zer ez; eta beraiekin gurasook izugarri ikasten dugu egunero. Emaiezu aukera, proba egin eta txundituko zaituzte.

Bai, kalkulatzaileak eta krudelak izaten ere badakite, eta ahaleginduko dira zure mugak ezagutzen eta gainditzen, pazientziarik nekez daukate eta, The Godfathers taldeak abesten zuen bezala, «nahi dute guztia orain». Hori da hainbeste konpartitu, disfrutatu eta ikastearen truke ordaindu beharreko prezioa. Garestia da, baina nik erosten dut, ezbairik gabe merezi du-eta.

Eta hona hemen beste premisa bat: nik gurasoei asko zor diet eta oso eskertuta banago ere, inoiz beste liburu edo dena delakorik sortzen badut, agian askok egin ohi dutenaren kontrara, semeak eskertuko ditut, haien neurrian, haiekin ere, beste gauza asko egiteko eta ikasteko bidea eta aukera ematen didatelako. •