Koldo Sagasti

Euskal tradizioak

Azterketa (aldez aurretik) ez zeneukala kontuan izanik, ez duzu batere gaizki egin», esan zion gerora Eusko Jaurlaritzako sailburua izango zen kardiologoak tranparik egin gabe –alegia, probaren aurretiazko filtraziorik jaso gabe– espezialista plaza atera zuen sendagile bati. Halaxe salatu zuen profesionalak Osakidetzak oposizioetako iruzurra aztertzeko antolatutako ikerketa batzordean. Goi karguak, seguruenik, adierazpen salatzaile hura egin zuenean, ez zuen trakeskeriagatik egin, ezta ezer txarrik egiten ari zelako kontzientzia txarrez ere. Profesionalen artean gauza jakina da Osakidetzan betidanik horrelaxe banatu direla erantzukizun lanpostuak, aukeratuei lehenagotik azterketako galderak pasatuz. Tradizioa da.

Euskal Trenbide Sarea elkarte publikoak ia milioi bateko kontratua esleitzeko lehiaketa antolatu zuen otsailean. Lehiaketarako baldintzak biltzen zituen agiriak gerora kontratuaren esleipenaren onuraduna izango zen enpresaren izena zeraman: «contrato Sener». Agiria prestatu zuen funtzionarioak pentsatuko zuen, nonbait, enpresak berak idatzitako dokumentuari izena aldatzea nahikoa zela, jatorrizko izena dokumentuaren metadatuei iltzatuta geratuko bazen ere. Eta ez zuen baldarkeriagatik egingo, ezta damu txarrez ere; gauzak, betidanik, horrelaxe egin direlako baizik.

Herri honetan ez da saritzen gaitasun profesionala, ezta merituak ere, batzokiarekiko gertutasuna baizik. Hain dago errotuta politika etika hori administrazioaren eguneroko jardunean, non normaltzat hartzera ere iritsi garen. Tradizioa da. Hamarkada askotako agintekeriak hezur muineraino kutsatu ditu herri honetako erakundeak. Gero eta lausoagoak dira sistema publikoaren egituren eta alderdi hegemonikoarenen arteko mugak. Hainbesterainokoa da, non beste nonbait eskandaluzkoak izango ziratekeen aferek hemen albistegietako aipamen labur bat baino ez duten merezi. Mafia bertsuak kontrolatutako hedabideetako albistegietan. •