Itzea Urkizu Arsuaga

Ekilore bat errepidean

Astearte buruzuri bat da, eta hitzordu batera bidean noa autoan. N-1 errepidea zauri bat da gure herriaren aireko irudian eta, ibaiak uzten dion markari sekula irabaziko ez dion arren, ohitu gara orban horren edertasunera. Irratian, hamasei bat urterekin talde kuttunaren kantu kuttunenekin osatutako diskoa bueltaka, eta trafikoa lasai; nahikoa, gustura gidatzeko. Eta, bat-batean, bera ikusi dut: ekilore bat, Donostiarantz doazen bi errailen, eta Gasteizerantz doazen beste bien erdi-erdian.

Norbaitek testu honetarako atrezzo moduan jarri izan balu bezala dago, lekuz kanpo. Pentsatu dudan lehenengo gauza izan da, autoa bide ertzean uzteko aukera izango banu, argazki kamera atera eta erretratu eder bat egingo nukeela. Ekilore bat errepide erdian, gehiegizko abiadurak eta porlanak inguratuta, baina sustraiak poliki botaz, eta eguzkiari astiro segika.

Esango nuke denok sentitu garela, noizbait, lekuz kanpo; edo denok sentiarazi gaituztela inoiz. Bizitzak guretzat prestatu zituen lau hormak zeharkatu izan bagenitu bezala. Gogora datozkit Maria Pilar, Ekain eta Samuel. Eta anonimotasunean betirako geratuko diren hamarnaka eta ehunka eta milaka izen. Egunotan, munduari hormak ukitzen saiatu, eta esku ahurra erretzen baitzaio bati.

Pentsamendu horietan nabilela, erabaki dut egokia izan litekeela, zoriak parean jarri didan dekoratu hau hemen eta orain sentitzen ari naizenarekin konparatzea: ia bi urtez bere buruari, sabelari eta haurrari begira hazi eta bizi izan den honek, aste gutxiren buruan batu beharko du gainerakoen errepidera eta abiadurara. Ekilore bat, N-1ean.

Tetris jokora makurtutako agenda bat izatetik, gure beharrik primitiboenen agendara pasatzea; horixe izan da amatasunak ekarri didan irakasgairik garrantzitsuena. Bizimodu pausatuagoa ia beti, baina ez, horregatik, errazagoa. Ama hasiberria noiznahi senti baitaiteke ekilore, eta noiznahi lekuz kanpo.

Ama hasiberriarentzat ezlekuak

Emakumeon gorputza sexualizatuz gozatzen duten gizon berberek begirada batekin gaitzetsi nahi dutenean, haurrari bularra plazan ematea. Hanka batekin zakarrontziari, beso batekin armairuari eta beste eskuarekin haur gero eta arinagoari heltzen ari zarela, zeure burua kanpotik irudikatzen duzun unean. Haurrak egin beharreko lo orduak zorrotz errespetatu nahi dituzula-eta, barre txikiek garrantzia kentzen dizutenean. Kirol pixka bat egiteko tartetxoak hartu, eta sekulakoa egin duzula iruditzen zaizunean. Esne orbanez zikindutako kamiseta soinean, kalera irteteak inporta ez dizunean. Prozesu biologiko eta emozional honen bidea, etxeko animalia bat izatearekin alderatzen dizutenean. Edozein bazkalondotan, denek beren bizitza kontatzen dutenean, zureak jasan duen aldaketari ia erreparatu gabe. Zu babesteko intentzio zintzoaz, haur eskolaren hasierak sortzen dizun mina urardotu nahi dutenean.

Ama hasiberriari leku asko bilakatzen zaizkio ezleku. Eta hala bedi, urreak ere ez baitizkit ordainduko hilabeteotan, astiro eta eguzkiari begira, botatako sustraiak. •