Amaia Nausia Pimoulier

Histeria

XVI. mendeko tratatu idazleen arabera, ugalketaren haziaren metatzeak gaixotu egiten zituen emakumezkoak eta gizonezkoak, erotu. Gizonezkoen kasuan, harreman sexualak izateko nahia eta beharra joera biologiko, natural eta ulergarritzat hartzen zen. Emakumeen kasuan, berriz, arazo moralak sartzen ziren jokoan eta, ondorioz, emakume ezkongabeei ematen zitzaien aholkua kastitatearen praktika zorrotza izaten zen. Azken finean, errazagoa da inoiz frogatu ez den zerbaiten desirak kontrolatzea. Ezkontzean, emakumeen sexualitatea onartzen bazen, ugaltze eta ezkontzaren funtzionamendu egokiaren mesedetan egiten zen.

Oso bestelako kasua zen alargunena, hauei histerikoak izatea leporatzen zitzaien. XVI. mendean, Espinosa bezalako tratatu idazleek, alargunen gaixotasun mentala, histeria, izandako esperientzia sexualetik zetorrela azaltzen zuten: «Erresumaren pribazioak, jada errege izan zirenei errege bihurtzeko gutizia emateaz gain, are gehiago, min handia ematen die». Beste batzuek, ordea, argudio medikoak erabiltzen zituzten alargunek kontrolatu ezin zuten desio hori azaltzeko: garaiko medikuntzaren arabera, bai gizonek eta bai emakumeek ernalketarako beharrezkoa zen hazia sortzen zuten, eta hori gorputzean metatzea gaixotasun desberdinen eragiletzat hartzen zen. Horrela, alargunek, ugaldu ezin zutenez, beren sexu irrikaren desordenak pairatzen zituzten, eta histeriaz gaixotzen ziren, umetokian sortzen zen gaitz bat izanik. Ingalaterran sineste bera zegoen, kasu honetan gaixotasuna greensickness bezala ezagutzen zen. Izan ere, aholku moralei buruzko libururik irakurrienaren egileak, Aristotle's Masterpiecek, alargun guztiek gaixotasun hau zutela aitortzen zuen.

Ordutik, emakumeoi, ez bakarrik alargunei, gizarteak onartzen ez dizkigun portaerak erakusten baditugu histerikotzat hartzen gaituzte. Zenbatetan ez dugu entzun emakume bati buruz «histerika moduan jarri zen» edo «histerika hutsa da» urduri jartzerakoan, espero baino gehiago oihukatzean edo arau patriarkalek ezarritako markotik ateratzean? Irrazionalak garela ere esan zaigu, gure pentsatzeko gaitasuna edo alde arrazionala gizonena baino txikiagoa dela esanez. Juan Luis Vivesek XVI. mendean azaltzen zuenaren arabera, horren atzean ere arrazoi biologiko bat zegoen. Emakumearen burmuina ez zegoen gizonarena bezain garatuta, amaren umetokiak bero nahikorik ez izatean eta gizonaren hazia jasotzerakoan neskatoak sortzen zirelako; berriz, umetokiak beroa bazuen hazia jasotzerakoan gizontxo bat sortzen zen. Horregatik, bero faltagatik, gure burmuina ez zegoen behar bezain osatuta, horregatik leporatzen ziguten, arrazonatzeko gaitasun falta; histeriaren joera hori biologikotzat hartzen zuten.

Histeriaren teoriak mendeetan zehar zabaldu ziren. Psikologia modernoaren aitak berak ere, Freudek, bere lan lerro nagusien artean azpimarratzen zuen. Gaur, gure artean eta Simon Bilesek hartutako erabakiaren aurrean sare sozialetan gizonezko batzuk egiten dituzten komentarioak entzunda, histeriaren teoriak bizirik dirauela esanen nuke. Presioa jasaten ez duela jakin, emakumeak emozionalegiak izanda eliteko kirolaren exijentziak jasateko indar gutxiago dugula, mentalki ahulagoak garela eta bestelakoak. Bilesek ez du jokatu espero bezala eta horrek, emakume batentzat batez ere, onartezina izaten jarraitzen du. •