Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

Herritik herrirantz, Castillo Peruko presidentea da jada

Janire COSTA | AFP
Janire COSTA | AFP

«Ez dut Pizarro jauregitik aginduko, kolonialismoaren sinboloekin hautsi beharra dugulako. Horregatik, eraikin honetan Kulturen Ministerio berria egongo da; gure herrien historiaren museo gisa erabiltzeko. Hezkuntza eta pobreziaren kontrako borroka nire gobernuaren lehentasuna izango da», adierazi zuen presidente banda jarri ziotenean. Kargua «Peruko herri guztien izenean, indigenen, nekazarien, gazteen, profesionalen izenean» zin egin zuen asteazkenean. Ez da erraza izan une horretara iristea. Keiko Fujimorik hauteskundeen bigarren itzuliko botoen zenbaketan iruzurra egon zela salatu zuen, nahiz eta justiziak berak kontrakoa esan. Jada nahasita zegoen giro politikoa gehiago nahastea eta Castilloren izendapena hilabete eta erdiz luzatzea lortu zuen. Ogibidez maisua den presidenteak gobernatzeko modu berri baten alde egin zuen. Bere helburua, neoliberalismoari mesede egiten dion egungo Konstituzioa aldatzea da; bidean, baina, aurkari asko ditu.