Miren Azkarate Badiola

Egunero aipatzen ez denaz

Datuak eta zifrak. Azken urte luze honetan iruditzen zait bi hitz hauek entzunda gai bakarrari lotuta daudela: covid-19ak eragindako positiboez ari naiz. Hitzeman nion neure buruari ez nuela gai honetaz hitz egingo tartetxo honetan eta emandako hitz hori betetzen jarraituko dut. Jada nahikoa eta soberan hitz egiten dela uste dut, askotan kalean eta hedabideetan beste gairik egongo ez balitz bezala dela susmatzen dut, zenbatzeko besterik existituko ez balitz bezala! Ba, bai, badaude beste hamaika gai eztabaidarako eta oso aipagarriak diren beste zerrenda batzuk.

Tortura txinatarreko ur tantak bezala tan, tan, tan... amaiezina eta etenik ez duena baita, adibidez, Afrikatik Europarako bidean bizitza galtzen duten etorkinen zerrenda. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak eman dituen datuen arabera (ziurrenik gehiago izango dira), 1.146 pertsona zendu dira urtarriletik hona, iazko bikoitzak, justu heriotza ekidin nahian beren herrialdeetan.

Beste gai bat aipatzearren eta oraingoan etxean geratuz, Euskal Herrian aste honetan 33. langilea hil da bere beharra egiten zuen bitartean.

Egunero-egunero suertatzen diren datuak eta zifrak dira, tan, tan, tan... Iturri batek itokinak dituenean bezala. Zoritxarrez etenik ez dutenak eta, gainera –hori gutxi ez eta–, albistegietan eta kalean, lagunartean, familian, politikarien agendetan eta abar merezi duten lekua topatzen ez duten gaiak dira. Erruleta makabro baten gisara, hurrengoan nori tokatuko zaio? Nor izango da kontagailu latz horietan hurrena? Markagailuetako zenbakiak gora doazen bezala, kontaketa hauek ere ez dute etenik. Bi gai besterik ez ditut mahaigaineratu. Betiko zifra eta datuez gain, egin diezaiegun lekua hedabideetan beste plano batzuetan dauden gai latz hauei. •