Ula Iruretagoiena
Arkitektoa

Eskola publikoa

gara-2021-07-16-Opinión

Nolakoak dira Euskal Eskola Publikoaren espazioak? Zein da eskoletako espazioen garrantzia? Zein da XXI. mendeko Euskal Eskola Publikoaren erronka eta zer paper du horretan espazioak? Eskoletako espazioen garrantziarekin batera, uztailaren 5etik 7ra izandako “XXI. mendeko Eskola, Publikoa” EHUko Udako Ikastaroan eskola publikoa ardazten duten gaiok hizketagai izan dira: irakaskuntzaren berrikuntzarekin lotutako kontzeptuak, teknologiaren arrisku eta aukerak, euskararen murgiltze ereduak, lanpostuen esleipen eta lan hitzarmen berrien bideak, digitalizazioranzko bidea...

Hezkuntza komunitate publikoan irakaskuntzaren berrikuntzak sustatzeko aldaketak datoz. Hori izan daiteke ikastaroaren txio bat. Eta titularra ez dut nik asmatu, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuordearen hitzak baitira. Euskal hezkuntza komunitatearekin lanean zeharka aritzen den batentzat, ilusio handia ematen du entzuteak hezkuntzarako begirada berria behar dugula, eta begirada berri horren funtsa ez dela zer egin behar den jorratzea, baizik eta nola egin dela gakoa. Berrikuntza ez datza kanpoko eredu bat fitxatzean, galdera egokiak identifikatzean baizik, hots, barnerako lanketan. Eta esan gabe doa, berrikuntzan sinisteko, bidea bere osotasunean aurrez idatzita izan gabe bideari ekitean sinistu behar dela. Horrek esan nahi du berrikuntzak eskatuko dituen aldaketek prestaketa lan serioa behar dutela lehenik, non hezkuntza komunitateko partaide ororen ahotsa behar den; ikastetxeak eta hezkuntzako administrazio publikoa elkarlanean. Behin estrategia baten oinarriak adostutakoan, ikastetxe bakoitzak bere bide orria finkatu beharko du: horrek esan nahi du, XXI. mendeko Euskal Eskola Publikoak ikastetxeen zuzendaritza taldeak ahaldundu eta saretuko dituela.

Eta plan estrategiko horren baitan, eskoletako espazioek ere zeregin bat izango dute. Eskola osatzen duten ikasgela, korridore, patio, jantoki, jolastoki, kanpoalde edo komunen diseinua egokiturik izan beharko da ikastetxeek zehaztuko duten bide orrian. Ezin dugu ahantzi gaur egungo ikastetxeetako espazioen errealitatea: ondare zaharkitua da materialitatean eta kontzeptualki. Energia aurrezpeneko parametroetara egokitzea falta zaie askori, eta askok XIX. mendeko espazio ereduari jarraitzen diote, kartzela eta psikiatrikoen ikasgela eta korridore egituraketan oinarriturik. Gainera, eskolek auzoetan osatu ohi duten isolamendua esanguratsua da, garai bateko eskolen herrigintza papera galduta. Eskola espazioen berrikuspenean, kokaleku duten auzo eta herrira begira jarri beharko genituzke, eta testuinguruarekin sor daitezkeen saretze aukerak identifikatu.

Eskola espazioek hezitzaile izateko gaitasuna dutelako eta balio transmisore izan daitezkeelako, hezkuntza proiektuaren inklusibitatea eta queer pentsamoldea barneraturik izan behar da espazioen diseinuan ere. Horrek esan nahi du pertsonen arteko ezberdintasunak eta botere harremanak hausnartu beharko direla, espazioan denok lekuratuak izan gaitezen, hasi altzarien diseinutik eta bukatu komunen diseinuan. Espazioak beraz, ekologiaren, lurraldearen eta feminismoaren aldarrietan hezi beharko dira. •