Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Futbola gustatzen zait, baina zuena ez

Gizonik kabalenak ikusi ditut “tximinotzen” futbola dela medio. Maldizioka eta oihuka, bihotza eztarritik gora, epailearen amarekin gogoratzen, jokalariren baten azal kolorea madarikatzen, beste baten “maskulinotasuna” zalantzan jartzen. Desastre hutsa. Nire harridura-larridura aurpegiari begira geratzen dira batzuk –konturatzeko gai direnak bakarrik–. «Ezin duzu ulertu, ez zaizu futbola gustatzen». Bai, futbola gustatzen zait, baina ez zait zuen futbola gustatzen.

Ingalaterra eta Italiaren arteko Eurokopako finala ikusi nuen. Zirraragarria, sofaren izkinan erdi eserita erdi zutik ikusten den horietakoa. Eta nire inozoan, ez nintzen akordatu finala bestelako dardaraz ikusi zuten emakumeekin.

Londresen egindako ikerketa batek mahai gainean jarri du datua: futbol partiduek indarkeria matxista sufritzeko arriskua areagotu egiten dute. Ingalaterrak jokatzen duenean, indarkeria matxista %26 hazten da eta partidaren bat galtzen duenean, %38. Horregatik, Erresuma Batuko indarkeria matxistaren nazioarteko zentroak kontzientziazio kanpaina bat jarri zuen martxan finala baino aste batzuk lehenago. Ez, herritar guztiak ez zeuden finala ikusteko desiatzen, futbola ere indarkeria matxistaren aterkia baita. Galdu edo irabazi, “tximinotzen” direnen pozak eta penak emakumeen bizkarretan eta masailetan erortzen dira. Finalaren egunean bertan, sare sozialetan emakume askok eskaini zieten aterpea indarkeria matxista sufritzeko arriskuan zeudenei.

Finalaren biharamunean albistea entzundakoan amorratu egin nintzen. Ez zitzaidan ulertzeko zaila egin. Futbolak pizten dituen pasioak zein matxistak diren ikusita, ez da harritzekoa. Eta horregatik ere amorratu nintzen, ez delako harrigarria. Amorragarria bai, baina badakigu nondik datorren biolentzia hori. Eta okerrena da Ingalaterran bistaratu dutela, baina toki guztietan txakurrak hanka-hutsik eta futbolero eroak burua hutsik. •