Joana Garmendia

Fikzioaren paradoxa

Fikzioa aztergai kuttuna dute estetikak eta hizkuntzaren filosofiak. Kuttuna dute, korapilo asko sortzen dizkielako. Horietako bat emozioei dagokie: fikzio-lan bat irakurtzen, ikusten edo entzuten dugunean, zer da sentitzen duguna? Edo, hobeto esanda, benetakoa al da sentitzen duguna? Izan ere, fikzioan kontatzen zaizkigunak ez dira benetan gertatu, eta badakigu guk hori; beraz, zentzuren batean arraroa da esatea benetan gertatu ez den zerbaitek benetan hunkitzen, asaldatzen edo lotsatzen gaituenik. Benetakoa ez dela badakigun munstro baten aurrean benetako beldurra sentitzen dugunik. Existitzen ez den norbaiten heriotzak trista gaitzakeenik.

Fikzioaren paradoxa esan izan zaio horri. Paradoxa da, badirudielako ez duela zentzurik benetakoa ez den zerbaiten aurrean benetako emozioak sentitzeak eta, halere, ematen duelako baietz, negar egiten dugula, sumindu egiten garela, edo izutu, edo haserretu, benetakoa ez dela badakigun zerbait ikusi, entzun edo irakurtzean. Paradoxari erantzun izan zaio honela: izatez, badakigu fikzioan kontatzen zaiguna ez dela benetakoa, baina fikzioak irauten duen bitartean halako hitzarmen modukoa sinatzen dugu geure buruarekin, eta irakurtzen, ikusten edo entzuten duguna benetakoa balitz bezala jokatzen dugu. Horixe fikzio-jokoaren ederra. Horregatik ikaratzen, ernegatzen edo pozten gara fikzio-lan baten aurrean: hitzarmenak dirauen artean benetakotzat daukagulako fikzioan gertatzen dena.

Erantzun horrek laburra du bidea, ordea. Izan ere, zinemako pantailan gugana datorren piztia beldurgarria ikusten dugunean izutu egiten gara, bai; baina ez dugu aulkitik mugitzekorik egiten. Ez gara korrika hasten edo ezkutatzen, edo ez dugu garrasi egiten, laguntza eske. Zergatik geratzen gara gure besaulkietan kieto, beldurtuta bagaude, arriskuak izutu bagaitu? Ba badakigulako ez dela benetakoa piztia, ez gaudela benetan arriskuan; eta, antza denez, gogoan dugu hori filmak dirauen bitartean.

Paradoxari eman zaio beste erantzunik ere: fikzio-lan baten aurrean sentitzen ditugunak ez dira benetako emozioak, baizik eta sasi-emozioak. Benetakoa ez dela badakigun zerbaitek ezin gaitzake benetan emozionatu, baina sasi-emoziona gaitzake: senti dezakegu sasi-izua, sasi-tristura, sasi-poza. Fikzioa, hurbilpen honen arabera, itxurak egitearen joko ederra da. Nobela bat irakurtzean, film bat ikustean, itxurak egiten ditugu poztu, haserretu edo lotsatu egin garela.

Esango nuke erantzun horrek ez duela bat egiten irakurle edo ikusle gisara ditugun intuizioekin. Iruditzen zait ipuin batek hunkitzen nauenean ez naizela itxurak egiten ari. Fikzioak sentiarazten dizkidan emozioek ez dirudite eguneroko bizitzan sentitzen ditudanak baino arinago, lausoago, gutxiago benetako. Eta ez da dena munstro edo tragedia. Ñabardurek, hitz txikiek, eragiten dizkidate askotan emoziorik bizienak fikzio-lan batean. Inoiz sentitu nuen zerbaiti oihartzun egiten dion pasarteak. Edo nik hitzetara irauli ezin dudan min hura zuria beltzean erakusten didanak. Are gehiago: liburua ixten dudanean, edo zinematik irteten naizenean, fikzioak eraginda sentitu dudan min edo poz haren arrastoak lagundu egiten dit puska batez. Eta aldarte alaiz edo tristez sentitzen naiz, benetako une horri ondo egokitzen ez zaion aldartez, ez den zerbaiti oihartzun egiten dion umorez.

Azken aste hauetan behin baino gehiagotan izan dut sentsazio hori bera ingurura begiratuta. Irudipena daukat ez den zerbaiti oihartzun egiten dion gorputzaldiz gabiltzala. Ez ote da hau izango sasi-ondo, sasi-pozik eta sasi-lasai egotea. Ez ote gara, denok ere, sasiz bete zaizkigun bizitzetan itxurak egiten ari. •