Saioa Aginako
Psikoterapeuta

Harremanen bilduma

Zygmunt Bauman soziologoak «likido» hitza erabili zuen pertsonon portaera batzuk deskribatzeko. Adibidez, harreman hauskorrak, eusteko zailak, inguratzen gaituen kapitalismo eta kontsumismoaren testuinguruan sartzen direnak. Baumanen arabera, dena kontsumitzen dugu, baita maitasuna ere. Objektuak, elikagaiak eta pertsonak era berean kontsumitzen ditugu. Mundua abiadura bizian aldatzen doa eta horrela, gure bizitzetan segurtasuna emango diguten egitura eta ereduak jarraitzea oso zaila egiten zaigu.

Iraganean laguntzen ziguten oinarriak galtzean, dena malgua eta likidoa bihurtzen da.

Likidotasun horren ondorio bat zera da, gure identitatea ere badela likidoa. Gure nortasuna gizarte honen gustuetara moldatu behar da, eta horregatik ez da egonkorra. Nortasun likido horrek marken eta kontsumorako objektuen joerari jarraitzen dio, ez da ez sendoa ez segurua. Gure autoestimua pozik sentiaraziko gaituzten objektuen kontsumista da, baina luzera begira ez da inoiz asetzen eta beti gehiago bilatzen du.

Harremanekin gauza bera gertatzen da (maitasun likidoa), baztertu egiten ditugu, hutsunea gure barrualdean dagoela onartu gabe. Oreka emozional hauskorra dugu, edozein unetan gure ondotik joan daitekeen pertsona baten alde egiteko beldur gara. Horrela, gauzak erraz eta azkar lortu nahi ditugunez, ez gara prest egoten oztopoetarako, eta lehen ezadostasunaren aurrean harremana “zaborretara bota” nahi izaten dugu, arazoak ematen dizkiguten objektuekin egiten dugun bezala.

Gehienok dakiguna da maitasunak, Interneten garaian, praktika eta dinamika berriak martxan jartzen dituela, eta horiek ez dira oharkabean pasatzen psikologo, soziologo eta antropologoentzat. Pertsona-kontsumitzaile ugarientzat, ligatzeko aplikazioak salerosketa dibertigarri bat baino ez dira. Tinderren bost edo hogei “ezkongai” izatea edo Whatsappen gezurrezko ilusioak xahutzeko, limurtzeko edo pizteko dozenaka elkarrizketa izatea pizgarri mamitsua da askorentzat.

Portaera hauek indargarri positiboak dira, non ez dagoen inolako betebeharrik, non sedukzio jokoa etengabea den, beste ezer finkatu beharrik gabe. Baliabide birtual horiek besteei erakusteko pertsonaia (produktu) bat sortzera gonbidatzen gaituzte. Sari jokoa da. Funtsean, berritasunez, aurkikuntzaz eta gauerdiko elkarrizketaz betetako hasierako fase hori nahikoa eta gogobetegarria delako batzuentzat. Izan ere, jendea batzuekin eta besteekin probatzeko geratzen da. Hain erraza da! Hitzorduak pilatu eta hauen bilduma egitea erabiltzaile askoren helburu soila da, norbait ezagutu edo sexua izatetik harantzago.

Zygmunt Baumanek deskribatutako maitasun likidoak gaur egun sortzen eta mantentzen ditugun erlazio motak hobeto ulertzeko balio digu: haien jatorria eta bilakaera. Nahiz eta orain teknologiaren bidez bikoteak aurkitu, maitasun likidoaren kontzeptuak ulertaraz diezaguke ezerk ezin duela urteetan zehar garatzen den konexio emozional bat ordezkatu.

Bikotea aurkitzea edo adiskidetasun harremanak sortzea ez da merkatura sagarrak erostera joatea. •

saioaaginako@gmail.com