Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Uztaila

Batzuetan hankek espero gabeko lekuetara eramaten naute. Nik agindu gabe ematen dituzte urratsak, eta konturatzerako lekuz kanpo sumatzen dut nire burua. Agian urteek ere gauza bera egingo dute: abisurik eta agindurik gabe aurrera segi, alegia, eta ohartzerako ezezagun zaigun inguru batek estutuko digu ikusmena. Eta arrotz sentituko gara elkarrizketetan, arrotz begiradetan, eta itxura harroz disimulatuko dugu gure arroztasuna, lezioak emanaz edo zilborraren zidorretan gure burua erdigunean kokatuz; «nik zuen adina neukanean» edo «nik hau egingo nuke»; «nik», «nik», «nik». Beti «nik». Ezkutatzeko ez baitago nabarmentzea baino metodo eraginkorragorik.

Ezkutatu arren itomenak estutuko dizkigu birikak eta harriduraz irakurriko ditugu egunkariak. Eraso homofoboak Bilbon eta bortxaketak Barakaldon; makroepaiketak Madrilen eta azalaren kolorearen araberako harrera politika Baionako ostatu batean. Tentsioa Kuban eta futbol zelai beteak Londresen. Arrotz sentituko dugu mundua, higuinak nahasiko tripa barruak eta gure oin nekatuei begiratuko diegu, nora ekarri gaituzten galdezka.

«Nora» baino «noiz» da galdera, ordea. Noiz gertatu zitzaigun. Noiz egin genuen mundutik ihes edo, hobeto esanda, noiz utzi gintuen munduak bide bazterrean. Noiz erabaki zuen gu gabe aurrera egitea, gu iritsiko ez ginen leku arrotz horietara joatea. Momentu zehatz baten bila abiatuko gara gure biografia ajatuetan; begiak kliskatu genituen une zehatz hori, elkarrizketa batetik ihes egin genuen arratsalde euritsu hura, telebistari begira lo hartu genuen iluntze urrun hura. Hara itzuli nahiko genuke, kiribildutako kableak askatu eta berriro hasi, munduari berriz ere hemen gaudela esan, ez garela inora joan, despistatuta ibili garela, besterik ez.

Euri tantek aterako gaituzte gure pentsamendu ezinezkoetatik. Eta ikaraz begiratuko diegu ezagutzen ez ditugunei, zauritutako basurdeek nola. Eta hurbiltzen zaigun orori hortzak erakutsiko dizkiogu, gure indarra, gure azal gogortua, gure begirada ziurra. Eta are gehiago gotortuko gara jada gure sentitzen ez ditugun gorputz antzaldatuetan, gure bakardadean, gure gotorleku pitzatuetan. Guk, inguruak eta ingurukoek egin gaituztenok, ez diogu inori gure begi barruak arakatzen utziko. Inoren ametsek ez gaituzte inarrosiko; beste inoren ikarek ez gaituzte aztoratuko. Gu baino ez gaude, gure gorputzean. Mendira abiatuko gara antsiaz, edo lasterka hasiko gara goizero; kiroldegiren batean izena emango dugu akaso, gure gorputzak gurtuko ditugu, gotorleku bat eraikiko dugu bertan.

Baina, ohartzerako, udarik gabeko uztail euritsu bateko zaparradek etengo dute gure itsasertzeko ibilaldia. Eta ez dugu inguruan dugunik ezagutuko. •