Maitena Usabiaga
Sexologoa, psikologoa eta Zesua zentroko arduraduna

Askatasuna eta gorrotoa

Azkenaldian irratia piztea ausardiaz beteriko ekintza bihurtu da, entzun nahi duenarentzat behintzat. Erasoak edonon, erailketak, gorrotoa, beldurra, aldarrikapenak, askatasun oihuak, haserrea... Egunero entzuten ditugu halakoak, ez gaur egun gertatzen diren berriak direlako (aspalditik gertatzen dira), baizik eta orain ahotsa ematen zaielako. Baina beste mila gauzatan bezalaxe ez da zer esaten den, nola esaten den baizik, eta bereziki deigarria egiten zait askatasunaren izenean hainbat diskurtsok gugan duten indarra.

Iritzi eta ekintza desberdinak burutzeko orduan, adierazpen askatasunean babesten dira asko, eta horri buruz hitz egin nahi nuke. Gaur egun modan dagoen harremanari buruz, gorrotoaren eta askatasunaren artekoaz. Gorroto diskurtsoak apaintzeko, estaltzeko, estrategia izan da askatasunaren izenean hitz egitea; eskubide eta askatasun osoa dut emakumeak gutxiago direla pentsatzeko, homosexuala izatea anormala dela esateko, lumadunak jipoitzeko, bikotekideak gustatzen ez zaidan zerbait egiten duenean zigortzeko... Nire egiaren desberdina den hori akabatzeko askatasuna. Ezaguna zaizue?

Esanahiz beteriko kontzeptuak dira, konplexuak, eta orain edozeinen ahotan entzuten ditugu inongo ardura eta ondoriorik gabe. Askatasunaz hitz egiterakoan, arduraz hitz egin beharko genuke, bestela ez da askatasuna, oihanaren legea baizik. Beste norbaiten identitatea, desirak, maitatzeko moduak, gorputza... komentatzean, ez gara askatasunaz ari, epaiaz baizik eta askotan, gorrotoaz. Botereak gauzak ez aldatzeko erabiltzen duen estrategia da hau, eredu zaharren eraginkortasuna goraipatzen dute: «Ez dago zer aldatu, dena ondo doa. Kontuz, aldatzeko esaten duten horiekin. Gure pribilegioak kenduko dizkigute, eta hori onartezina da».

Gorrotatzeko askatasunaz ari gara. Batzuek halako diskurtsoak ematean erakusten dute eta besteek kontakizun horiei lekua uzten. Adierazpen askatasuna erasotakoen hitza bermatzeko erreminta da, kritikoak izateko espazioa, normalitatetik at geratzen diren diskurtsoen lekua defendatzeko lekua eta ez boterearen gorrotoa bermatzeko tresna. Botereak ez du eskubide hau behar, dagoen lekuan egoteagatik badauka eta kito. Boterea kontuan hartzea ezinbestekoa da askatasunaz hitz egiteko orduan eta zoritxarrez, desoreka handia dago oraindik izate desberdinen artean.

Gure iritziek, ekintzek, jarrerek... eragina dute besteengan; batzuenek besteenek baino gehiago, ezin zaigu ahaztu. Desberdintasuna «zertarako?» galderari emandako erantzunak izan daitezke; zertarako askatasuna? Zertarako nahi du eskuindarrak askatasuna? Desberdintasunak akabatzeko, modu bakarra inposatzeko, ezer ez aldatzeko. Zertarako nahi dute askatasuna disidenteek? Diren bezala adierazteko, aniztasuna zaintzeko, botere hegemonikoari amaiera emateko... Oso desberdinak dira erantzunak, ezta? Interesgarria litzateke geure buruari galdera hau egitea halako hitzez ahoa betetzen dugunean, batez ere gure harremanetan. Eta zuk, zertarako nahi duzu askatasuna? •