Gorka Zozaia
Kimikaria

Argazkien kimika III: Finkatzea

Laborategian argazkiak errebelatzean nola, hala amaitzen da argazkigintza analogikoaren gaineko serie labur hau; finkatzearekin. Errebelatzean esan dut, baina zehatza izanik, lehen urratsa soilik da errebelatzea, aurrez argiaz kitzikatua izan den pelikula edo paperetik irudia “errebelatu” edo ateratzea, hain zuzen ere. Errebelatzeko bainuan, zilar bromuroa erreduzitu eta belztu egiten da aurrez argiak jo duen puntu horien inguruan, eta prozesu hori garaiz gelditu egin behar da, irudia gehiegi belztu edo argazkia belatu aurretik. Gelditzeko bainua da, beraz, bigarren funtsezko urratsa, errebelatzeak behar duen ingurune basikoa azidotuz lortzen dena. Azkenik, finkatzeko bainuan, argiarekin erreakzionatu ez duten zilar bromuro kristalak pelikula edo paperetik erauziko dira, berriz argitara ekartzean erreakzionatu ez dezaten, edo bestela esanda, argazkia behin betiko finkatuta gelditu dadin.

Aurreko artikuluaren amaieran utzitako hari muturretik tiraka, John Herschel kimikari eta astronomo ingelesa izan zen zilarra oinarri duten argazkiak finkatzeko prozeduraren asmatzailea, gure egunetara heldu den sodio tiosulfitoaren erabilera proposatu zuelarik. Serie honetan baina, eskura ditugun substantzia kimikoekin argazkiak egiteko gonbita izan da ardatz eta gaurkoan ere, aipatu errebelatze prozesua gauzatzeko bainuak etxean nola prestatu azaltzera nator.

Errebelatzeko bainuaren alternatiba merke eta ez hain kutsakorra dugu kaffenol deritzana. Sarean errezeta ezberdinak topa daitezke, hemen eskainiko dudana baino hobeak ziur. Nik ur litro erdian 8 koilaratxo kafe disolbagarri (kafeinaduna eta merkeena), koilaratxo bat C bitamina eta 5 koilaratxo bikarbonato nahastuz lortu dut errebelatzeko bainua. Kafea da errebelatzaile sendoa, C bitamina ahula, eta bikarbonatoa (hobe sodio karbonatoa) ingurune basikoa emango duena. Ohikoa baino denbora dexente gehiago beharko da irudia errebelatzeko, 20 bat minutu, eta jarraian ozpina uretan disolbatuz lorturiko bainu azidoan geldituko dugu prozesua. Azkenik, finkatzeko bainu alternatiboa ere prestatzen ahal dugu etxean, iodatu gabeko gatzez asetako ur disoluzioa (taza erdi gatz litro erdi uretan) oinarri duena. Egun osokoa izan daitekeen bainua arintzeko lixiba mililitro bat gehi dezakegu, 8 bat ordutan argazkia finkatzea lortuz.

Esan bezala, pelikula edo papera errebelatzeko balio duen prozesua da hau. Irudira ekarri dudan argazkiaren pelikula ohiko kimikoekin errebelatu nuen, baina paperera positibatu dudanean, aipatu kimiko alternatiboak erabili ditut. Kafeak halako sepia kolore bat ematen dio paperari, eta ikusteko daukat irudiak luze iraungo ote duen finkaturik.

Gauza ziurra dena da, mugikorrean pilatzen zaizkidan ehunka argazkiak baino gehiagotan ikusiko dudala argazki hau. Paretan jarrita, etxeko paisaiaren parte, Bardeara egindako bidaia oroitaraziko dit ikusten dudan bakoitzean, edo beste barik, politagoa egingo du pareta zuria. Pantailen mundu digitalak argazkigintzari ekarpen handia egin dionik ezin ukatu, baina ez dezala argiaren eta materiaren arteko jolas zoragarri hau fagozitatu! •